Arrauna. Iker Zabala. Urdaibaiko entrenatzailea

«Ez dut ikusten nola hobetu daitekeen aurtengo denboraldia»

Iker Zabala oso harro dago Urdaibaik egin duen denboraldiaz. Harrobiaren inguruko auziaz, berriz, esan du «hausnarketa sakona» egin behar dela. Gazteak erakarri behar direla azpimarratu du.

Iker Zabala, Eusko Label ligako koroa altxatzen. AITOR ARRIZABALAGA / EUSKO LABEL LIGA.
pettan uralde
2023ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Hamar bandera, Eusko Label ligako koroa eta Kontxako Bandera. Ezin zaio gehiago eskatu talde bati. Ez da harritzekoa Iker Zabala (Bermeo, Bizkaia, 1979) Urdaibaiko entrenatzailea erabat gogobeteta egotea. Haren gidaritzapean, bikain aritu da Bou Bizkaia.

Euskadiko Txapelketa irabazten hasi zenuten denboraldia, baina Zierbenako estropadara arte ez zenuten eskuratu lehen bandera Eusko Label ligan, hirugarren jardunaldian. Zalantzak izan zenituzten denboraldi hasiera horretan?

Gure aldetik ez ziren zalantzak egon. Coruñako estropadan [Galizia], aurkari zuzenak beste txanda batean zeuden, eta eguraldi aldaketagatik izan genuen emaitza kaskarra. Agian, kanpoko batzuek izango zituzten zalantzak, baina guk ez, eta segituan frogatu genuen zein zen gure maila. Lehen bandera altxatu genuenetik oso estropada onak egin genituen, nagusitasun handiz irabaziz. Bikain aritu gara, eta bandera garrantzitsuenak irabazi ditugu. Gainera, klubaren historian bandera gehien irabazi duen urtea izan da; beraz, ezin dugu ezer gehiago eskatu.

Zierbenako estropada horretatik hasi eta Galiziako asteburura arte, estropada ugari irabazi zenituzten jarraian. Aldi horretan aritu zen trainerua bere onenean?

Bai. Nahiko konstante aritu gara uda osoan, Kontxako Banderara iritsi baino pare bat astera arte. Gero, erdi ezkutuan aritu ginen, Kontxarako arnasa apur bat hartzeko, eta, horregatik, Moaña eta Boiroko estropadetan beherakada txikia izan genuen. Azeleragailua sakatu behar genuen, eta indarrak behar genituen horretarako. Hala ere, esango nuke uda osoan nahiko erregular izan garela.

Kostatu zaio taldeari erregulartasunari eustea?

Kirol honetan oso zaila da irabaztea. Hau ez da futbolean bezala: bi talde daudela, eta batek irabazi edo gutxienez berdindu dezakeela. Estropada guztietan hamabi traineru daude, eta benetan zaila da estropada asko irabaztea. Beti jotzen da faboritotzat Urdaibai, eta ematen du estropada guztiak irabazi behar ditugula. Hori ez da horrela. Hau kirol bat da, eta aurkariek talde onak dituzte, eta, gu bezala, asko entrenatzen dira. Estropada bat irabaztea erraza izan daiteke, baina hainbeste irabazteak meritu handia du. Horri lotuta, badakigu huts egin dezakegula, eta gertatzen da batzuetan. Beti ezin da hain ondo aritu, eta horrek, gainera, higadura handia eragiten du. Urteen poderioz, Urdaibaik frogatu du puntan egoteko ahalmena duela.

Zer nabarmenduko zenuke aurtengo taldeaz?

Iaztik hona taldea indartu egin da. Bigarren urtea zen, blokea mantendu dugu, eta mutilek sekulako ahalmena erakutsi dute. Azpimarratu nahiko nuke denboraldi osoan erakutsitako mentalitatea; momentu txarrenetan ere aurpegia eman dugu, eta buruz oso indartsuak izan dira.

Hobetu daiteke aurten egindako lana?

Ez dut ikusten nola hobetu daitekeen aurtengo denboraldia. Iaztik hobekuntzak egin ditugu, eta trainerua azkarrago aritu da. Baina oso zail ikusten dut datorren urtea hobetzea. Everestera joan, eta gailurrera iristen bazara, zer egin behar duzu? Bada, segituan jaitsi. Tontorrean ez dago oxigenorik. Urdaibaik tartea dauka hobetzeko? Bada, ez dut uste. Mantentzeko? Bada, agian, bai, baina oso zail ikusten dut. Orain,arnasa hartu behar dugu, taldea nola geratzen den ikusi. Gero hasiko gara hurrengo urtera begira lanean.

Ligako errendimendua Kontxarako Banderara eramatea erraza izan da zuretzat?

Aurtengo denboraldia nahiko lasai hartu dut, trainerua hasieratik oso bizkor ikusten nuelako. Mutilen arteko harremana ere oso ona izan da, eta betiko gorabeherak barne, nahiko prozesu lasaia izan da aurtengo denboraldia. Esango nuke, pertsonalki, nire denboraldia ere onena izan dela. Liga irabazteak higadura handia eragiten du, exijentzia maila oso handia da, eta argi nuen Kontxara fresko iritsi behar genuela. Oso talde gutxik lortu dute liga eta Kontxa urte berean irabaztea, eta oso ondo kudeatu ditugu esfortzu guztiak. Noski, taldea oso ona izan da, eta denon artean lan ederra egin dugu.

Kontxako Banderako aurreneko jardunaldian, hain zuzen ere, erreferentzien iskanbila gertatu zen. Bigarrengoan, ordea, erreferentziarik gabe aritzea erabaki zenuten. Zer dela eta? Zuek zineten zuen aurkari bakarrak?

