Bahrain taldeko txirrindularia

Pello Bilbao: «Euskaltelen bukatzea izan da erretiroa ez hartzeko eduki dudan tentaziorik handiena»

Pello Bilbaok erretiroa hartuko du denboraldi amaieran. Etxean gehiago egoteko gogoak lagundu egin dio erabakia hartzen. Espainiako Vueltan garaipen bat lortuta amaitu nahi du bere kirol ibilbidea.

Pello Bilbao Donostiako Klasikoko aurkezpenean. SPRINT CYCLING
Pello Bilbao Donostiako Klasikoko aurkezpenean. SPRINT CYCLING
2026ko abuztuaren 22a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken denboraldia du tropelean Pello Bilbaok (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1990). Gaur, bere azken itzuli handiari ekingo dio: Espainiako Vueltari. Tourrean eta Giroan etapak irabazi ditu, baina Vueltan ez, eta horretan ere garaipen bat lortu nahi du. «Sailkapen nagusian baino gehiago egongo gara zentratuta etapen lehian», azaldu du. Tourra egitekoa zen, baino gaixotu egin zen. «Pena hori geratu zait, gauza ederra izango baitzen azken urtean azken aldiz Parisera iristea».

Denboraldiaren amaieran erretiroa hartuko duzu. Erabaki egokia hartu duzula uste duzu?

Bai. Ez daukat dudarik erabaki ona izan dela. Azkenean urte asko dira, eta ikusten dut zaila dela goi mailan eta gure kirolak dituen eskakizunekin erritmo horretan jarraitzea. Niretzat bizitza txirrindularitza baino gehiago da, eta argi eduki dut txirrindularitzan aritu naizenean bete-betean aritu nahi izan dudala, eta gaur egun gero eta zailagoa egiten zait bizi estilo horri eustea. Jada gogoa dut etxean pixka bat gehiago egoteko, umeekin. Uste dut umeek asko eskertuko dutela aita ondoan izatea. Niretzat oso garrantzitsua da hori. Izan ere, urte askotan ibili naiz txirrindularitzan buru-belarri, eta jada sentitzen dut etapa hori amaitzeko garaia dela. 

Saiatu al da norbait zure iritzia aldarazten?

Bai. Aurten ere, nahiz eta garaipenik ez dudan eskuratu, postu onak lortu ditut. Akaso ez nago duela bizpahiru bezain sasoiko, baina oso lehiakor aritzeko eta edozein talderi asko emateko moduan nago; horretan ez dut dudarik. Azkenean langile rola hartuz gero, gaur egun puntuak lortzeko dagoen behar horretan ere segur aski nire alea jarri ahalko nuke edozein taldetan. Baina erabakia hartua dago. Izan dut tentazioa jarraitzeko, baina nik uste ondo hartutako erabakia izan dela.

Mikel Landa Euskaltel taldera joango da bere azken urteak egitera. Burutik pasatu zaizu gauza bera egitea?

Bai, pasatu zait burutik, eta erretiroa hartzean hori izan da tentaziorik handiena eta buelta gehien eman dizkiodana. Baina hau erretiratzeko garai aproposa dela iruditu zait, eta zaila egiten zait erabaki horri berriro buelta ematea.

Pozik al zaude egindako ibilbidearekin. Zerbait falta izan zaizula uste duzu?

Ez dut uste ezer falta zaidanik. Nire ustez, nire ahalmenari zukua ateratzen jakin dut, eta ez nuke esango erakutsitako mailarekin zerbait gehiago merezi nuenik. Lorpen politak izan ditut, eta niretzat berezienak diren lasterketetan garaipenak lortu ditut. Horrez gain, sekulako esperientziak bizi izan ditut, eta horixe da garrantzitsua. Beti palmaresaz jarduten gara, baina ni oso gustura nago bai lortutako gauzekin, bai taldeari eman izan diodanarekin.

Tourrean azkenekoz aritzea txirrindularitza uzteko modurik onena dela esan zenuen. Baina azken orduan gaixotu egin zinen, eta ezin izan zenuen parte hartu. Pena duzu? 

Bai. Pena hori geratu zait, gauza ederra izango baitzen azken urtean azken aldiz Parisera iristea. Baina ez da posible izan. Ez zeukan inongo zentzurik, denbora asko geldirik egon behar izan bainuen gripe batetik osatzeko. Sasoia guztiz galdu nuen, ia-ia hutsetik hasi nintzen, eta horrela ezin zara Tour batera joan. Horrek beste ate bat zabaldu dit: Vueltan aritzea. Aukera polita da, urteak baitaramatzat Vueltan parte hartu gabe, eta beste edozein egutegi egitea baino motibagarriagoa baita niretzat.

«Argi eduki dut txirrindularitzan aritu naizenean bete-betean aritu nahi izan dudala, eta gaur egun gero eta zailagoa egiten zait bizi estilo horri eustea»

Gaixorik egon eta gero, sasoiko iritsi zara Vueltara?

