Sanferminetako feria bukatu ondoren, gaur abiatuko da udako torneorik garrantzitsuena: Binakako Mastersa. Bi hilabete eta erdiko lehian murgilduko dira pilotariak, eta bertan parte hartzekoa da Javi Zabala (Najera, Espainia, 1997). Hasiera batean, eta iazko txapelduna izan arren, partaideen artean tokirik ez zion egin Aspe enpresak, baina Dario Gomezen lesioak bide eman dio txapelketan parte hartzera. Dena den, lehen jardunaldian ez da jardungo, eskuetako arazoak dituelako. Hala, Peio Etxeberria ariko da Martxel Iztuetarekin, Jokin Altunaren eta Ander Imazen aurka, gaur, Vianan (Nafarroa). Bigarren jardunaldirako «sasoi betean» izango da errioxarra.
Lehenik eta behin, zergatik ez duzu jokatuko lehen jardunaldian?
Ezker eskuan arazoak ditudalako. Azken orduan hartutako erabakia izan da, eta izugarri kosta zait enpresari jakinaraztea ez naizela ariko. Baina, hotzean pentsatuta, hobe dut astebeteko atsedena hartu. Gasteizko ferian ere ariko naiz, eta horrek esan nahi du partida mordoa izango dudala aurrerantzean. Horregatik, nahiago dut eskuak ongi errekuperatu eta udarari sasoi betean aurre egin. Datorren asteburuan jokatzeko moduan izango naiz, ziur. Gainera, pilotari moduan ez naiz ezer ezker eskurik gabe. Nire arma nagusia da, eta atseden eman behar diot.
Mastersetik kanpo utzi zintuen Aspek hasiera batean. Min eman al zizun erabakiak?
Bai, min handia. Joan den urtean txapeldun izan nintzen Jon Mariezkurrena lagun nuela, eta uste nuen tokia izango nuela txapelketan. Badakit lehiakortasun handia daukagula enpresako aurrelarien artean, baina iaz txapela janzteak pentsatzen nuen bermatuko zidala tokia. Ez zen hala izan, eta, erabakia onartu arren, kolpea izan zen niretzat. Orain Darioren lesioak bide eman dit torneoa jokatzeko, eta pozik nago. Hori bai, ez naiz pozten Darioren lesioagatik.
Zer moduz dago Dario? Izan al duzu harekin hitz egiteko aukerarik?
Bai, noski, eta oso animatuta dago. Badirudi lesioa ez dela hasieran zirudien bezain larria, eta hori berri pozgarria da. Buruz buruko finalaren harira erakutsi zuen zer-nolako pertsona jantzia den buruz, eta orain ere baikor heldu dio lesioari. Inork baino hobeto ezagutzen du bere gorputza, eta ziur azkar batean bikain errekuperatuko dela. Urte guztian elastiko gorriarekin jokatzeko eskubidea merezita irabazi du, eta, itzultzen denean, eskuzabal hartuko dugu haren presentzia.
Bazirudien Errioxako pilotaren lehortea zuk zeuk amai zenezakeela, baina Dario azaldu zen, ezustean.
Egia da azken urtean txapela lortzetik nahiko gertu ibiltzea egokitu zaidala, baina azken urrats hori falta izan zait. Lau eta erdian finala galdu nuen Peio Etxeberriaren kontra, eta binaka eta buruz buru lan duina egin arren, ez naiz finalean sartu. Dena den, azken urtearen balorazioa oso ona da. Uste dut aurrerapauso handia eman dudala eta iaz baino askoz pilotari hobea naizela orain. Txapela janztea falta zait, eta eredurik onena Dario da. Hark erakutsi digu inoiz ez dela berandu, eta saiatuz gero eta lanean jarraituz gero helburuak lor daitezkeela. Errioxako pilotarentzat sekulako lorpena izan da Darioren txapela.
Itsutzen al zaitu txapela lortzeak?
Batere ez. Txapeldun izatea beti da ikaragarri zaila. Aipatu dudan bezala, lehen baino pilotari hobea naiz orain. Burutsuago jokatzen dut, erregularragoa naiz, langileagoa, eta tantoak amaitzen ere gero eta hobeto moldatzen naiz. Gogor entrenatzea besterik ez daukat buruan, eta emaitzak etorriko dira. Kontzientzia garbi edukitzea da gakoa. Ederra litzateke txapel bat janztea, eta, nahigabe ere, beti amesten da horrekin. Baina ez naiz horri begira bizi.
«Lehiakortasun handia dugu enpresan, sei aurrelari baikaude lau postu betetzeko. Beti geratuko da norbait kanpoan, baina ezin dugu horri begira bizi»
Gutxienez, zure maila hobetzen jarraitzeko aukera emango dizu Mastersa jokatzeak.
Dudarik gabe. Azken urtean egindako gorakadaren abiapuntua iazko Mastersa izan zen. Aukera eman zidan onenen artean astero partida bat jokatzeko eta erritmo horretara egokitzeko. Horregatik, aurtengo edizioan nire izena partaideen artean ez egotea kolpe latza izan zen. Nire gorakadari eten moduko bat jartzeko arriskua zegoen. Orain, aukera izango dut berriz onenekin jokatzeko, eta horrek asebete egiten nau.
Inoiz osatu al duzu bikotea Iztuetarekin?
Ez, eta sekulako ilusioa daukat berarekin jokatzeko. Gaztea izanagatik, ikusi besterik ez dago zer-nolako maila daukan. Sanfermin torneoan pilotaririk onena izendatu dute, eta horrek dena adierazten du. Iruditzen zait profesional mailako hiru atzelari onenen artean dagoela, Jose Javier Zabaleta eta Mariezkurrenarekin batera. Bikote serioa osatu dezakegu biok, edonori irabazteko gaitasuna izango baitugu. Ea urrun ailegatzen garen.
Eta, aurrera begira, beldurtzen al zaitu Binakako Txapelketa Nagusia ez jokatzeak?
Lehiakortasun handia dugu enpresan, sei aurrelari baikaude lau postu betetzeko. Beti geratuko da norbait kanpoan, baina ezin dugu horri begira bizi. Nik dakidana da maila badudala onenekin lehiatzeko, eta nire esku dagoen guztia egingo dudala hori lortzeko. Hortik aurrerakoak ez dira egongo nire esku. Txapelketa hori urruti dago, eta baditugu aurreragoko lanak.