Urdaibaiko ontzian aldaketak izango dira datorren denboraldian. Izan ere, Jon Salsamendik ez du jarraituko entrenatzaile lanetan. Bi denboraldiz gidatu du Bou Bizkaia trainerua, eta klubak eskerrak eman dizkio elkartea «kinka larrian» zegoenean agintea hartzeagatik eta proiektuaren oinarriak finkatzegatik. Aurrez ere Urdaibaiko entrenatzaile izandakoa da Salsamendi: 2013tik 2016ra aritu zen, bi urte horiek barne. Klubak oraindik ez du iragarri nork ordezkatuko duen oriotarra.
Hiru estropada falta dira sasoia amaitzeko: Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia eta Eusko Label ligako Bermeoko eta Portugaleteko estropadak. Eta, horietan, entrenatzailea ondo agurtzen saiatuko dira arraunlariak. Taldea gorabeheratsu aritu da orain arte: ligan hirugarren dago oraintxe, hiru bandera irabazita. Kontxan, berriz, bosgarren egin zuen lehen jardunaldian, eta, beraz, igandean ez da ariko ohorezko txandan.
Ibilbide oparoa du Salsamendik entrenatzaile lanetan, eta hainbat talde gidatu ditu: Astillero, Orio, Lapurdi eta Urdaibai, hain zuzen. Urdaibairekin hiru Kontxako Bandera eta Eusko Label liga bat dauzka irabazita, eta Oriorekin, Kontxako Bandera bat eta Eusko Label liga bat.