Konponbiderako asmoa azaldu du Ansak, nahiz eta zigorra gehiegizkoa iruditu zaion

Erremontistak ukatu egin du Oriamendiren aurka egin izana, eta Xabi Gonzalez enpresako kudeatzaileak erantzun du ez dutela zigortu: «Txapelketan ez hautatzea erabaki dugu».

Ansa aurten Hernanin jokatu den Masterseko finalean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ansa aurten Hernanin jokatu den Masterseko finalean. MAIALEN ANDRES / FOKU
2026ko uztailaren 10a
14:58
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzo Oriamendi 2010 enpresak Jai Alai Summer Season erremonte txapelketaren laugarren ekitaldian Imanol Ansa ez hautatzea erabaki zuen. Erremontistaren eta enpresaren arteko desadostasunen ondorio izan da erabakia. Bi aldeen helburua arazoa konpontzea da, eta horretan ari direla diote. 

Txapelketatik kanpo geratu ostean, Ansak azaldu du ez duela asmorik izan enpresaren aurkako ekintza edo adierazpenik egiteko: «Inoiz ez dut Oriamendiren aurkako adierazpenik egin, beti eman diot balioa Oriamendik erremonteagatik egiten duen lanari». Aurrelariak uste du zigortu egin dutela, eta «gehiegizkotzat» jo du. Haren iritziz, bi aldeen arteko arazoak etxe barruan konpontzea litzateke egokiena, uste baitu gatazka horrek ez diola mesederik egiten erremonteari.

Xabi Gonzalez Oriamendiko kudeatzaileak aitortu du Ansak ez duela hitz egin enpresaren aurka, baina enpresaren aurka jardun zuela: «Ansak egin dituenak ez dira hitzezkoak, ekintza bidezkoak baizik. Gure haserrea ez dator berak adierazpenik egin duelako, baizik eta ekintza batzuk egin dituelako». Gonzalezek azaldu du ez diotela zigorrik ipini, soilik txapelketaren oraingo ekitalditik kanpo uztea erabaki dutela. Gonzalezen arabera, bi alderdien arteko harremana konpondu ahal izateko, Ansak «konturatu» behar du oker dabilela. Izan ere, Gonzalezen esanetan, enpresarentzat ez da «gustukoa» izan Ansa lehiaketatik kanpo uztea; azkenean ez baita txapelketari buruz hitz egingo, Ansaren hutsuneaz baizik.

Bestalde, Ansak esan du entrenatzen jarraituko duela buruz buruko txapelketa prestatzeko. Iaz hirugarren geratu zen, horregatik, ligaxka jokatzeko sailkatuta dago. Helburua kantxan hitz egiten segitzea dela azaldu du, polemika lehenbailehen alde batean utzita. Atzo, Oriamendik esan zuen Ansaren lana erremontean jokatzea dela; horri erantzunez, Ansak esan du ikuskizuna emateko prest dagoela: «Nire intentzioa beti izan da prestatu eta frontoian ahalik eta ikuskizun handiena ematea». Beste jokalariei ere eskerrak eman dizkio Ansak, haien babesa izan baitu. Alde guztien helburua arazoa «konpontzea» dela gaineratu du urnietarrak. 

Aldaketa bakarra

Ekitaldi honetan, Aritz Zubirik jokatuko du Ansa II.aren ordez. Beste zazpi erremontistak ez dira aldatuko. Hauek izango dira bikoteak: Endika Barrenetxea eta Zubiri; Xabi Azpiroz eta Iban Larrañaga; Beñat Segurola eta Josetxo Ezkurra; eta Aritz Juanenea eta Kemen Aldabe. 

Ligaxka batekin hasiko dute txapelketa; uztailaren 11n, 16an eta 18an jokatuko dituzte partidak. Finala, uztailaren 25ean izango da, 16:30ean. Finala ligaxkako lehen biek jokatuko dute, puntu gehien lortu dituzten bi bikoteek. Partidak set formatukoak izango dira, lehen biak hamabost tantora, eta hirugarrena, jokatu behar bada, zortzira. Puntuak honela lortuko dira: 2-0 irabazten duen bikoteak lau puntu lortuko ditu; 2-1 irabazten duenak, hiru; 2-1 galtzen duenak, bat; 2-0 galtzen duenak, huts; gainera bi setak kontuan hartuta hamabost tanto lortzen ez dituen bikoteari puntu bat kenduko zaio. Iazko txapelketako txapeldunordea faltako da aurtengoan: Ansa II.a. Azpirozekin finalera iritsi zen, baina Aldabe eta Larrañaga nagusitu zitzaizkien.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA