Ion Izagirreren (Cofidis) ibilbide oparoak berak nahiko lukeen baino akabera tristeagoa izango du, eta ezingo die zaleei bizikleta gainetik agur esan. Ormaiztegiarrak (Gipuzkoa) esana zuen urte amaieran hartuko duela erretiroa, eta urriaren 10ean eman nahi zituen azkeneko pedalkadak, Lombardiako Giroan. Gaur goizean ezkerreko eskumuturrean eginiko hausturak, baina, azken lasterketetan parte hartzea eragotziko dio, eta, ondorioz, amaitutzat eman du sasoia.
Cofidis taldeak eman du zorigaitzaren berri. Sare sozialetan azaldu duenez, gaur goizean erori da etxe inguruan entrenatzen ari zenean, eta bertan hautsi du eskumuturra. Txirrindularia medikuarengana joan da, eta hark berretsi dio lesio horrekin ezinezkoa zuela lehiatzea. Izagirreren atsekabearen jakitun, taldeak ahalik eta bizkorren sendatzea opa dio, eta hitzeman dio ibilbidearen neurriko agurra egingo diotela.
Izagirrek 37 urterekin eta profesionaletan hamazazpi denboraldi ondoren eskegiko du bizikleta. Azken sasoi honetan gorabehera asko izan ditu, baina birritan altxatu ditu besoak helmugan: Miguel Indurain sari nagusian eta Marco Pantaniren Oroimenezkoan. Azken garaipen hori hilaren 12an lortu zuen, eta, bere burua sasoiko ikusten zuenez, itxaropentsu zegoen azken lasterketetara begira.