Lotua da arraun denboraldia, bai arraunlarientzat, bai zaleentzat. Itsasoan dago mamia, baina lurrean begira daudenek ere ematen diote zentzua lan horri: uretan bezala, lehorrean ere emozioa eta tentsioa dira nagusi, eta animo oihuekin bultza egiten diote ontziari. Bakoitzak bereari.
Estropada non, zita han. Horixe da arraunzale askoren udako plana; adibidez, Izaskun Dorronsoro eta Beñat Ormazabal ama-semeena. Tolosakoak (Gipuzkoa) dira, eta kolore urdineko kamiseta dute beti soinean: Tolosaldearena. Betidanik gustatu izan zaie arrauna, eta jarraitzaile sutsuak dira egun. Zerkausia herriko trainerua izateaz gain, eskifaiaren parte baita bataren alaba eta bestearen arreba: Garazi Ormazabal Dorronsoro.
«Senarra eta biok beti joan izan gara estropadak ikustera: Donostiara, Oriora... Beti eraman izan ditugu bai semea eta bai alaba. Gaur egun, bide horretan sartuta gaude. Hor jarraitzen dugu, eta beraiek ere jarraitu egiten digute. Gustura denok», azaldu du Dorronsorok. Baietz egin du buruarekin Ormazabalek: «Txikitatik ezagutu dugu, eta, gainera, bertako trainerua dugu. Orduan, gustura joaten gara».

Ez da itsasoko herria Tolosa, baina leialak dira hango zaleak. Lagun taldea osatua dute dagoeneko: «Normalean, ordu batean geratu eta bata bestearen atzetik joaten gara, taldean. Harreman oso ona dugu; ondo pasatzen dugu». Are: «familia» bat direla nabarmendu du Ormazabalek.
Eta gustuko tokian, kilometrorik ez. Egutegia jakin orduko hasten dira asteburuak antolatzen: afaria hemen, lotako tokia han... «Dena zehaztua izaten dugu, udako plana eginda daukagu». Galizian ere izan ziren, nola ez ba: hamazazpi lagun inguru elkartu ziren han. Nabarmendu dutenez, «plan oso bat dago estropaden atzean».
Falta ezin den bakarra, hauxe: kamiseta urdina. Gainera, Dorronsorok lan egiten duen dendan salgai ditu zaleentzako arropa eta materiala, klubari eskua luzatzeko asmoz. Hara sartu orduko nabari da Tolosaldearen jarraitzaileak direla. Horrez gain, estropadetan banderak astintzen aritzen dira Ormazabal eta beste batzuk, eta tronpetak ere eramaten dituzte. «Buila» atera, eta trainerua animatu, horixe haien eginbeharra.
Eta abestia: «TAK, TAK. TAK, TAK. TAK, TAK. TAK, TAK. TAK, TAK. Tolosaldetik etorri gara, estropada irabaztera». Bereziki gustura kantatu zuten hori Donostian jokatutako hirugarren estropadan. Tolosaldeak historiako lehen bandera lortu zuen maila nagusian, Euskotren ligan. «Itxaroten ari ginen, eta ilusio handia egin zigun», esan du Ormazabalek, eta Dorronsorok jarraitu: «Egundokoa izan zen. Hitzik gabeko eguna, oso-oso polita. Oraindik emozionatu egiten naiz». «Aldiro» ikusten omen dituzte egun hartako bideoak; baita argazkiak ere.
Gustura daude taldea egiten ari den denboraldia dela eta. Asteburu honetan bukatuko dute liga. Oraintxe, hirugarren daude, 90 puntu dituzte, eta bandera bat poltsikoan. Oriok, bigarren sailkatuak, 93 puntu ditu, eta Arraun Lagunak liderrak, 105. «Urtez urte hobetzen ari da trainerua», esan du Ormazabalek. Biek dute desio bera: bandera gehiago irabaztea.
Oñatikoa, eta Urdaibai zalea
Bitxia da konbinazioa: Oñatikoa, eta Urdaibai zalea. Barnealdeko herria da Oñati, Gipuzkoakoa, eta handik Bermeora, Bizkaira, 70 kilometro daude; kotxez, ordubete pasatxo. Baina horrelakoa da Gorka Anduaga: Oñatikoa, eta Urdaibai zalea. «2010ean hasi nintzen Urdaibai segitzen. Abuztu bukaera hartan Bermeora joan nintzen entrenamendu bat ikustera; Kontxa ate joka zegoen. Jendea, zaleak, gainean zeuden, ilusio handiz. Bi aldiz pentsatu gabe kamiseta erosi nuen, eta hortxe erabaki nuen Urdaibai izango zela nire taldea».
Aurrez telebistaz ikusten zituen estropadak, baina ez zuen «talde jakin bat maitea». Ordutik hona, Bou Bizkaia trainerua du kuttuna, eta haren atzetik dabil, hara eta hona. Estropada guztietara joaten da.

Tolosaldekoak bezala, kamiseta urdina janzten du Anduagak, baina Urdaibairena. Eta Dorronsoro eta Ormazabal ez bezala, bere kasa egiten du plana: «Denboraz joaten naiz estropada eremura, eta ikusten dut arraunlariak elkarrekin nola dauden, beroketa nola egiten duten, erreka edo itsasoa nola dagoen, korrontea, marea, ze kale tokatu den...».
Grabatu ere egiten ditu estropadak, gero aztertzeko. Eta GPS eta irrati bitartez ere segitzen du lehia. Hala ere, giroan egin du azpimarra: «Ni Urdaibairen alde egon arren, berba egin dezaket beste edozein taldetako zaleekin. Batzuk ezagunak gara; harreman ona dugu». Ahal duenean, arraunlariengana ere hurbiltzen da.
Ibilbide oparoa du Urdaibaik: azken hiru urteetan irabazi du liga, baita Kontxa ere. Aurtengoa, ordea, bestelakoa ari da izaten. Laugarren dago ligan, 121 puntu bilduta; 43 gehiago ditu Orio liderrak. «Denok genekien uda honetakoa desberdina izango zela. Iaztik hona arraunlari askok utzi dute taldea. Beste proiektu bat da, berria, jende gaztearekin eta harrobiko arraunlari gehiagorekin osatua. Orain artekoa ikusita, denboraldia ondo doa. Ea bandera bat irabazten duten. Taldea gogotsu dago». Luzera begirako proiektua dela azaldu du.
Orain artekoarekin pozik daude bi taldeetako zaleak, beraz. Euskotren ligakoek asteburu honetan bukatuko dute liga; bi estropada gehiago jokatuko dituzte Eusko Label ligakoek. Zarauzko bandera preziatua lehiatu berri dute denek, eta geroz eta gertuago dute beste bandera «berezi» bat: Kontxakoa. Gogoz daude guzti-guztiak: arraunlariak eta zaleak.