Arrauna

Hondarribia, Deustu eta Zarauzko bi ontziak, maila gorenera

Bermeoko emaitzak Portugaleten berretsita, igotzea lortu dute lau taldeek. Donostiarra eta Ares jaitsi dira mailaz.

Deustuko arraunlariak uretatik irteten, gaur, zaleen babesarekin. ARITZ LOIOLA / FOKU
Deustuko arraunlariak uretatik irteten, gaur, zaleen babesarekin. ARITZ LOIOLA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko irailaren 20a
13:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lau ontzi berri arituko dira datorren urtean maila gorenean: Hondarribia eta Zarautz Euskotren Ligan, eta Deustu eta Zarautz Eusko Label Ligan. Lau traineru horiek izan ziren azkarrenak atzo, Bermeon (Bizkaia), eta hala izan dira gaur ere Portugaleten (Bizkaia). Mailaz jaitsi da, ondorioz, Donostiarra emakumezkoetan, eta Ares gizonezkoetan.

Ohiko legez, erlojupekoa izan da Portugaleten jokatu den estropada. Emakumezkoen lehiak atzokoak baino emozio handiagoa izan du gaur: ziabogan denbora berbera markatu dute Hondarribiak, Zarautzek eta Donostiarrak.

ETE ligatik zetozen bi ontziek tarte handia atera zioten bezperan Donostiarrari, baina gaur izerdia gogotik bota behar izan dute Bantxa atzean uzteko. Helmugan, Hondarribiak lau segundo atera dizkio Donostiarrari, eta Zarautzek 60 ehunen eskas.

Era batera edo bestera, nahikoa izan dute maila igoera ziurtatzeko, eta datorren urtean Euskotren Ligan izango dira bi talde horiek. Gogoz ospatu dute lehorrean, baita bi taldeek bat eginda ere. Hondarribiak iaz galdutako tokia berreskuratu du, eta Zarautz lehen aldiz arituko da maila gorenean.

'Tomatera' eta 'Enbata'

Gizonezkoetan ere ez dute huts egin ETE ligan lehiatu diren traineruek. Denboraldian lehia estua izan dute Deustuk eta Zarautzek, bien artean banatu dituzte ligako banderak, eta, kanporaketan, erakutsi dute lehia horrek indartsuago egin dituela. Galiziatik etorritako hiru taldeak baino hobeak izan dira, baita Ares baino hobeak ere, zeina abuztuan bikain aritu baitzen Eusko Label Ligan.

Gaur, lehen luzetik hartu dute aurrea Tomaterak eta Enbatak. Lehen ziabogarako, lau segundoko errenta ateratzen zioten Aresi; lan erdietarako, zortzi eta sei segundokoa, hurrenez hurren. Hortik helmugara arte, indarrak bikain neurtu eta lehen bi postuak ziurtatu dituzte.

Merezitako igoera eskuratu dute, beraz, bi taldeek. Deustu lehen aldiz lehiatuko da lehen mailan, eta Zarautz maila galdu eta lau urtera itzuliko da bertara. Ondorioz, datorren urtean Eusko Label Ligan arituko diren ontzi guztiak Euskal Herrikoak dira, ez baita ez Galiziako eta ez Kantabriako ordezkaririk izango.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA