Erremontea

Klasikoa bezain berezia izango da Masterseko finala

Endika Barrenetxeak eta Imanol Ansak elkarren aurka jokatuko dute larunbatean, Galarretan. Ansa II.ak laugarren txapela irabazi nahi du jarraian. Barrenetxea IV.arentzat hirugarren txapela litzateke.

Endika Barrenetxea eta Imanol Ansa. MAIALEN ANDRES / FOKU
Endika Barrenetxea eta Imanol Ansa, finalerako aukeratutako pilotekin, gaur, Galarretan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Julen Etxeberria.
Hernani
2026ko otsailaren 24a
12:47
Entzun 00:00:00 00:00:00

Berezia da aurtengo erremonteko Masters txapelketa; berezia, litekeena baita azkeneko aldiz jokatzea; azkeneko aldiz, bai, Oriamendi 2010 enpresak esana baitu 2027an utzi egingo diola Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta frontoian erremonte jarduna kudeatzeari. 

Eta, itxuraz, azkena izango denez, Oriamendik berezia egin nahi izan du. «Inoiz jokatu den gogorrena izango da». Halaxe aurkeztu zuten enpresa horretako arduradunek aurtengo ekitaldia. Batetik, inoiz baino erremontista gehiago aritu dira: zortzi, orain arte halako bi. Eta, bestetik, lau kanporaketa eta ligaxka bat jokatu dituzte, ohi baino hiru kanporaketa gehiago.

Hilabete pasatxo igaro da txapelketa aurkeztu zutenetik, eta bi erremontista izan dira indartsuenak: Endika Barrenetxea eta Imanol Ansa. Ez da ezustekoa, azken urteetan bi erremontista horiek askotan jokatu baitute buruz buru elkarren aurka txapela jokoan dela; klasikoa bilakatu da haien artekoa. Larunbatean, Masterseko finala jokatuko dute, Galarretan. 16:30ean hasiko da jaialdia, eta finala bigarren partida izango da. ETB1ek geroago emango du, larunbatean, 23:05ean.

Bi finalistek gaur egin dute lehen egitekoa: finalerako pilotak aukeratu dituzte Galarretan. Biak ala biak konforme geratu dira aukeratu dituztenekin, baita aurkariak hautatutakoekin ere. Ez batek, ez besteak ez ditu aukeratu bizienak. Barrenetxea IV.aren iritziz, «oso orekatuak» dira, eta «buruz buru jokatzeko oso aproposak». «Oso pozik nago», esan du Ansa II.ak.

Ansa II.ak bide zuzenagoa

Finalera iritsi dira bai Barrenetxea IV.a eta bai Ansa II.a, baina aldea egon da batek eta besteak hara iristeko egin duen bidean. Aurrelari urnietarrak bide zuzena hartu du, hiru partida jokatu eta hirurak irabazi baititu. Azken kanporaketa jokatu behar izan zuen, eta horretan sufritu egin zuen Xabier Azpiroz kanporatzeko: 30-27 hartu zuen mendean. Ligaxkan, ordea, nahieran aritu da, eta nagusitasunez irabazi die Aritz Juaneneari (30-8) eta Barrenetxea IV.ari (30-19). Masterseko azkeneko hiru txapelak irabazi ditu. Larunbatean bolada bikain horri eutsi nahi dio, eta laugarrena jantzi.

Barrenetxea IV.ak, berriz, gozotik eta gazitik izan du aurtengo Mastersean: bi partida jokatu ditu, eta bat irabazi du, eta beste bat galdu. Gaizki ekin zion txapelketari, eta aurreneko neurketan ezinean aritu zen Ansa II.aren kontra. Horrek azken jardunaldian Juaneneari irabazteko premian jarri zuen. Lehia erabakigarri horretan oso nagusi izan zen atzelari hernaniarra, 30-15 irabazi baitzuen. 2023an jokatu zuen azkenekoz finala, eta aldi horretan Ansa II.aren kontra galdu zuen. Bi txapel ditu irabaziak, 2020an eta 2022an. Hirugarrena jantzi nahi du, eta Ansa II.aren «bolada eten».

