Innpala enpresatik kanpo geratu ziren palistek ez dute inoiz amore eman. Aspaldi egin zuten pala kudeatzeko beste modu baten alde, eta tinko eusten diote apustu horri. Asmo horretan zenbait bidelagun izan dituzte: Sopelako Udala (Bizkaia), Sopelako Kurene Elkartea eta Basquemotion enpresa, besteak beste. Oso eskertuta daude haiekin, baina beste urrats bat egitea erabaki dute, eta, lehen aldiz, eurek kudeatuko dute txapelketa bat: bigarren Sopela Pro-Am txapelketa. Hori eginez, palari «beste bultzada bat» eman nahi diote.
Txapelketa osoa Sopelako udal pilotalekuan jokatuko dute. Lehenbizi, hiru jardunaldiko ligaxka jokatuko dute, hurrengo hiru astelehenetan: azaroaren 16an, 23an eta 30ean. Egun bakoitzean bi partida jokatuko dituzte. Finala ere astelehenez izango da, abenduaren 14an. 19:30ean hasiko dira jaialdi guztiak.
Zortzi palistak jokatuko dute: lau aurrelarik eta lau atzelarik. Hauek izango dira aurrelariak: Pablo Fusto, Jagoba Madariaga, Esteban Gaubeka eta Roman Maldonado. Beste lau hauek ariko dira atzelari: Asier del Rio, Iñaki Urrutia, Ibai Perez eta Iker Gordon. Haien maila kontuan hartuta, punta-puntako txapelketa izango da.
Eutsi egingo diote lehen aldiaren lehiaketa sistemari: ez da egongo bikote finkorik, eta palistek bikotekide ezberdin bat izango dute jardunaldi bakoitzean. Itzuli bakarra jokatuko dute, eta denak denen aurka ariko dira. Bikoteak osatzeko era berritzaile horrek txapelketa dinamikoagoa eta erakargarriagoa egingo duela iritzi diote.
Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren araudiari jarraituz, partidak hiru jokora jokatuko dituzte: lehen biak hamabost tantora jokatuko dituzte, eta, hirugarrena behar bada, hura hamarrera jokatuko dute. Puntu gehien lortzen duten bi aurrelariek eta atzelariek finala jokatuko dute. Finalean, lehen aurrelari sailkatua lehen atzelari sailkatuarekin ariko da, eta bigarren aurrelari sailkatua bigarren atzelari sailkatuarekin.
Astelehenean jokatuko dute lehen jardunaldia, eta bi partida hauek jokatuko dituzte: aurrenekoan, Maldonado eta Urrutia Fustoren eta Del Rioren aurka ariko dira; bigarrenean, berriz, Gaubeka eta Ibai Perez Madariagaren eta Gordonen kontra ariko dira.
Munduko Txapelketa, pizgarri
Gaubekak jokatzeko «irrika bizia» du. Azaldu duenez, «bizipoza» eman dio lehen aldiz euskal selekzioarekin Munduko Euskal Pilota Txapelketa jokatu izanak. Hain zuzen, Del Rio ez beste, Sopela Pro-Am txapelketa jokatuko duten palista guztiak aritu dira Argentinan. «Bakoitza bere selekzioarekin aritu bada ere, elkarrekin egon gara. Aspaldi ez genuela hori egiten, eta oso polita izan da. Aurretik denbora luzez aritu ginen txapelketa bete-betean prestatzen, eta horrek guztiak mesede egin digu bestelako kontuak ahazteko, indarberritzeko eta proiektu berri honi ekiteko».
Proiektu berri hori klub profesional bat sortzea da. «Xehetasun batzuk falta zaizkigu, baina, ondo bidean, hilabete barru klub profesional bat eratuko dugu. Hori eginda, guk kudeatuko dugu geure burua etorkizunean». Sopelako Pro-Am txapelketan jada hainbat kudeaketa lan egin dituzte: pilotak aukeratu, entrenamenduak antolatu eta sarrerak saldu, besteak beste. «Guztiaren gainean egon behar dugu. Sopelako Udalarekin eta Kurene klubarekin elkarlanean ari gara, haiek antolatu baitzuten iaz txapelketa. Eskertuta gaude haiekin, hau guztia berria baita guretzat. Gure egitekoa jada ez da bakarrik sasoiko egotea eta palan jokatzea. Orain, beste ardura batzuk ditugu, eta horrek zaildu egiten du lana. Hala ere, sekulako ilusioa dugu, eta orain arte esperientzia oso aberasgarria izaten ari da».
«Oraindik ez dugu kluba sortu, eta jendea jada deika ari zaigu: udalak eta klubak, besteak beste. Itxura polita du»
ESTEBAN GAUBEKA Palista
«Itxaropentsu» daude proiektuarekin. «Oraindik ez dugu kluba sortu, eta jendea jada deika ari zaigu, udalak eta klubak, besteak beste. Oso ondo hartu gaituzte. Ezin gara kexatu. Itxura polita du». Zenbat eta dei gehiago jaso, orduan eta hobeto. «Gure helburua urte osoko egutegi bat eratzea da; hau da, Innpalan ari ginenean genuen egutegiaren pareko bat eratzea. Horrez gain, gustatuko litzaiguke pixkanaka palista gehiago izatea klubean».
Sopelako txapelketan ariko dira lehen aldiz aldi berean palista eta kudeatzaile. Gaubekari ilusioa egiten dio batak zein besteak. «Iaz, Gordonekin jokatu nuen, eta txapela irabazi genuen. Oso polita izan zen. Jaialdi guztietan frontoia bete egin zen, eta sekulako giroa egon zen. Aurten ere itxura du horrela izango dela, sarrera asko saldu baititugu. Ikusleentzat txapelketa erakargarria da. Guretzat, berriz, oso txapelketa garrantzitsua da. Ea lehen aldi hau arrakastatsua den».