Al-Nassr taldeko jokalaria

Iñigo Martinez: «Kolpe asko hartu ditut nire ibilbidean, baina ez naiz ezertaz damutzen»

Athleticek eta Bartzelonak elkarren aurka jokatuko dute gaur, Nou Campen (16:15, La Liga). Iñigo Martinez bi taldeetan aritu da, eta Bartzelona dauka irabazteko faboritotzat: «Baina Athleticek ezustea eman dezake. Behetik gora egingo du hemendik aurrera».

(ID_17637206466615) Iñigo Martinez Al-Nassr taldeko jokalaria.
Al-Nassr
jon eskudero
2025eko azaroaren 22a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denboraldi hasieran Bartzelona utzi zuen Iñigo Martinezek (Ondarroa. Bizkaia, 1991), eta Saudi Arabiako Al-Nasser taldearekin fitxatu zuen. «Lehen hilabeteak ezohikoak izan ziren, hemengo bizitza oso ezberdina baita, baina ari gara egokitzen». Handik ikusiko du Bartzelonaren eta Athleticen arteko gaurko partida.

Bi taldeetan aritu zara zu. Zer-nolako partida espero duzu?

Bartzelona oso talde indartsua da etxean, eta faborito izango da. Baina Athleticek behetik gora egingo du aurrerantzean, hala iruditzen zait. Sasoia ez du ongi hasi, min hartutako jokalari asko izan du, baina erne hemendik aurrera. Baliteke sorpresa ematea Bartzelonaren aurka. Nik bi taldeetan lagun asko ditut, eta horrekin geratzen naiz. Adibidez, Superkopako finalerdia elkarren aurka jokatuko dute hemen, Saudi Arabian, eta ni bi taldeen hoteletara joango naiz. Haiekin egoteko irrikaz nago.

Euskal selekzioaren eta Palestinaren arteko partida ikusi al zenuen?

Bai, ikusi nuen. Eta nahi nuen partida horretan parte hartu, baina ezin izan nuen, lan saioa neukalako nire taldearekin. Benetan diot pena izugarria hartu nuela ezin jokatzeagatik. Beti erakutsi dut konpromisoa euskal selekzioarekin, eta are gehiago orain. Ematen baitu pausoak ematen ari dela ofizialtasunaren bidean. Euskalduna naiz, eta gustatuko litzaidake beste selekzio ofizialen aurka lehiatzen ikustea euskal selekzioa.

Hilabete batzuk badira Saudi Arabian bizi zarela. Zer moduz doakizu bizitza?

Oso ondo. Lehen hilabeteak ezohikoak izan ziren, hemengo bizitza oso ezberdina baita. Beste kultura bat, beste hizkuntza bat… Gauzak asko aldatzen dira, baina ari gara egokitzen, eta gustura gaude familian. Nirekin etorri ziren emaztea eta haurrak, eta ez gara damutzen. Ohitzea da kontua. Barruan egiten dugu bizitza. Urbanizazio batean bizi gara, eta bertan eskura daukagu behar dugun dena. Haurrentzako eskolak ere urbanizazioan bertan daude, eta horrek dena errazten digu. Kanpora oso gutxi irteten gara, jatetxeren batera edo merkataritza guneren batera ez baldin bada. Europako jendeaz inguratuta gaude, eta sarritan ez du ematen Arabian gaudenik ere.

Aymerik Laportek Athleticerako bidea hartu zuen udan, jendaurrean aitortu ondoren ez zela egokitu Saudi Arabiako bizitzara. Ez da zuen kasua, ezta?

Akaso Laporte bizitzeko ideia batekin etorri zen, eta ez zuen aurkitu nahi zuen hura. Nik hitz egin nuen harekin hona etorri baino lehen, eta guk bagenekien nora gentozen. Jarrera irekiarekin etorriz gero, haiek ere asko laguntzen dute. Ikasteko gogoz gaude, esperientzia berriak bizitzeko ilusioz.

Kirol arloari dagokionez, jaso zenuen eskaintzari ezezkoa esatea ezinezkoa zela aitortu zenuen. Hainbesterainokoa al zen eskaintza?

Ikusi besterik ez dago Arabiako futbola nola dagoen eta zenbat diru gastatzen ari den fitxaketetan. Europako ligen pare jarri nahi dute, eta esfortzu handia egiten ari dira bide horretan; baita ekonomikoki ere. Niri eskaini zizkidaten kopuruak potoloak ziren, eta baiezkoa esatea erabaki genuen. Apustu egin zuten nire alde, eta, hainbat alor aztertu ondoren, etorri egin ginen. Nire adina kontuan hartu genuen: bagenekien ez zaizkidala urte asko geratzen goi mailan, eta, gainera, probatu nahi nuen zerbait ezberdina.

Erabakia hartzea erraza izan al zen?

Izugarri kostatu zitzaigun. Buruari buelta asko eman genizkion, eta ez soilik kirol arloari begira. Familia osoa tokiz mugitu beharrak izua sortzen zigun. Baina balantzaren alde banatan jarri genituen aldeko eta kontrako faktore denak, eta baietzak irabazi zuen. Lan gutxik eman dezakete halako aukera bat, eta futbolak badu hori: beste herrialde eta kultura bat ezagutzeko ateak irekitzen dituela. Egia da emazteari gehiago kostatu zitzaiola hemengo bizitzara egokitzea, baina ari gara lortzen. Zoriontsu gara.

Zoriontsu izan al zinen Realean?

Noski, nola ez. Realean hazi eta hezi nintzen, eta beti esan dut han pasatutako urteak izan zirela onenak. Gazterik sartu nintzen Zubietan, eta profesional mailan debuta egitea ikaragarria izan zen. Realari beti egongo natzaio eskertuta aukera hori eman zidalako. Maitasun handiz oroitzen ditut bertan emandako urteak.

Zer oroitzen duzu bereziki?

Momentu on asko bizi izan nituen, eta ederra izan zen nire estreinako gola Lehen Mailan. Zelai erditik egin nion gola Athletici. Derbi batean hori egin izana latza izan zen. Horretaz gain, lagun asko egin nituen, eta askorekin harremana dut oraindik ere. Ez soilik jokalariekin, baita fisioterapeutekin eta langileekin ere. Horrekin geratzen naiz.

Neguko merkatu batean joan zinen Athleticera, eta erabakiak hautsak harrotu zituen. Nola oroitzen dituzu egun haiek?

Oso egun gogorrak izan ziren. Banekien erabakiak zer ekarriko zuen, eta, halere, taldez aldatzea erabaki nuen. Banekien nire erabaki bat zela eta ez nuela jendearen iritzia kontuan hartu behar. Bakoitzak nahi duena egiteko askatasuna du; ez bakarrik futbolean, baita bizitzan ere. Nik jendearen iritzia errespetatzen dut, eta nahi dudana da haiek ere nirea onartzea. Pertsonalki etapa zail bat bizitzen ari nintzen, aldaketa bat behar nuen, eta Athleticek deitu zidan. Mesede egin zidan beste multzo bat ezagutzeak eta ilusioak biziberritzeak.

Athleticera joatean, esan zenuen irabaztera zindoazela. Espainiako Superkopa bat irabazi zenuten, gehiago ez.

Pena dut nahi adina irabazi ez izanagatik, eta kolpe galantak izan ziren galdutako Kopako bi finalak. Europan gehiago lehiatzea ere nahi nuen, baina ez zen posible izan. Izenez talde ona genuen, baina emaitzek ez ziguten lagundu. Zorteak ere ez. Futbola ziklikoa da, eta ez zitzaizkigun hain urte oparoak tokatu. Nire lehentasuna zen nire lana ongi egitea, eta uste dut horretan konplitu nuela. Kontzientzia garbi daukat, eta ez naiz ezertaz damutzen.

Realetik ez ezik, Athleticetik ere ez zinen nahi bezala atera.

Gustatuko zitzaidan era on batean amaitzea Athleticeko aroa, baina gauzak horrela gertatu ziren. Arantza barruan nuen titulu handirik lortu ez genuelako, baina gabarra uretara atera zen egunean Bilbon izan nintzen. Sentitzen nuen Kopako tituluaren jabe nintzela. Emazteari ez ezik, Xavi Bartzelonako entrenatzaileari aurrez esan nion Athleticek Kopa irabazten bazuen Bilbora joan beharra neukala. Ulertu zuen nire erabakia. Ni bezalaxe, nire alabak ere Athleticeko zaleak dira, eta nahi nuen egun hura bizi zezaten. Barku batean joan ginen gabarraren atzetik, eta egun ederra pasatu genuen. Betiko oroitzapenak bizi izan genituen.

Realak eta Athleticek Kopa irabazi zuten zuk bi taldeak uzterakoan. Eurokopa bati ere uko egin zenion arrazoi psikologikoengatik. Nola eraman duzu presioa zure bizitzan?

Kasta eta nortasun gogorrekoa izan naiz, ziurrenik ondarroarra naizelako. Goi mailako kirolean buruz oso indartsua izan behar da, are gehiago futbolean. Nik onartu dut nire ibilbideak eman didan guztia, aldeko eta kontrako gauzekin. Ez naiz ezertaz damutzen. Futbola lan moduan hartu dut beti, eta badakigu gure mundu hau kapritxoz josita dagoela. Kolpe handiak hartu izan ditut, txistu asko entzun ditut, baina titulu batzuk ere irabazi ditut, Bartzelonarekin. Ez nuke ezer aldatuko nire ibilbidean.

Noiz arte jarraituko du futbolean Iñigo Martinezek?

Gorputzak kito esaten didan arte. Urteak aurrera doaz, adinak ez du barkatzen, baina momentuz gozatzen ari naiz. Bi sasoirako sinatu nuen kontratua, eta gero gerokoak. Orainean pentsatzen dut. Garbi daukat nik neuk erabakiko dudala noiz erretiratu. 

Athleticek Camp NOU berriaren estreinakoa zapuztu nahian

Ia bi urteko obren ostean, gaur estreinatuko du Bartzelonak Camp Nou berria. 45.000 zale baino ez dira bilduko oraindik, ez baita edukiera osoarekin irekiko. Bada, estreinako hori zapuzten ahaleginduko da Athletic (16:15, La Liga). Talde zuri-gorria gorabeheratsu ari da ligan, baina gaur ezustea ematen ahaleginduko da. Nico Williams, Sancet eta Ruiz de Galarreta jokatzeko moduan dira; Iñaki Williams, berriz, ez da osatu. Deialdian segitzen du Selton Sanchezek, bigarren taldeko jokalaria. Ikusteko dago Ernesto Valverde txandakatzeak egiten dituen, asteartean zuri-gorriek partida erabakigarria baitute Txapeldunen Ligan, Slavia Pragaren aurka. 

Valverdek argi esan zuen atzo: «Beldurrik gabe irtengo gara, eta punturen bat lortzeko asmoz. Ondo egiten ari garena indartu behar dugu». Bartzelonak De Jong eta Pedri faltako ditu. «Jokalari garrantzitsuak dira, baina haien tokian arituko direnak ere bai. Adibidez, Olmo eta Fermin.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.