Atzelari hernaniarra «oso pozik» dago beste final bat jokatzeagatik. «Polita da hemen egotea, eta berezia ere bai, azkeneko Mastersa izango baita. Urrizaren aurka jokatu izan dut finalean, baita Imanolen aurka ere. Ez da seinale txarra bi belaunaldi ezberdinetako pilotarien aurka aritzea. Gero eta gehiago kostatzen zait, baina gustura ari naiz». Ansa II.a goraipatu du: «Oso ondo moldatzen da buruz buru, oso azkarra baita eta jokoaren alor guztiak menperatzen baititu. Baina Urrizak ere horixe egiten zuen, eta bitan irabazi nion».

«Polita da hemen egotea, eta berezia ere bai, azkeneko Mastersa izango baita. Ansaren bolada eten nahi dut»

ENDIKA BARRENETXEA Oriamendiko erremontista

Azaldu duenez, «ikasteko» balio izan dio ligaxkan elkarren aurka jokatu eta 30-19 galdu zuen partidak. «Hura zertan hobeto aritu zen jakiteko balio izan dit. Nolanahi ere, finala egun bateko gauza da: nola altxatzen zaren, nola bizitzen dituzun gauzak, eta, batez ere, partida hasieran zer sentitzen duzun; horrek guztiak dauka garrantzia». Gainera, oso argi du «hobeto» ari dela partida hori jokatu zuenetik. «Imanolek bi partida jokatuak zituen. Nik, ordea, lehen partida nuen, binaka aritzetik nentorren, eta kosta egin zitzaidan aldaketa hori egitea, batez ere mugimenduari dagokionez: pentsatu egin behar nuen ezer egin aurretik, eta, hori eginda, denbora galdu nuen. Juanenearen aurka, ordea, konturatu gabe egin nituen gauzak, pentsatu gabe, eta, horri esker, denbora gehiago nuen, eta gauzak hobeto egiteko aukera».

«Ondo sakatzea funtsezkoa» izango delakoan dago. «Derrigorrez asmatu behar dut sakearekin. Irabazten dudanean, normalean, zazpi tanto inguru egiten ditut sakez. Hori egin behar izatea presioa da, baina baita nahia ere. Imanolen aurka Juanenearen aurka baino hobeto sakatu nuen, baina Imanol errestatzailerik onena da. Lehen kolpearekin asmatzen ez badut, bigarrenarekin arriskatu egin beharko dut, tantoa bukatzeko. Gure artekoan Imanol ikaragarri ondo aritu zen defentsan, eta, batez ere, ez zen nekatu aurreko aldietan bezainbeste. Hor egon zen aldaketarik handiena».

Hutsetik hasiko dira

Barrenetxea IV.ak bezala, Ansak ere txapelketa kutuna du Mastersa. «Honetan irabazi nuen lehen txapela [30-29 Barrenetxea IV.ari, 2023an], eta, garaipen horrek balio izan zidan sinesteko goian ibil nintekeela. Niretzat ikaragarria da Galarretan jokatzea, eta espero dut urte luzez hala egin ahal izatea», azaldu du, azken Mastersa izateko posibilitateari erreferentzia eginez.

«Ikaragarri sufritu nuen azken buruz burukoan, eta oso gaizki pasatu. Orain, ordea, gozatzen ari naiz, berriro bainago sasoi betean»

IMANOL ANSA Oriamendiko erremontista

Ez du uste ligaxkan elkarren aurka jokatu zuten partidak erreferentzia moduan balio dezakeenik. «Finalean hutsetik hasiko gara. Gainera, ligaxkako partida batek eta final batek ez dute antzik; finalean tentsio handiagoa dago». Ez du uste Barrenetxea IV.a baino sasoi hobean dagoenik ere. «Hark baino emaitza hobeak lortu ditut nik, baina aurrekoak ez du ezertarako balio. Saiatuko naiz arreta osoa nire jokoan izaten eta indartsu aritzen».

Azaldu duenez, «oso gustura» ari da. Emaitzek ere hori diote, bigarren txapela irabaz baitezake urtea hasi berritan, urtarril hasieran binakakoa irabazi baitzuen Aritz Zubirirekin batera. Iragana da iazko buruz burukoan eskuin eskuan izandako lesioak eragindako ezina. «Ikaragarri sufritu nuen, eta oso gaizki pasatu nuen. Orain, ordea, gozatzen ari naiz, berriro bainago sasoi betean». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.