Gutxi falta izan zaio Igor Arrietari (UAE) World Tour mailan bere lehen garaipena eskuratzeko. Axel Laurancerekin (Ineos) esprintean lehiatu da Basaurin, eta, abiatzen lehena izan arren, bigarrena izan da helmugako lerroa zeharkatzen. Nafarrak beste hamabost ziklistarekin batera egin du alde, eta ihesaldiari ginga jartzear izan da. Sena erakutsi, eta ihesaldia noiz apurtu jakin du. Haatik, txinparta falta izan zaio Laurance azken ahaleginean menderatzeko. Hirugarren Natnael Tesfatsion (Movistar) izan da, eta tropelean, lidergoa inolako arazorik gabe defendatu du Paul Seixasek (Decathlon). Faboritoen artean ez da alderik izan, baina frantziarra izan da denen buru azken metroetako malda pikoan.
Arrieta koskaz koska ari da hazten eliteko txirrindulari moduan, eta garapen horretan beste urrats bat egin du gaur. Garaipena lortzeko, ordea, arerio txarra izan du. Laurance errematatzaile fina da, eta gaurko ibilbide gorabeheratsua ederki zetorkion. Amaierako aldapa ere aukerakoa zen harentzat. Atzo erori egin zen, baina kolpeak ez zuen haren pedal kolpea kamustu. Gainera, ihesean aritzeko askatasun osoa eman dio gaur Ineosek, Kevin Vauquelin taldeburua jokoz kanpo geratu baitzen atzo sailkapen nagusian. Laurance bigarren izan zen iaz Gernikan, Ben Heallyk (Education) erakustaldi handia emanda irabazi zuen etapan. Gaur, ordea, bretoiari egokitu zaio ihesaldiari ginga ipintzea.
Mikel Landa (Soudal) ez da agertu Basauriko irteeran: atzoko etapan ezbeharra izan zuen Done Mikel Aralarkoa jaisten ari zela, auto batek harrapatuta, eta, ezer hautsi ez badu ere, lasterketa utzi beharrean izan da. Isaac Del Toro (UAE), berriz, behin etapa abiatuta jaitsi da bizikletatik. Kolpe gogorra hartu du asfaltoaren kontra, eta taldearen autoan sartu da, herrenka, Josean Fernandez zuzendariaren laguntzaz. Mailaz apal ibili zen lehen bi etapetan, eta gaur, zortea ere aurka izan du. Hori horrela, taldebururik gabe geratu da UAE ahaltsua, eta izar nagusietako bat galdu du Itzuliko tropelak. Izarrik distiratsuena, dena den, Seixas liderra da, eta biharko etapan ere horiz jantziko da.
Ihesean urrun iristeko etapa egokia zen gaurkoa; ibilbide gogorra zuen, baina ez faboritoak indar betean aritzeko bezain gogorra. Hiru mendate igo dituzte, hirurak ere etaparen bigarren zatian, eta lehenago, maldaz malda ibili dira. Hasierako fase gorabeheratsu horretan borroka bizia izan da tropeletik alde egiteko, eta asko kosta da eguneko ihesaldia osatzea; 60 kilometro pasatxo. Azkenean, hamalau txirrindulari nabarmendu dira lasterketa buruan. Multzo horretan ez zen mehatxurik Seixas liderrarentzat, baina era berean, maila handiko ziklistak elkartu dira: Arrieta, Laurance, Tobias Halland Johannessen (Uno-X), Ilan Van Wilder (Soudal), Lorenzo Fortunato (Astana) eta Guillaume Martin (Groupama), besteak beste. Joan Bou (Caja Rural) ere abenturazaleen bagoira igo da, mendiko puntuen peskizan.
Haatik, Euskaltel-Euskadiri trenak ihes egin dio etaparen hasieran. Egoera konpontze aldera, Jorge Azanza zuzendariak tiraka ipini du taldea Barrerilla mendatera bidean. Igoeraren aurretik iheslariengana hurbiltzea lortu dute, eta, behin maldan gora hasita, aurrerantz abiatu dira Jonathan Lastra eta Mikel Bizkarra. Apustu arrakastatsua izan da, aurreko multzoarekin bat egin baitute. Dena den, tropelak nahiko kontrolpean zuen egoera, Cofidis taldearen ekimenez; alde egindakoak minutu eta erdiko aldearekin iritsi dira Bikosgana mendatearen magalera, helmugatik 40 kilometrora.
Hortik aurrera, tropelaren grinak behera egin du jazarpen lanean, eta, era berean, handitu egin da ihesaldikoen itxaropena. Arrieta erasokor agertu da Bikosganan, eta eskapo egin du Sarasolan, Laurance bidaide zuela. Orduantxe erabaki da etapa. Bikoteak bidea egin du, borondatetsu jokatuta, eta bien artean jokatu dute garaipena. 4,5 kilometro falta zirela, maldan gora erritmoa aldatu du Laurancek, Arrieta nahiko larri zela ikusita. Nafarrak, ordea, ez du amore eman, eta garaipenaren bila abiatu da helmuga jada begi-bistan zutela. Nahiko urrutitik hasi du esprinta, eta itzala bezala itsatsi zaio Laurance, erritmo aldaketa zitala egin aurretik. Hamalau segundo geroago iritsi dira Tesfatsion eta Van Wilder, eta hemezortzira, Johannessen. Faboritoek, berriz, minutu bateko atzerapena izan dute.
Ganguren epaile
Gaur bezala, bihar ere herri bakarrak hartuko ditu irteera eta helmuga: Basauriri lekukoa hartu, eta Itzuliaren erdigune bilakatuko da Galdakao. Ibilbidea menditsua izango da, eta horren erakusgarri da txirrindulariek pilatuko duten desnibela: 3.200 metro. Zazpi mendate igoko dituzte guztira: hasteko, Aretxabalgane, San Pelaio, Jata eta Unbe agertuko zaizkie bidean, eta, azken 70 kilometroetan sartuta, hiru bider gainditu beharko dute Ganguren, hiru bidetatik. Lehen igoerak tentsioa eragingo du tropelean —7,9 kilometro eta %4,6—, eta soka are gehiago tenkatuko da hurrengo pasaeran —4,3 kilometro eta %8,1—. Erasorik gogorrenak, ordea, hirugarren igoeran iritsiko dira —3,2 kilometro eta %7,7—. Behin tontorrera iritsita, bederatzi kilometro eskas geratuko zaizkie helmugara iristeko.
Hankak azkenera arte zukutzeko etapa izango da, azken kilometroan malda tenteak izango baitira —gogorrenek %13ko pendiza izango dute—. Oso litekeena da faboritoen artean aldeak izatea, oso handiak izango ez diren arren. Ausartenek urrutitik saiatzeko aukera izango dute, eta, garaipenaren lehian, abantaila izango dute esfortzu labur eta bortitzetara ondo egokitzen direnek.