Beti gustatuko litzaidake hobeto ibiltzea. Donostiako Klasikoan nahiko ondo ikusi nuen neure burua, eta, arazoak arazo, nik uste ez dudala arazorik izango nire maila erakusteko momenturen batean. Lehenago edo geroago lortuko dut aurrekoekin ibiltzea, seguru.

Hiru itzuli handien artean, Vuelta da garaipenik lortu ez duzun bakarra. Lehen aldiz horretan irabaztea da helburu nagusia?

Bai, baina baita taldekideei lan horretan laguntzea ere. Izan ere, sailkapen nagusian baino gehiago egongo gara zentratuta etapen lehian. Etapa ia-ia guztietan lehiatzeko txirrindulariak ditugu taldean. Orain arte ere hori izan da gure indarguneetako bat, eta saiatuko gara Vueltan etaparen bat irabazten.

Sailkapen nagusia ere helburu izango da, edo alde batera utziko duzu?

Printzipioz ez dut alde batera utziko. Santiago Buitrago izango da gure liderra sailkapen nagusirako, baina ez dugu gure indar guztia horretan jarriko.

Donostiako Klasikoa aipatu duzu lehen. Bosgarren postuan amaitu zenuen. Gustura?

Bai, polita izan zen postu on batean bukatu ahal izatea, podiumetik hain gertu egonda eta erakutsiz azken urtean eta etxean lehiakor naizela. Nahiz eta egun horretan hankak ez neuzkan bere onenean, nire izaera erakusteko aukera izan nuen, nire lehiatzeko estiloa: beti atzetik aurrera egitea, amore eman gabe.

Podiumetik gertu geratu zinen. Pena duzu zure azken Klasikoan podiumera ez igotzeagatik?

Bai, polita izango baitzen podiumeko argazki hori gordetzea agur gisa. Baina hori baino askoz ere gutxiago espero nuen lasterketa hasi aurretik, eta pozik amaitu nuen.

«Beti gustatuko litzaidake hobeto egotea, baina lehenago edo geroago lortuko dut aurrekoekin egotea Vueltan, seguru»

Zurekin batera Ion Izagirrek ere hartuko du erretiroa. Euskal txirrindulari gazteekin pazientzia eduki behar dela uste duzu?

Bai, gurekin ere pazientzia eduki behar izan zen eta. Gu ere ez ginen hogei urterekin karrerak irabazten hasi. Daukagunarekin disfrutatu behar dugu. 

Zergatik uste duzu gero eta euskal txirrindulari gutxiago daudela World Tourrean?

Gaur egun, ez dugu talderik World Tourrean. Baina txirrindulari asko ditugu Bigarren Mailan. Azken bi urteetan hainbat ziklista erretiratu dira, urte askoan World Tourrean aritutakoak. Datorren urteari begira susmatzen dut beste bizpahiru txirrindulari World Tourrera igotzeko egongo direla. Egoera hobetuz joango da.

Gazteen artean baduzu txirrindulari kutunik?

Bai: Jon Barrenetxea. Harreman estua dut harekin, egunero harekin entrenatzen bainaiz. Igor Arrieta ere gustatzen zait, nire antz pixka bat baitu: oso ondo kudeatzen ditu lasterketaren egoerak, eta badu errematatzeko gaitasuna. Txirrindulari interesgarria da. Markel Beloki, Haimar Etxeberria, Ibon Ruiz… badago erreleboa. 

Nola ikusten duzu txirrindularitzaren bilakaera? Zertan aldatu da gehien?

Gaur egun, batez besteko maila oso handia da. Txirrindulari guztiak beti, lasterketa guztietan, gure maila onenetik oso gertu egoten gara, eta horrek asko handitzen du lehiakortasuna. Dena perfektu egin beharra dago. Lehen ez zen horrela, eta aprobetxatu zenezakeen lasterketaren bat non ziklista erreferenteak ez zeuden sasoi betean. Orain, ordea, oso zaila da aukera horiek izatea, mundu guztia baitago sasoi betean denboraldi osoan zehar; garaipenak oso garesti daude. Dena oso profesionalizatuta dago, txirrindularitza kirol zientifikoa bilakatu da, eta dena oso neurtuta dago. Horren ondorioz, gero eta gogorragoa eta exijenteagoa da ziklista bizitza egitea.

Aldaketa hau onerako izan dela uste duzu?

Ni ustez, ikuskizunerako bai, onerako izan da. Gainera, soldaten igoera horrek aukera hobeak ematen dizkio honetatik bizi nahi duen edonori. Baina egungo egunerokoa lehengoa baino pixka bat konplexuagoa da, psikologikoki gogorragoa. Kirola oso-oso exijentea bilakatu da ziklistarentzat batez ere, eta oso estresagarria ere bai askotan.

Horrek zerikusia du txirrindulariak erretiroan lehenago pentsatzen hastearekin?

Bai, ez baita erraza gaur egungo exijentziarekin urte askoan irautea goi mailan.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA