Erremontea

Hemezortzi erremontistak babesa azaldu diote Ansari, enpresak buruz burukotik kanpo utzi duela eta

«Egindakoak pentsarazten digu Oriamendik gatazka pertsonal bat duela Imanolekin», adierazi dute erremontistek. Enpresak zera azaldu du: «Txapelketa guztietan trabak jarri ditu; beraz, kanpoan uztea erabaki dugu».

Imanol Ansa Masterseko finalean, aurten. MAIALEN ANDRES / FOKU
Imanol Ansa Masterseko finalean, aurten. MAIALEN ANDRES / FOKU
2026ko abuztuaren 4a
16:11
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egun gutxi barru hasiko da buruz buruko txapelketa, eta hemezortzi erremontistak —21ek osatzen dute jokalari multzoa— babesa azaldu diote Imanol Ansari, Oriamendi 2010 enpresak txapelketatik kanpo utzi duela eta: «Babes osoa adierazi nahi diogu. Azken hilabeteetan zer gertatu den ikusita, eta alde guztien azalpenak entzun ondoren, ezin gara isilik geratu».

Enpresak erabaki bera hartu zuen Jai Alai Summer Season txapelketan: Ansa ez hautatzea. Orduan bi aldeen desadostasunen ondorio izan zen erabakia, eta arazoa konpontzea zen helburu nagusia. Pilotarien ustez, gatazka hori «lankide baten kirol ibilbidea baldintzatzen ari da». Gainera, salatu dute hilabeteko zigorra bete ostean, «hori nahikoa ez balitz bezala», banakako txapelketatik kanpo utzi dutela. «Egindakoak pentsarazten digu Oriamendi 2010 enpresak gatazka pertsonal bat duela Imanolekin. Duen boterea baliatzen ari da Imanolen ibilbide profesionalari kalte egiteko».

Ansak bitarte honetan izandako jarrera azaldu dute agirian: «Imanolek barkamena eskatu dio Oriamendiri, bere erabaki batek enpresaren antolakuntzan eragozpenik edo kalterik eragin badu. Keinu horrek erakusten du egoera bideratzeko borondatea duela».

«Erremontearen onerako, oraindik garaiz gaude egoera hau konpondu eta Imanol Ansak Banakako Txapelketa jokatzeko aukera izan dezan» 

ERREMONTISTAK

Oriamendi 2010 enpresak azken urtea izango du hau erremontea kudeatzen, eta pilotariek arazoa amaitzea nahi dute: «Funtsezkoa iruditzen zaigu gatazka hau konpondu eta urte amaiera ederra osatzea guztion artean». Ansari babesa emateaz gain, azaldu dute erremontearen etorkizunaren aldeko aldarria ere badela: «Azken erabakiek eta gatazkak kudeatzeko moduek asko okertu dute giroa; pilotarioi zuzenean eragin digu horrek, eta erremonteari berari kalte egiten ari zaizkio».

Ansak erremontearen alde egin duen lana ere nabarmendu dute erremontistek: «Kirolari bikaina izateaz gain, afizionatuak borondatez entrenatu ditu, bisita gidatuak egin zenbait hizkuntzatan, kantxako mantentze lanetan parte hartu, materiala hobetzeko lan egin, eta pilotari guztien eskura jarri ditu hobekuntza horiek. Askorentzat eredu eta lagun izan da; erremontearen etorkizuna sustatzen jardun du etengabe, eta beti interes komunak lehenetsi ditu, interes pertsonalak bigarren mailan utzita».

Horregatik, jendaurrean adierazi nahi izan dituzte «kezka» eta «desadostasuna». Azkenik, arazoa konpontzeko eskatu dute: «Erremontearen onerako, oraindik garaiz gaude egoera hau konpondu eta Imanol Ansak Banakako Txapelketa jokatzeko aukera izan dezan».

Oriamendik erabakiari eutsi dio

Xabi Gonzalez Oriamendiko kudeatzaileak BERRIAri esan dionez, Ansarekin izan dituzten desadostasunengatik utzi dute buruz buruko txapelketatik kanpo. Desadostasun horien arrazoiez galdetzean, ez du azalpenik eman nahi izan: «Barruan geratu beharreko zerbait da». Dena den, zera adierazi du: «Txapelketa guztietan trabak jarri ditu Ansak; beraz, kanpoan uztea erabaki dugu. Zarautzen ere ez zen egon, eta dena ondo joan zen: bera egon gabe ere jendea etorri zen».

«Txapelketa guztietan trabak jarri ditu Ansak; beraz, kanpoan uztea erabaki dugu. Zarautzen ere ez zen egon, eta dena ondo joan zen: bera egon gabe ere jendea etorri zen» 

XABI GONZALEZ Oriamendi 2010 enpresako kudeatzailea

Jai Alai Summer Season txapelketatik kanpo utzi zutenean, Ansarekin hitz egin zuen BERRIAk, eta buruz buruko txapelketan izango zela esan zuen; izan ere, iaz hirugarren izan zen. Gonzalezek azpimarratu du aurreko urteko postuak errespetatzen direla, baina parte hartzen dutenen artean soilik: «Inork ez dauka ziurtatuta postua». Enpresak erabakitzen du nortzuek jokatuko duten, eta jokatzen dutenei errespetatzen zaie iazko postua. Nolanahi ere, «normala» iruditzen zaio erremontistek Ansari babesa ematea, baina gaizki egin duela badakitelakoan dago. «Beste gauza bat da Oriamendiren erabakia gehiegizkoa dela uste badute», baieztatu du.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA