Euskarak badu bere tokia futbolean

Nafar Ateneoak gonbidaturik, Alaveseko, Athleticeko, Osasunako, Realeko eta Union Tuterako ordezkariek futbolaren eta euskararen arteko erlazioaz solas egin dute Nafarroako Parlamentuan.

Igor Arenaza (Athletic), Mikel Erbiti (Osasuna), Nerein Martin (Alaves), Ines Castiella (Ateneoa), Unai Hualde (parlamentuko lehendakaria), Eñaut Agirrebengoa (moderatzailea), Iñigo Gonzalez (Union Tutera) eta Ainara Muga (Reala). J. MANTEROLA / FOKU
Igor Arenaza (Athletic), Mikel Erbiti (Osasuna), Nerein Martin (Alaves), Ines Castiella (Ateneoa), Unai Hualde (parlamentuko lehendakaria), Eñaut Agirrebengoa (moderatzailea), Iñigo Gonzalez (Union Tutera) eta Ainara Muga (Reala). J. MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2025eko azaroaren 4a
21:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela hamar urte, garai hartako Eibarko entrenatzailea, Gaizka Garitano, prentsaurrekotik altxatu zen Almeriaren aurkako partida baten ostean, euskaraz hitz egiten ari zenean kazetari bat kexatzen hasi zelako. Keinu hark oihartzuna izan zuen, eta modua eman zuen hizkuntzarekiko errespetua erdigunean jartzeko. Hamar urte pasatu dira ordutik, eta gizonezkoen Espainiako lehen mailan aritzen diren lau euskal taldeek nabarmendu dute euskararen kontrako jarrera guztiz ezohikoa dela. Nafar Ateneoak gonbidatuta, Alaveseko, Athleticeko, Osasunako, Realeko eta Union Tuterako ordezkariek hizpide izan dute euskararen arloan egiten duten lana, eta agerian geratu da euskarak baduela tokia futbolean.

Hitzaldia gaur arratsaldean izan da, Nafarroako Parlamentuan, eta partidako sakea Unai Hualdek eta Ines Castiella Nafar Ateneoko euskarako eledunak eman dute. Duela urte batzuk Jagoba efektuak Osasunari eta euskarari eragindako inpaktuak interesaturik, futbolaren eta euskararen arteko harreman horretan sakondu nahi izan du Ateneoak, eta horretarako gonbidatu ditu bost taldeetako ordezkariak: Ainara Muga Realaren fundazioko proiektuen arduraduna, Nerein Martin Alaves Genuineko entrenatzailea, Igor Arenaza Athletic fundazioko kidea, Mikel Erbiti Osasunako komunikazio taldeko kidea eta Iñigo Gonzalez Union Tuterako jokalaria. Eñaut Agirrebengoa kazetariak egin ditu arbitro lanak.

Lehen lerroan, hainbat talde parlamentariotako ordezkariak zeuden. Tartean, EH Bilduko Eneka Maiz, UPNko Javier Trigo, Zurekin Nafarroako Carlos Guzman eta Geroa Baiko Itxaso Soto.

Osasunak, estatutu aldaketa

Agirrebengoak Erbitiri gogorarazi dio etxean jokatzen ari zela, «ia-ia Sadarren bezala». Behin hitza hartuta, Erbitik azpimarratu du Osasuna dela euskarazko izena duen euskal talde bakarra, baina izana gaztelerazkoa izan duela urte luzez, harik eta duela zortzi urte estatutuak aldatu eta euskara hizkuntza ofizial bilakatu zen arte. «Lehen mailako taldeak bozgorailu bat gara, eta ikusgaitasun handia dugu. Ardura handia dugu, jende asko baitugu begira. Euskararen arloan bultzada handi bat ematen badugu, baliteke horrek jende asko animatzea, baita instituzioak eta enpresak ere», esan du, eta zera gaineratu: «Zein da erronkarik handiena? Euskaldun ez direnek ere pentsamoldea aldatzea».

Nahiz eta uste duen Nafarroan euskarak presentzia txikiagoa duela Bizkaian edo Gipuzkoan baino, Erbitik garrantzitsutzat jo du euskara harrobiko jokalariekin uztartzea. «Harrobiko zenbat eta jokalari gehiago izan, orduan eta euskaldun gehiago» izango baitira lehen taldean. Klubari begira, adierazi du normalizazioa ez dela egun batetik bestera gauzatuko, eta gogora ekarri urrats handiak egin daitezkeela bulegoetan eta komunikazioan euskaldunak jarrita. Alde horretatik, «pagotxa» izan zen garai batean Oier Sanjurjo kapitain eta Jagoba Arrasate entrenatzaile izatea. Bestalde, nabarmendu du Ruben Garcia jokalariak, kanpotik iritsi, eta grina izan duela bertako kultura ulertzeko. 

