Alavese aurreko denboraldiko bide onean dabil oraindik. Entrenatzailea aldatu badu ere, oso ongi jardun zuen atzo Espainiako Ligako lehen jardunaldian, eta 1-0 irabazi zion Levanteri etxean. Ez da hau garairik onena Gasteizen futbol partidak jokatzeko, baina zaleek ez zuten hutsik egin, eta 12.000 inguru bildu ziren. Garaipen polit batez gozatu ahal izan zuten.
Joseluk sartu zuen Alavesen gola, baina hari bezainbeste zor zaizkio hiru puntuak Pacheco atezainari. Joseluk bigarren zatiaren hasieran sartu zuen gola, baina atezain espainiarra erabakigarria izan zen Levanteren bi jokalditan: batetik, atsedenaldiaren aurretik egindakoan, eta, bestetik, eta bigarren zatian egindakoan.
Levante izan zen nagusi partidaren lehen zatian. Baloia ukituz hurbildu zen Pachecoren ingurura, baina ez zuen arrisku handirik sortu. Alaves ezkerretik saiatu zen erasoan. Luis Riojak debuta egin zuen Lehen Mailan. Lehen gol aukera garbia, ordea, eskuinetik iritsi zen, Aleix Vidalen jokaldi batean; area barrura erdiratu zuen, baina Riojari Levanteren atearen gainera joan zitzaion jaurtiketa. Bigarren zatian, 54. minutuan, eskuinetik igota, Vidalek berak erdiratu zion baloia Joseluri, , gola sar zezan.
1-0ekoarekin Levantek gora egin zuen, baina Alavesek sendo eutsi zion, lekua galdu gabe eta aurkariari presio eginez baloia batetik bestera mugitzen saiatzen zenean. Asier Garitanok ez zuen arriskurik hartu nahi izan, eta bost atzelarirekin jokatzea erabaki zuen, batez ere eskuin hegala sendotzeko, hortik ari baitzen Levante arrisku handien sortzen.
Partida honekin, hiru partida irabazi (Athletic 1-0 Bartzelona; Leganes 0-1 Osasuna; eta Alaves 1-0 Levante), bat berdindu (Valentzia 1-1 Reala) eta bat galdu (Mallorca 2-1 Eibar) dute euskal taldeek Espainiako Ligako lehen jardunaldian.