Oriamendiko erremontista

Aritz Juanenea: «Horrelakoak jokatzeko erabaki nuen postua aldatu eta atzelari hastea»

Aritz Juaneneak eta Endika Barrenetxeak buruz buruko finala jokatuko dute gaur Galarretan (16:30). Juaneneak bigarren ahaleginean nahi du txapela: «Nire sasoi onenean nago».

Aritz Juanenea. MAIALEN ANDRES / FOKU
Aritz Juanenea. MAIALEN ANDRES / FOKU
Julen Etxeberria.
2025eko irailaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Nahi baino librexeago» dabil Aritz Juanenea (Saldias, Nafarroa, 1993). «Aurreko astean geratu nintzen langabezian. Urte eta erdi neraman lanean Arcelor Mittalen», azaldu du. Baina ez dabil erotuta lan bila. «Orain, oporretan nago, eta, gero, aitatasun baimena hartuko dut». «Gogor» entrenatzeko aprobetxatu du. «Begitan nuen buruz burukoa».    

Bereziak izan dira finalerako sailkatu ondorengo egunak?

Bai, noski. Ez nuen espero Ansari irabaztea finalerdia, eta sari handia da finala jokatzea.

Duela bi urte jokatu zenuen lehen aldiz finala. Berdin ari zara bizitzen bigarren finala?

Ordukoarekin alderatuta, pixka bat aparte nabil, jendeari kasu gutxiago egiten, eta sakelakoa apur bat bazterrean utzita. Neure buruari presioa kentzen nabil. Orain arte, ingurukoei zerbait eskaini nahian aritu naiz. Aurten, ordea, neure buruarentzat prestatu dut bete-betean buruz burukoa; egiten ari naizen guztia neure buruarentzat da. Gero, txapela irabazten badut, noski, ingurukoei eskainiko diet.

Zeure buruari presioa kentzen zabiltza, baita Endika Barrenetxeari sartzen ere. Nahita?

Dudarik gabe. Bi erremontista baino ez dira bizi erremonterako: Ansa eta Endika; euren lanek aukera ematen diete ia eguneko 24 ordutan erremontean pentsatzeko. Horregatik, presio handia dauka Endikak: esan eta esan dabil hirugarrenez irabazi nahi duela, txapel gehien dituen atzelaria izateko. Hark uste du nire aurka jokatuta hori lortzeko aukera handia duela: Ansa, Azpiroz eta hiruron artean ni ikusten nau aurkari samurrena. Ez du aukera pasatzen utzi nahi, eta irabazteak bakarrik balio dio.

Zuk ez duzu presioa, baina sari handia da txapel bat irabaztea.

Hala da, eta gabe gera naiteke. Baina hark du presio gehien. Nik badakit faborito izateak presioa eragiten dizula, are gehiago oker hasten bazara. Horregatik, saiatu behar dut indartsu hasten, Endikari presio pixka bat eragiteko.

Zer egin behar duzu irabazteko?

Endika pilotari oso-osoa da. Elkarren aurka jokatu dugun gehienetan nagusitasunez irabazi dit; aldiz, irabazi diodan gutxietan larri irabazi diot. Saiatu behar naiz Endikak ez txikitzea partida sakez, eta lehia gogortzen; lortzen badut, eta aurrean sartzen badut, ni aurrelari aritu nintzenez, abantaila txikia izan dezaket.

«Endikak presio handia du. Uste du nire aurka jokatuta aukera handia duela: irabazteak bakarrik balio dio»

Pilota aukeraketan argi geratu zen bakoitzaren asmoa: zuk pilota motelak aukeratu zenituen, eta, hark, biziak.

Ansaren aurkako aukeraketan ere motelak aukeratu nituen, baina, gero, oso makal hasi zela ikusita, haren pilotekin jokatu nuen. Finalean, ordea, nireekin jokatuko dut: motelak izanik, espero dut partida gogortzea. Sasoi betean nago. Ea Endikari eusten diodan eta piloteoan nagusitzen naizen.

32 urteren ostean, bi atzelari ariko zarete finalean.