Igor Arenazaren hitzetan, funtsezkoa da futbolean euskal erreferenteak izatea: Oiartzabal, Arrasate, Sanjurjo... Athleticen gizonezkoen taldeari begiratuta, adierazi du funtzio hori bete zutela Mikel San Josek eta Aritz Adurizek, besteak beste. Hala, Arenazak azpimarratu du elkarlanean aritu behar dela hala gizonezkoen nola emakumezkoen taldeetan halako figurak sor daitezen. «Aukera eman behar zaie huts egiteko. Euskararekin nahiko zorrotzak gara, eta ez dugu ezer barkatzen. Erreferentziak sortu behar ditugu, eta lagundu egin behar diegu». Arenazak zehaztu du zein den arazoa: «Egia da euskara erabiltzeko beldurra dagoela. Askok badakite euskaraz, baina prentsaurrekoetan ia berak agertzen dira beti. Nukleoa handitu behar dugu». 

Autokritika ere egin du,  iaz Espainiako Kopako ospakizunean gertatutakoaren harira. Asier Villalibrek euskararen alde egin bazuen ere, ospakizunaren %98 gazteleraz izan zen, Arenazaren arabera: «Asier Villalibrek lagundu du bide horretan, baina ezin dugu bakarrik utzi. Ez genuen asmatu ospatzen hizkuntzaren Ikuspegitik, baina ezta berdintasunaren edo harrobiaren ikuspegitik ere». Horri loturik, azpimarratu du euskal taldeen arteko harremana oso ona dela euskararen arloan.

Reala, aitzindari

Reala da horren arlo horretan egindako lanaren eredu. Aitzindari izan ze, 2012an ekin baitzion euskara lantzeari, eta lan hori ispilu izan du Athleticek berak. Ordutik, gestio plan bat egiten dute urtero Zubietan, eta euskara batzorde bat ere badago, ziurtatzeko euskararen inguruko erabakiak klub barruko atal guztietara iristen direla. Hala, entrenatzaileak hautatzeko orduan, besteak beste, ez da soilik kontuan hartzen titulua izatea, baizik eta baita euskaraz jakitea ere.

Horrek izan du eragina, Mugaren hitzetan. «Futbolean gertatzen dena gizartearen isla da. Neurketak egiten ditugu euskararen bueltan, klub barruko erabileraren inguruan. Esan behar dut hiriko erabilera portzentajea halako bi dela». Iruditzen zaio Realean euskara gehiago erabiltzen dela, batez ere emakumeen artean, «kultur transmititzaile ere» badira eta. 

Alaves Genuine taldeko hautatzaile da Nerein Martin. «Taldeko kideek adimen urritasuna dute, eta inklusioa lortzeko eta futbolean jokatzeko aritzen dira. Ez dute entrenamendua soilik jasotzen. Zerbait gehiago da. Ez nuen uste, baina azken hiru-lau urteetan jokalari euskaldun bat sartu da, eta horrek sekulako eragina izan du. Taldekideen parte da euskara». 

Erriberatik, haize freskoa

Union Tuterakoen parte ere bada. Ez da talde profesionala, baina, duela lau urte sortutako Erriberako klub honentzat, ezinbesteko balioak dira antirrazismoa, antifaxismoa eta euskara. Iñigo Gonzalez Union Tuterako jokalaria da, eta, haren esanetan, euskararen aldeko jarrera ez da keinu huts bat. Haien izaeraren parte da. Euskarak presentzia handia du sare sozialetako mezuetan, karteletan eta talde barruan. «AEKrekin egon gara elkarlanean, eta lehen urteetan klaseak izan dira ez dakitenentzat. Jokalari batzuk izena eman zuten, eta hilabetean behin klaseak egiten dugu guztiontzat. Oinarrizko mailakoak dira, baina modua ematen du taldea sendotzeko, baita gure artean barre egiteko ere».

Kanpora joaten direnetan mezu negatiboak egoten badira ere, oro har alde baikorra nabarmenagoa dela azpimarratu du Gonzalezek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.