Ezer gutxi aldatu da A serieko Lau eta Erdiko Txapelketan urtebetean. Iaz, Peio Etxeberriak eta Javier Zabalak jokatu zuten finala, eta, aurten, bi pilotari horiek ariko dira berriro txapela nork irabazi erabakitzeko partidan. Hori aski ez, eta toki eta ordu berean jokatuko dute finala, Bilbon, Bizkaia pilotalekuan, 17:15ean hasiko den jaialdian (ETB1). Data da aldatuko den bakarra: iaz baino astebete geroago ariko dira, azaroaren 22an. Ikusteko dago txapelaren jabea aldatuko den. Iaz, Etxeberriak jantzi zuen, finalean Zabalari 22-11 irabazita.
Lau eta erdiko txapelketa nagusiak 43. ekitaldia du aurtengoa, eta aurretik hirutan besterik ez zen gertatu pilotari berberek jokatzea finala bi urtez jarraian. Julian Retegi eta Ladis Galarza izan ziren lehenak: bitan aritu ziren jarraian elkarren aurka, 1989an eta 1990ean. Aimar Olaizolak eta Juan Martinez de Irujok hartu zieten lekukoa: haiek ere bitan jokatu zuten segidan elkarren kontra, 2013an eta 2014an. Joseba Ezkurdia eta Jokin Altuna izan ziren azkenak hori egiten, 2018an eta 2019an. Inoiz ez dira aritu bi pilotari hiru aldiz jarraian.
Etxeberriak neurria hartua dio finala jokatzeari, laugarrenez jarraian jokatuko baitu: galdu egin zituen lehen biak, Altuna III.aren eta Unai Lasoren aurka, hurrenez hurren, baina azkenekoan arantza atera zuen. Beste lau pilotarik baino ez dute jokatu lau aldiz jarraian finala: Patxi Eugik, Juan Martinez de Irujok, Aimar Olaizolak eta Jokin Altunak. Eugi eta Altuna III.a nabarmentzen dira zerrenda horretan: Eugik bitan jokatu zituen lau final jarraian. Balentria handiagoa egin zuen Altuna III.ak, hark zortzi final jokatu baitzituen jarraian, 2016tik 2023ra arte jokatutako guztiak. Hirugarren urtez jarraian, amezketarra ez da iritsi finalera. Azken bi ekitaldietan Etxeberriak kanporatu du.
Zabalak, berriz, bigarrenez jokatuko du finala, hirugarren parte hartzean. 2024an aritu zen lehen aldiz, eta Aitor Elordik kanporatu zuen lehen kanporaketan, final-zortzirenetan: 22-7.
Biek ala biek merezita jokatuko dute finala. Etxeberria aritu da bien artean sendoen, jokatu dituen lau partidak irabazi baititu: final-laurdenetako ligaxkan, 22-19 irabazi zion Ezkurdiari, 22-13 Ander Muruari, eta 22-11 Elordiri; finalerdietan, berriz, 22-15 hartu zuen mendean Altuna III.a. Zabalak, berriz, hiru neurketa irabazi ditu, eta bakarra galdu: ligaxkan, 22-15 irabazi zion Altuna III.ari, eta 22-17 Jon Ander Peñari; Unai Lasoren aurka, ordea, galdu egin zuen, 22-13; baina ordurako sailkatuta zegoen finalerdietarako. Finalaurrekoan, berriz, nagusi izan zen berriro, eta 22-11 hartu zuen mendean Murua.
Etxeberria eta Zabala hirugarrenez ariko dira elkarren aurka lau eta erdian. Iaz jokatu zuten finalaz gain, beste behin aritu dira elkarren kontra modalitate horretan. Iaz izan zen, udan, sanferminetako lau eta erdikoaren finalerdietan, Donostiako Atano III.a pilotalekuan, eta Zabalak 22-13 irabazi zuen. Buruz buru, berriz, ez dituzte inoiz indarrak neurtu.
Ustez, lau eta erdian egin duten lanak tokia ziurtatu beharko lieke binakako txapelketan. Iaz, biek jokatu zuten: nafarrak, laugarrenez; errioxarrak, berriz, aurrenekoz. Baina lehia handia dago Aspen. Horren erakusle, enpresak ez zituen ez bata ez bestea aukeratu udako txapelketa nagusia jokatzeko: A serieko Mastersa. Dario Gomezek min hartu zuelako aritu zen Zabala, ondo aritu ere, hura eta Martxel Iztueta finalerdietara iritsi baitziren. Etxeberriak, ordea, B serieko Mastersa jokatu zuen Unax Landarekin batera, bikain jokatu ere, txapela irabazi baitzuten.
Zubizarreta III.a eta Amiano B seriean
Etxeberriak edo Zabalak irabaziko du A serieko lau eta erdiko txapela. Hau da, Asperentzat izango da txapela. B Seriekoa, berriz, Baikorentzat izango da, enpresa horretako bi pilotarik jokatuko baitute finala: Iraitz Zubizarreta ataundarra eta Unai Amiano irundarra ariko dira elkarren aurka datorren larunbatean, Irungo (Gipuzkoa) Uranzu frontoian, 17:15ean hasita (ETB1). Zubizarreta III.ak anaia gaztea, Beñat, kanporatu zuen finalerdietan: 22-8. Amianok, berriz, Xabi Rekalde kanporatu zuen: 22-17.
Zubizarreta III.ak hirugarren finala du bigarren mailako lau eta erdikoan: 2021ean, Joanes Bakaikoak irabazi egin zion; 2023an, berriz, txapeldun izan zen, Julen Egigureni nagusituta. Amiano, berriz, bigarrenez jarraian ariko da finalean. Iaz, Beñat Senarren aurka galdu zuen. Aurtengo ekitaldian, elkarren kontra jokatu zuten ligaxkan, eta Zubizarreta III.a gailendu zen: 22-16.
B Serieko finalaren biharamunean, berriz, A serieko hirugarren eta laugarren posturako neurketa jokatuko dute Altuna III.ak eta Muruak. Azken hori etxean ariko da, Arrasaten (Gipuzkoa), 17:15ean hasita (ETB1). Hark eman dio saltsa pixka bat txapelketari, ezustean sailkatu baitzen finalerdietarako, Senar, Ezkurdia eta Elordi bidean utzita.