Ion Izagirrek (Cofidis) bizikleta gainean esango dio azkenean agur bere kirol ibilbideari. Lombardiako Giroa korrituko du larunbatean. Ezker eskumuturrean ferula bat duela parte hartuko du, iragan astean eroriko bat izan baitzuen entrenatzen ari zela, eta eskumuturra apurtu zuen. Hala, bazirudien ezingo zela gehiago lehiatu, eta modu horretan hartuko zuela erretiroa. Baina gaur jakinarazi du horren berri, eta lasterketa horretan izango da. «Bizikleta gainean amaitu nahi nuen nire kirol ibilbidea», esan du Loiuko aireportura bidean Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan. Aitortu du bertan egote hutsa «garaipen baten parekoa» dela.
Esan du badakiela ez duela ondo pasatuko: «Medikuekin, familiarekin, fisioterapeutekin... denekin hitz egin ostean hartu dut erabakia. Ahal genuen guztia egin dugu bertan egoteko».
Izagirrek 37 urterekin eta profesionaletan hamazazpi denboraldi egin ondoren eskegiko du bizikleta. Azken sasoi honetan gorabehera asko izan ditu, baina birritan altxatu ditu besoak helmugan: Miguel Indurain Sari Nagusian eta Marco Pantaniren Oroimenezkoan. Azken garaipen hori hilaren 12an lortu zuen, eta, bere burua sasoiko ikusten zuenez, itxaropentsu zegoen azken lasterketetara begira.
Hennequinek etapa, eta Mintegik eta sailkapen nagusia, Aljerian
Bestalde, Euskaltel-Euskadik gertuago du UCIren 30 talde onenen artean sartzea, eta, hala, datorren urtean aukera izatea itzuli handietan parte hartzeko gonbidapena jasotzeko. Lasterketa batzuk falta dira oraindik, baina oraintxe bertan postu horretan dago. Aljerian jokatzen den El-Djazair itzulian bildutako puntuei esker lortu du bertan sartzea. Gaur jokatu da azken etapa, eta Iker Mintegik sailkapen nagusia irabazi du. Hala, 40 puntu eskuratu ditu. Gainera, bigarren geratu da Danny van der Tuuk taldekidea (30 puntu), seigarren Nico Alustiza (10 puntu) eta zazpigarren Jonathan Lastra (5 puntu). Horrekin batera, Paul Hennequinek etapa irabazi du gaur. Beraz, beste zazpi puntu poltsikoratu ditu. Guztira 92 dira.
Aste honetan Jorge Azanza Euskalteleko zuzendaria zerrenda horretan 30. egotearen garrantziaz hitz egin du BERRIAri emandako elkarrizketa batean.