Azaroan hasi ziren lanean arraun taldeak, eta udan aritu dira lehian. Baina, ohartzerako, bukatu da uda, eta bukatu da denboraldia. Lehen begiratuan, ez da ezusteko handirik izan, eta kinielak, oro har, bete dira. Baina badago zer aztertu, zer hausnartu eta zer nabarmendu. Hauek izan dira denboraldiko gakoetako batzuk.Â
Faboritoak, aise
Orio eta Arraun Lagunak nagusi izan dira
Arraun Lagunak eta Orio nahi bezala aritu dira. Haiek ziren faborito nagusiak, eta etiketa hori ez zieten kasualitatez jarri. Markak hautsi eta hautsi aritu dira. Lugañene ontziak den-dena irabazi du: Euskotren ligako txapeldun izan da, estropada guztiak irabazita, eta Kontxako Banderan ere aise nagusitu da. Ez du aurkaririk izan. Ezta Oriok ere: iaz hamasei estropada irabazi zituen ligan, eta zaila zirudien hori hobetzea. Bada, lortu du. Jokatutako 21 estropadetatik 17 irabazi ditu —beste hiru bandera Urdaibaik astindu ditu, eta bat Zierbenak, azkena—. Kontxan ere Orio izan da onena.Â
Bi txapeldunak eskarmentu handiko patroiak gidatuta aritu dira: Nagore Osoro izan da Arraun Lagunak-eko lemazaina, eta Gorka Aranberri Oriokoa. Baina guztietan ez dute jardun, eta lehorrean ere geratu dira. Amaia Egurenek debuta egin du gorenean patroi gisa, eta bost aldiz hartu du trainerua gidatzeko ardura. Oihan Manterola, berriz, Boiroko estropadan aritu zen patroi, Galizian. Hark ere debuta egin zuen. Gainera, Egurenek eta Manterolak banderak astindu dituzte jokatutako estropada guztietan.

Jauzia gora
Deustu, Zarauzko bi ontziak eta Hondarribia igo dira mailaz
Donostiarrak behetik gora egin zuen Euskotren ligan, eta, itxuraz, sasoiko iritsi zen kanporaketetara. Baina, batzuen ezusterako, ez du lortu mailari eustea —2019tik jardun du gorenean—. Zumaiak, berriz, azken postuan bukatu du liga, eta, hortaz, zuzenean jaitsi da. ETE ligan aritu diren bi traineruk hartuko dute haien tokia: Hondarribiak eta Zarautzek. Iaz galdutako tokia berreskuratu du Hondarribiak, eta lehen aldiz ariko da Euskotren ligan Zarautz.
Eta Eusko Label ligan, beste hainbeste. Ares, behetik gora eginda, ondo aritu zen abuztuan, baina kanporaketetan ez du lortu mailari eustea. Chapela izan da mailaz jaitsi den beste ontzia. Haien ordez, KAE 1 ligan aritu diren bi ontzi ariko dira: Deustu eta Zarautz. Deustuk liga irabazi du, eta aurrenekoz igo da gorenera. Zarautz, berriz, bost denboraldiren ondoren ariko da Eusko Label ligan.

Galiziarrik ez
Datorren sasoian ez dute ontzirik izango gorenean
Bada nabarmendu beharreko kontu bat: hurrengo denboraldian ez da Galiziako ontzirik egongo gorenean, ez Eusko Label ligan eta ez Euskotren ligan. Aurrenekoz gertatuko da hori. Euskotren ligan, Kantabriako Astillero trainerua ariko da, baina gainerako ontzi guztiak Euskal Herrikoak izango dira. Gizonezkoetan, mailaz jaitsi dira Chapela eta Ares, eta haien hutsunea Deustuk eta Zarautzek beteko dute. Emakumezkoetan, berriz, 2024an aritu ziren azkenekoz galiziarrak: Cabo eta Tiran. Jaitsi egin ziren biak, eta ordutik ez du inork lortu gorenerako jauzia egitea.

Hasiera zalapartatsua
Liga Madrilen hasi izanak harrabotsa eragin zuen
Madrilen hasi da aurten liga, eta polemika sortu zuen horrek. Arraunlari asko agertu dira kontra: ez duela zentzurik, zer pentsatua ematen duela... Aurrez ere aritu dira traineruak Kantauri itsasotik kanpo: 2008an Zaragozan, 2011n Bordelen, 2013an eta 2014an Bartzelonan, 2015ean Malagan eta 2016an Sevillan. «Badakit zein den arraunaren tradizioa, baina uste dut ondo dagoela aldizka beste kokaleku batzuetan antolatzea, gure jarduna, egiteko modua, kultura, historia eta nortasuna erakusteko», esan zion BERRIAri Borja Rodrigo Traineruen Kluben Elkarteko presidenteak. Irabazleei Isabel Diaz Ayusok eman zizkien banderak, Madrilgo Erkidegoko presidenteak, eta horrek ere zeresana eman zuen.

Segurtasuna kolokan
Emakumezkoek ez zuten jokatu Donostiako estropada
Euskotren ligan, egutegian jarritakoak baino estropada bat gutxiago jokatu dute, Donostiako estropada bertan behera geratu baitzen. Itsaso zakarra eta haize ufadak egon arren, TKEk hasieran esan zuen estropada jokatu egingo zela, baina ikusi beharko zela estropadaren orduan zein zen egoera. Ordezkarien bilera eta kale zozketa ere egin ziren. Baina, bitarte horretan, zortzi ontzietako entrenatzaileek «aho batez» erabaki zuten ez lehiatzea, arraunlarien «segurtasuna» ez zelako bermatzen.Â
Bazirudien ontzi guztiek etxerako bidea hartuko zutela, baina gauzak nahasten hasi ziren orduan. Izan ere, San Juan eta Donostiarra taldeetako arraunlariak eta ontziak itxaroten geratu ziren, batzorde teknikoaren behin betiko erabakiaren zain. Soka luzea ekarri du gertatutakoak, eta eztabaida piztu da araudiaren inguruan. Azkenean, TKEko diziplina epaileak prozedura zabaldu zuen Donostiako estropadan parte ez hartzea erabaki zuten sei kluben aurka, eta bakoitzari bi mila euroko isuna ezarri die, «elkartearen interesei eta irudiari kalte egiteagatik».

Entrenatzaile dantza
Taldeek aldaketa dezente iragarri dituzte
Sasoia bukatu berritan, arraun talde batzuk hasi dira dagoeneko hurrengo denboraldia prestatzen, eta aldaketa dezente iragarri dituzte. Batez ere, Eusko Label ligako ontziek. Gizonezkoetan, entrenatzailea aldatuko dute Urdaibaik, Ondarroak, Getariak eta Donostiarrak, eta emakumezkoetan, Zumaiak eta Donostiarrak. Urdaibain, Gentza Iraitz Zubirik hartuko du Jon Salsamendiren tokia; Getarian, Gaizka Gorostiagak Ion Larrañagarena; eta Ondarroan, Gorka Etxeberriak Iñaki Errastirena. Donostiarrak oraindik ez du argitu nor arituko diren Igor Makazagaren eta Ibon Urbietaren ordez. Zumaian, berriz, Kike Manterolak ez du segituko, eta Nikanor Ortizek hartuko du taldea gidatzeko ardura.

Â