Txirrindularitza

Gaur hasiko da Espainiako Vuelta, eta Pogacar da faborito nagusia itzulia irabazteko

Esloveniarrak bederatzigarren txirrindularia izan nahi du hiru itzuli handiak irabazten. Erlojupeko bat jokatuko dute lehen etapan, Monakon. Gero, saio gogor askori egin beharko diete aurre.

Tadej Pogacar Espainiako Vueltako aurkezpenean, herenegun, Monakon. JAVIER LIZON / EFE
Tadej Pogacar Espainiako Vueltako aurkezpenean, herenegun, Monakon. JAVIER LIZON / EFE
2026ko abuztuaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur hasiko da Espainiako Vuelta, Monakon, eta faborito garbi bat dago itzulia irabazteko: Tadej Pogacar (UAE). Esloveniarrak hiru itzuli handiak irabazteko aukera du, eta bederatzigarren txirrindularia izango litzateke hori lortzen.

Pogacar baino koska bat beherago dauden hainbat txirrindulari ere lehiatuko dira sailkapen nagusian: Primoz Roglicek (Red Bull), Felix Gallek (Decathlon), Richard Carapazek (Education First), Joao Almeidak (UAE), Sepp Kussek (Visma), Enric Masek (Movistar), Tobias Halland Johannessenek (Uno-X) eta Mattias Skjelmosek (Trek), besteak beste. Horiez gain, Wout van Aert (Visma) eta Mads Pedersen (Trek) ere aipatu behar dira, ikuskizun handia ematen duten bi txirrindulari baitira.

9,4 kilometroko banakako erlojupeko bat jokatuko dute lehen etapan. Gero, ordea, oso ibilbide gogorra izango du Vueltak, eta horregatik ia ez da esprinterrik ariko. Lehen astean jada goi mailako mendateak igo beharko dituzte txirrindulariek, eta hasieratik sailkapen nagusirako lehiatuko direnen artean aldeak egotea espero da. Ihesaldietan ondo moldatzen diren txirrindulariek aukera asko izan ditzakete ekitaldi honetan. 18. etapan beste erlojupeko bat egin beharko dute, 32 kilometrokoa; eta ondorengo etapetan sailkapen nagusia erabakiko da.

Zortzi euskal txirrindulari

Euskal txirrindularitzari dagokionez, iaz hiru euskal ziklista baino ez ziren atera, baina aurten igo egin da kopurua, zortziraino: Pello Bilbao (Bahrain), Mikel Landa (Soudal), Markel Beloki (Education First), Xabier Mikel Azparren (Q36.5), Urko Berrade, Iñigo Elosegi, Ibon Ruiz eta Diego Uriarte (Kern Pharma) ariko dira. Bilbao etapen ehizan arituko da, sailkapen nagusia alde batera utzi gabe. Landa, berriz, min hartuta ibili da, eta lasterketak zehaztuko du zein helburu dituen. Beloki, berriz, mendiko etapetan Carapazen laguntzaile garrantzitsuenetako bat izatea espero da. Azparrenek eta Kern Pharmako txirrindulariek ihesaldiak baliatu nahiko dituzte garaipenen bat lortzeko.

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA