Liga fase erabakigarrian sartu da. Talde bakoitzak jada badaki zer lehiatan ariko den, eta, beraz, estropada bakoitza modu berezian bizi dute taldeek. Pasai Donibanen (Gipuzkoa) jokatuko dituzte gaur Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak (17:20, ETB1), eta bihar, berriz, Getarian arituko dira (11:25, ETB1). Gaur Arraun Lagunak-ek bandera irabaziko balu, matematikoki irabaziko luke liga. Orain arteko bandera guztiak irabazi ditu Lugañene ontziak.
Estropada eremu berezia da Pasai Donibanekoa. Emakumezkoek estropada guztia badia barruan jokatuko dute, baina ez gizonezkoek. Badian hasi eta, pixkanaka, itsasoan sartuko baitira traineruak. Jokin Iraola (Hernani, Gipuzkoa, 2002) Getariako arraunlaria da, eta «gustuko» du eremua: «Iazko estropadaren oroitzapen onak ditut. Denetik du eremu hark, eta horrek berezi egiten du. Itsasoa bizi egon daiteke». Euskotren eta Eusko Label ligetako ontziek bi luze eta ziaboga bat egin beharko dituzte, eta erlojuaren kontra egingo dute arraun. Eusko Label ligan ez da ohikoa, joan-etorrian amaituko baitute.
Bihar, berriz, Getarian lehiatuko dira. «Egunaren arabera, eremu aldakorra da», esan du Iraolak. Getariarentzat estropada berezia izango da, 50 urte bete baititu aurten klubak. Gainera, tradizioa du Getariako estropadak. Itsasoko estropada izaki, edozer gerta daiteke, arraunketaz kanpoko faktoreek ere eragina baitute. Adibidez, olatuek: «Olatu altuak badaude, alboko aldeetatik datozenak indartsuago etortzen dira. Ondorioz, estropada gogortu egiten da. Gustatzen zait lekua».
Asteburu garrantzitsua izango da, eta Iraolak lehia nola ikusten duen kontatu du: «Gainontzeko estropada guztien gisan, hau ere lehia bizikoa izango da. Orio koska bat gorago dago, eta azken asteburuan hori berretsi du. Ikustekoa izango da atzetik gauden bost taldeen arteko borroka».
«Gainontzeko estropada guztien gisan, hau ere lehia bizikoa izango da. Orio koska bat gorago dago, eta azken asteburuan hori berretsi du. Ikustekoa izango da atzetik gauden bost taldeen arteko borroka»
JOKIN IRAOLA Getariako arraunlaria
Getariako itsas eremuak baditu erreferentziazko zenbait leku. Horietako batzuek eragina izaten dute amaierako emaitzan, eta talde guztiak horri zukua ateratzen saiatzen dira. Iraolak puntu erabakigarri horiei buruz hitz egin du: «Itzulerako unean, paretik datozen olatuak hartzea funtsezkoa izango da. Errepide inguruan dauden arrokek errebote efektua sortzen dute, eta horrek ziabogara heltzeko unean eragina dauka».
Amestutako denboraldia
Eusko Label ligan laugarren postuan da Getaria. 108 puntu ditu, eta, oraintxe, hiru puntura dauzka Urdaibai hirugarrena eta Hondarribia bosgarrena. Orain artekoaren balorazio positiboa egin du Iraolak: «Bikain ari gara. Azken urteetakoa sekulakoa izaten ari da. Neguan ikusi genuen trainerua ongi zihoala, baina ligan berretsi egin dugu. Laugarren postuan eustea izango da helburua».
Gaur Pasai Donibanen jokatuko den estropadaren ostean jakingo da Getaria etxean ohorezko txandan ariko ote den. Horrek zer esan nahi lukeen kontatu du arraunlariak: «Getaria herri arraunzalea da, eta etxeko estropadan ohorezko txandan aritzea sekulakoa izango litzateke. Beste hainbat lekutan ez bezala, Getariako portuan zaleen berotasuna sentitu dezakegu oraindik, eta hori ederra da».
Bigarren denboraldia du Esperantza ontzian Iraolak. Joan den denboraldian Eusko Label ligako estropada batzuetan parte hartu zuen, baina aurten finkatu da traineruan. «Gustura» ari da taldean: «Gogoz nago, eta datozen estropadetan dena ematea da nire helburua». Joan den denboraldiko jarduna ere gogoan izan du: «Eman zizkidaten aukeretan gustura sentitu nintzen, eta ikasi egin nuen». Taldeko giroa ere azpimarratu du: «Taldekide guztiok harreman ona dugu. Jendea gogoz joaten da entrenatzera, eta hori garrantzitsua da».
Denboraldi erregularra osatzen ari da Getaria. Denboraldi hasieran bigarren txandan aritu bazen ere, berehala lortu zuen ohorezko txandan aritzea, eta hori hein batean talde lanaren ondorioz izan da. Dinamika onean ikusten du trainerua Iraolak: «Arraunketan ongi ari gara. Hutsune batzuk izan genituen, eta arraun egiteko era ere aldatu genuen. Ondorioz, kosta egin zitzaigun erritmoa hartzea. Hala ere, lortu genuen, eta emaitza onak lortu ditugu».
Ligako helburuak bete bitartean, talde guztiek beste hitzordu bat ere badute buruan: Kontxako Bandera. Hilabete eskas falta da, eta Getaria bertan izan da azken lau aldietan. Aurten ere hala izatea nahi dute: «Beste urtebetez Kontxako bi igandeetan egotea sekulakoa izango litzateke. Horretarako, baina, lanean gogor jarraitu behar dugu».