Kontxako zortzi taldeetatik Urdaibaik egin du arraun egoerarik txarrenean. Lehenengo igandean bigarren txandan aritu ginen, aurkaririk gabe, haizea gorantz, eta erreferentziarik gabe. Bigarren igandean, berriz, gure aurkari zuzena lehen txandan aritu zen, eta haize gutxiagorekin. Urdaibaik egin zituen bi estropada onenak, eta zailtasunen gainetik mutilek mentalitate indartsua erakutsi zuten.

Nabaritu duzu denek zuen aurka egin izana edo denek nahi izatea zuek huts egitea? Nola bizi duzue hori?

Urdaibai betidanik izan da zelatatu duten talde bat, eta aurkariak betidanik izan ditugu. Erreferentzien kontu horrekin ez dakit zer gertatu zen; batek daki, baina momentu garrantzitsuenean gure kalterako zen akats bat gertatu zen. Estropada hasi aurretik norbaitek esan izan baligu GPSko daturik ez zegoela, bada ulertuko nukeen akats hori. Baina ez zigun inork ezer esan estropada amaitu, eta denbora pasatu arte. Seguruenik, akats informatiko bat izango zen, baina ez da lehenengo aldia egoera arraro batean gaudela. Ez gara inoiz maitatuak izan, eta berriz ere gauzak gertatu dira gure inguruan. Bakoitzak ikusiko du non huts egiten duen. Guk huts egiten dugunean, segituan ditugu zigorrak, baina epaileak, antolaketak edo ligak huts egiten dutenean, ez dago inongo ondoriorik. Min egiten ditu horrek.

Fitxaketen kontuarekin ere, jende dezente duzue kontra. Kostatzen zaizue hori ulertzea?

Guk ondo daramagu. Kontu honek urte asko daramatza bolo-bolo, baina beste taldeak ere ikusi behar dira. Urdaibaik horrelako aldearekin irabazten badu, denak hasten dira guri ospea eta meritua kentzeko kanpaina egiten. Adibide moduan, 2015ean Hondarribiak TKE liga irabazi zuen bandera eta puntu errekorra eginez. Orduan inork ez zuen esan Urdaibaik fitxaketak egiten zituenik edo harrobiko arraunlariak ez zituenik. Orain, ordea, Kontxako Bandera pasatuta, kanpaina moduko bat hasi dute batzuek, bideo batekin. Filosofia bera dugu orain eta duela hamar urte. Ulertzen dut: ez duzu irabazten eta azalpenak eman nahi dituzu. Baina eztabaida hau zaharra da, eta gustatuko litzaidake klub guztiek jakinaraztea zenbat diru gastatzen duten beren taldeetan, eta ikusiko genuke ez daudela horrenbesteko aldeak. Baina hori ez da inoiz gertatuko. Errazena da esatea Urdaibaik selekzio bat duela, eta erraz irabazten duela arraunlari onenak ditugulako. Baina beste taldeetan fitxaketak badaude, dirua ere badago, eta ez dute irabazten. Errespetu osoz diot: bakoitzak bere filosofia erabakitzen du, baina nik errespetatzea nahi dut. TKE ligako arauak betetzen ditugu, eta horrekin ahalegintzen gara ahalik eta talde indartsuena egiten. Diruaren kontua, fitxaketen kontua, mertzenario hitza... Beste taldeetan ere dirua mugitzen da, eta harrobiko klub batzuk ere hasi dira heziketa eskubideak ordaintzen. Hori bai dela beste klub batzuk ahultzea, eta hori guk ez dugu egiten.

Bideo hori aipatu duzu, sare sozialetan zabaldu dena. Harrobiaz eta harrobiaz eskatzen ari diren horren inguruan zein iritzi duzu?

Uste dut ordua dela eztabaida sakon bat egiteko. Kupoak handitzea, adibidez, kontrako neurria izango litzateke. Klubak ahuldu egingo dira, eta ez Urdaibai bakarrik, klub txikiak ere bai. Jende gaztea sartu behar da traineruetara, eta horretarako formula bat lortu behar dugu. Zergatik ez dugu sartzen 23 urtez azpiko gutxieneko arraunlari kopuru bat? Horrelako berritasunek zentzua dute; ez, ordea, 40 urteko harrobikoak sartzea. Geroz eta arraunlari gutxiago daude, eta kolpe handia izan daiteke hainbat klubentzat kupoen auzia. Baina interes batzuk daude. Hau liga pribatu bat da, eta, gehiengo bat baldin badago, arauak alda daitezke. Traineruen batez besteko adina murriztu behar da. Epe motzerako diren neurriak klub batzuen interesentzako bakarrik dira.

Duela aste batzuk klubeko instalazioen inguruan duzuen kezka plazaratu zuen presidenteak. Nola da posible horrelako klub arrakastatsu batek horrelako egoera kaskarrean edukitzea bere instalazioak?

Instalazioak zaharkituta daude, baina guretzat okerrena da sarbide arrapala bat ez izatea. Trainerua hartu, eta egunero bi kilometrora joan behar dugu uretara ateratzeko. Esaten dute Urdaibai diru asko duen kluba dela, sekulako fitxaketak egiten dituena, baina jendea gonbidatzen dut gure klubera etortzera, eta ikusteko zein egoeratan egiten dugun lan. Egoera oso prekarioa da. Bermeoko Udalak esan du klub berri bat egingo dutela, baina 25 urte daramatzat kanta bera entzuten, eta hemen ez du inork ezer egiten. Instalazio berriak egingo direla esaten badigute, zergatik egingo dugu gastua klubetik? Hauxe da egin beharrekoa: zezenari adarretatik heldu, eta behingoz erabaki klub berria egingo den edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.