Roso Buch. Gernikako jokalaria

«Malosten emaitza ona lortzea funtsezkoa izango da»

Gaur jokatuko du Gernikak ligako kanporaketetako aurreneko partida. Etxean arituko dira Anna Montañanarenak lehen partidan, eta Zaragoza izango dute aurrean, Espainiako Kopa irabazi duen taldea.

HEIKE KLAR / GERNIKA.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Sasoi gorabeheratsua egin ostean, ligako kanporaketetako lehen partida jokatuko du Gernikak gaur (20:00, ETB4). Espainiako Kopako txapelduna izango dute aurrean, Zaragoza, baina Roso Buchek (Mataro, Herrialde Katalanak, 1992) «konfiantza osoa» dauka taldearengan.

Zer moduz dago taldea?

Ondo gaude. Malosten lehen partida jokatzea positiboa da guretzat. Zaleei eta geure buruari garaipena eskaintzeko gogoa dugu, urte ona izan delako, baina gogorra era berean. Gorabehera asko izan ditugu, baina uste dut Zaragozari aurre egin diezaiokegula, nahiz eta haiek Kopako txapeldunak izan. Malosten emaitza ona lortzea funtsezkoa izango da.

Zaragoza izango duzue aurkari. Modan dagoen taldea da, Kopa irabazi ostean…

Bai, dudarik gabe. Modan dagoen taldea da, eta hodei batean daude. Konfiantza handiarekin datoz, Kopa inork espero ez zuenean irabazi ondoren, eta zale ugari elkartzen dituzte pabiloian. Oso aurkari gogorra da. Talde osoa direla erakutsi dute, eta bolada hartzen dutenean oso zailak dira gainditzen. Denboraldiko jokalaririk baliotsuena daukate, Leonie Fiebich, eta talde bikaina. Hala ere, guk ere talde ona dugula uste dut, eta ziur nago errespetu handiz etorriko direla.

Konfiantza aipatu duzu. Gehiegizko konfiantza, akaso?

Ez nuke jakingo esaten. Noski gerta daitekeela, baina profesionalak dira, eta iraganak axola ez duela jakiteko adina esperientzia dute. Egia da asko hitz egiten ari direla Zaragozari buruz, baina Liga ez da Kopa. Kanporaketak oso zailak dira, joan-etorriko partidekin. Kopan zaleen abantaila izan zuten partida guztietan, baina kanporaketek erregulartasuna eskatzen dute partida askotan.

Zaragozara abantaila lortuta joatea da helburua, ezta?

Malosten lehen partida jokatzea erabakigarria izan daiteke. Garaipen ona lortuz gero, Zaragozara barrenak hustera joango gara, baina egia da hemen galduz gero zaila izango dela Zaragozan kanporaketa iraultzea. Hala ere, konfiantza osoa daukat nire taldearengan.

Zein izango da kanporaketako gakoa?

Giltza Markeisha Gatlingek izan dezake. Kopan jokalari erabakigarria dela erakutsi zuen. Mariona Ortizek, Fiebichek eta Vega Gimenok lan bikaina egiten dute. Lau jokalari horietan oinarritzen da taldearen zati handi bat, baina jokalari asko dituzte, eta horrek Kopa irabazteko bidea eman die.

Zona barruan oso indartsuak dira. Bertan daukazue zuek hutsunerik nabarmenena, ezta?

Bai, argi dago. Jokalari txikiak gara, eta, gainera, lesioekin hainbat arazo izan ditugu pibot postuan. Saski azpian elkarri laguntzea garrantzitsua izango da. Annak askotan esaten digu errebotean ligako txarrenetakoak garela [barrez], eta sufritu egingo dugu. Tamainaz txikiagoa izateak, berriz, abiadura handian jokatzeko aukera ematen digu, eta gure armak erabiltzen saiatuko gara.

Beste behin, Europako kanporaketak, Kopa eta ligako kanporaketak jokatuko dituzue. Gernikaren proiektua ligako onenen artean finkatu da?

Bai, erabat. Hiru aldiz jarraian iritsi gara Kopako finalerdietara, eta urte batzuk daramatza klubak Kopara eta kanporaketetara sailkatzen. Gernikak lan handia egiten du, eta fruituak jasotzen ari da, talde guztiak jokalari oso onekin indartzen diren liga batean. Emakumezkoen saskibaloiaren aldeko apustu sendoa egiten dute, eta harro egoteko modukoa da.

Kopan 10.000 lagun bildu ziren finalean. Zer balorazio egiten duzu?

Oso positiboa da. Antolakuntza oso ona izan zen, eta giroa paregabea. Finala harmailetatik ikusteko aukera izan nuen, eta itzela izan zen. Beste behin frogatu zen emakumezkoen saskibaloia hazten ari dela, eta apustua indartsua bada, jendeak erantzun egiten duela. Atzerriko jokalari bikainak etortzen dira gure ligara, eta klubak eta babesleak ere apustu handiagoa egiten ari dira. Bide ona da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.