Arraroa da. Ligaxka jokatu dugun lauetatik hiru atzelariak gara, eta oso ondo moldatzen gara buruz buru. Denok dugu begitan buruz burukoa, eta, horretan ondo aritzeko, aurreko jokoa entrenatzen dugu. Horri esker, osoagoak gara.

Aurrelari aritu zinen lehen urteetan, baina, 2022tik atzelari zabiltza. Buruz burukoan nabarmentzeko egin zenuen hori?

Bai. Ni lau aurrelari onenetako bat nintzen, eta postua ziurtatua nuen. Arrisku handia hartu nuen atzelari hasita, baina argi nuen sakea eta errebotea hobetu behar nuela buruz burukoan nabarmentzeko. Horregatik hasi nintzen atzelari duela hiru urte eta erdi. Bigarren finala dut; beraz, bete-betean asmatu nuen. Horrelakoak jokatzeko aldatu nuen postua.

Gainera, denbora gutxi daramazunez, baduzu zer hobetua.

Dena dut hobetzeko, baina gero eta hobeto ari naiz. Atzelari onenen artean hirugarrena edo laugarrena naiz. Badakit ez dudala inoiz Endika harrapatuko, baina hortxe ditut Azpiroz eta Larrañaga. Binaka asko dut hobetzeko, baina buruz buru, argi geratu da onenetan bigarrena naizela.

Udan, Jai Alai Summer Season torneoa irabazi zenuen Kemen Aldaberekin, eta, orain, buruz buruko finala jokatuko duzu. Inoizko sasoirik onena duzu?

2023an lau txapelketa irabazi nituen, eta buruz buruko finala jokatu. Baina, aurten, hobeto ari naiz. Mesede egin dit bizitza oso egonkorra izateak. Abenduan aita izan nintzen, eta lasaiago nabil, eta bizitzako beste balio batzuk hobetsi ditut: ez diot horrenbesteko garrantzia ematen erremonteari. Horrek guztiak on egin dit.

2013an egin zenuen debuta, baina urtebetera utzi zenuen. Bi urte eta erdira itzuli zinen, 2017an. Nola gogoratzen duzu garai hura?

2013an aita hil zitzaidan, eta oso gaizki pasatu nuen. Horregatik utzi nuen. Joxemari Barrenetxeak [Oriamendiko burua] eskatu zidan itzultzeko. Heldu egin naiz.

«Irabazten badut, lagunek dardarka jarriko dute Galarreta. Harmailan alde handiz irabaziko dugu»

Oraindik gozatzen duzu?

Bai, baina, aurten, asko sufritzen ari naiz, neure buruari presioa eragin baitiot txapela irabazi nahi horren ondorioz. 

Duela hamasei urte irabazi zuen azkenekoz Saldiasko erremontista batek txapela: Miguel Mari Urrutiak. Eramango duzu berriro txapela herrira?

Espero dut txapela Malerrekara eramatea. Irabazten badut, lagunek dardarka jarriko dute Galarreta.

Barrenetxea etxekoa da Galarretan. Giro ederra egongo da. 

Ziur. Gainera, Aimar Jabalera nire botileroak [Doneztebekoa da] bigarren mailako finala jokatuko du [Eskuderorekin arituko da, Goikoetxea V.aren eta Aiestaran VI.aren aurka]. Jendetza egongo da. Hala ere, harmailan alde handiz irabaziko dugu.

Ostegunean beteko dituzu 32 urte. Txapela eskatu duzu?

Hau litzateke oparirik onena: urtebetetzeko argazkian tarta eta txapela agertzea.

BARRENETXEAK TXAPEL GEHIEN DUEN ATZELARIA IZAN NAHI DU

Endika Barrenetxeak seigarrenez jokatuko du buruz buruko finala. Atzelari hernaniarrak helburu bat du aspalditik: buruz buruko txapel gehien irabazi duen atzelaria izan nahi du. Bi dauzka irabaziak, eta gaur nagusituko balitz, hirugarrena izango luke, inork baino gehiago. 

Horretarako, argi du zer egin behar duen: lehenbizi, ondo sakatu, hori egiten duenean min handia egiten baitu; haren dohain nagusietako bat da. Horretarako, buru-belarri entrenatu du sakea azken egunetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.