Erremontea

Gidoirik ederrenean ere ez

Sagardoaren Txapelketako eta ‘Erremontari’ saioko finala jokatuko dute bihar, Galarretan. Urrizak azken txapela irabazi nahi du erretiroa hartu aurretik. Larrañagarekin batera ariko da, Aldaberen eta Barrenetxea IV.aren aurka.

Erremontea. JON URBE / FOKU
Iban Larrañaga, Javier Urriza, Kemen Aldabe eta Endika Barrenetxea, Galarretan, finaleko pilota aukeraketan. JON URBE / FOKU
Julen Etxeberria.
2025eko ekainaren 15a
05:10
Entzun 00:00:0000:00:00

«Noiz erretiratuko nintzen esan nuen egunean nire amaieraren gidoi bat idazteko eskatu izan balidate, hauxe idatziko nuen seguru: finala jokatzea nire azken txapelketan», aitortu du Javier Urrizak. Esan, eta gertatu. Urrizak azken txapela irabaz dezake hilaren 28an erretiroa hartu aurretik. Sagardoaren Txapelketako eta Erremontari telebista saioko finala jokatuko du bihar, Galarretan, 18:00etan (22:00, ETB1). Iban Larrañagarekin batera ariko da, Petritegi sagardotegiaren izenean. Kemen Aldaberen eta Endika Barrenetxearen aurka ariko dira. Horiek Oialume Zar ordezkatuko dute.

Pozarren dago Urriza. «Finala jokatuko dut nire azken txapelketan, eta berezia da Erremontari-n izatea: txapelketa kutuna dugu. Ezin dut gehiago eskatu. Tira, bai, irabaztea; ikaragarria litzateke. Finalaren ingurukoez gozatu nahi dut, eta, ahalik eta lehiakorren aritu. Horrela bukatu nahi dut».

Larrañagak lagundu egin nahi dio ametsetako amaiera izan dezan. «Ilusio ikaragarria piztu zidan jakiteak Urrizaren azken txapelketan harekin jokatuko nuela. Baina, aldi berean, erantzukizuna ere bazen, harekin irabazteak bakarrik balio baitu. Zorionez, helburua bete dugu, eta finala jokatuko dugu. Oso pozik nago».

«Finala jokatuko dut nire azken txapelketan. Ezin dut gehiago eskatu. Tira, bai, irabaztea; ikaragarria litzateke»

JAVIER URRIZAOriamendiko erremontista

«Behetik gora» egin dutela azaldu du. «Lehen partidan, Aldaberen eta Barrenetxearen aurkakoan ez ginen lehiakor aritu: ni gaixorik nengoen, eta Urrizari ama hil berri zitzaion. Egurra jaso genuen [15-6 eta 15-12 galdu zuten]. Baina, ordutik, gora egin dugu: aurrerapausoa eman dugu astez aste, gero eta hobeto aritu gara, eta bikote ona osatzen dugula erakutsi dugu. Garai onean jokatuko dugu finala».

Hala ere, aurkariak jo ditu faboritotzat. «Oso indartsu dabiltza: Barrenetxea sekulako jokoarekin eta konfiantzarekin dabil; Aldabe, berriz, oso sendo dabil: huts gutxi egiten ari da, eta abiadura handia ematen ari zaio pilotari». Haren iritziz, «erabakigarria» izango da Barrenetxea VI.ak nola sakatuko duen. «Finalerdian txikizioa eragin zuen sakez. Halakorik egiten ez badu, partida gogorra eta lehiatua izango da». 

Barrenetxea IV.aren sakeari Urrizaren «sendotasunarekin» egin nahi diote aurre. «Urriza erremontearen Jokin Altuna da: ondo jokatzen duenean, beti irabazten du, eta, gaizki jokatzen duenean, ia beti. Sasoiko gaude, irabaz dezakegu. Ikagarria litzateke txapela irabaztea. Irabaziko bagenu, izugarri poztuko nintzateke, baina gehiago Urrizarengatik niregatik baino».

Barrenetxea IV.a ere «oso pozik» dago finala jokatuko baitu. «Iaz, txapelketa guztietako finalak jokatu nituen hau izan ez beste. Banuen gogoa jokatzeko. Gainera, aspalditik nenbilen Oialume Zar sagardotegiarekin finala jokatu nahi eta ezinean. Azkenean lortu dut. Orain, errematea falta zaigu: txapela irabaztea».

Sarrera asko saldu dira

Parean Urriza izateak «oso berezi» egingo duela dio. «Nire ustez, Urrizaren eta nire arteko lehia berezia da: urte asko daramatzagu gorenean, eta askotan jokatu dugu elkarren aurka finaletan. Gure artekoa biribiltzeko balio du final honek. Pilotazaleentzat ere partida erakargarria da, eta horren erakusle da sarrera asko saldu direla».

«Ez dit penarik emango Urrizari irabazteak. Gustatuko litzaidake hari gogoraraztea irabazi egin niola azken txapela»

ENDIKA BARRENETXEAOriamendiko erremontista

Bere esku dagoen guztia egingo du Urrizaren azken desioa zapuzteko. «Jendeak galdetzen dit ea ez lidakeen penarik emango Urrizari irabazteak haren azken finalean. Ez, ez dit emango. Gustatuko litzaidake etorkizunean hari gogoraraztea irabazi egin niola azken txapela. Oso harreman ona dugu, eta elkarri xaxatzeko beste kontu bat izango genuke».

Azpimarratu duenez, bi bikoteak elkarren aurka aritu diren azken aldietan nagusitu dira hura eta Aldabe, eta, hori kontuan hartuta, haiek izan beharko lukete faborito. Baina ez dira finalak izan. «Eta halakoetan, presiopean, bere onena ematen du Urrizak. Ziur nago hark bere onena emango duela. Zalantza zera da, Larrañagak emango ote duen. Saiatuko naiz hari presioa egiten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.