Bilbo Basketeko jokalaria

Manex Ansorregi: «ACB ligan aritzeko aukerak ez nau ezustean harrapatu»

Ansorregi Bilbon arituko da datorren denboraldian. «Horrelako talde batek deitzen dizunean, zaila da ezetz esatea», adierazi du. ACBn eta Europan debuta egiteko aukera izango du..

Manex Ansorregi. JON URBE / FOKU
Manex Ansorregi. JON URBE / FOKU
Azkoitia
2026ko uztailaren 31
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Entrenamendua bukatu eta zuzenean etorri da elkarrizketa egitera Manex Ansorregi Bilbo Basketeko jokalari berria (Azkoitia, Gipuzkoa, 2002). Hiru urte Gipuzkoa Basketekin Espainiako Saskibaloi Federazioko Lehen Mailan aritu eta gero, ACBra pausoa ematea lortu du. Kantxan intentsitate handia duen jokalaria da, eta defentsako lanean ahalegin betean aritzen da beti. Jokatzeko denbora lortzea izango da azkoitiarraren helburu nagusia; horregatik, denboraldiaurrera indartsu iristeko lanean dabil jada.

Gipuzkoa Basketen hain ondo arituta, espero zenuen Bilbo Basketek edo ACBko beste talderen batek deitzea?

Ez da pentsatu dudan gauza bat. Donostian nengoenean, bertan nuen arreta osoa; ez naiz gauza asko pentsatzea gustatzen zaion pertsona bat. Halakoak ezin direnez kontrolatu, ez diet kasu handirik egiten halakoei. Baina egia da aurreko urtean elkarrizketa batzuk egon zirela talde batzuekin; beraz, pentsatzen nuen lehenago edo beranduago aukeraren bat iritsiko zela. Hala ere, saiatzen nintzen egunero ahalik eta ondoen aritzen, uste bainuen horrek jarraipena edukiko zuela toki batean edo bestean. Ez nau ezustean harrapatu, eta aukera honekin oso gustura eta gogotsu nago.

Jaume Ponsarnau eta, batez ere, Mikel Odriozola ezagutzen dituzu. Izan al du eraginik horrek?

Bai; azkenean, talde berri batera joatean, entrenatzaileak eta laguntzaileak ezagutzeak beti errazten du dena. Jaumerekin bi udatan aritu nintzen lanean Espainiako selekzioan, eta Mikel lau urtetan izan da nire entrenatzailea. Biek ezagutzen naute, badakite zer eman dezakedan eta zer ez. Gainera, entrenatzaile batek ezagutzen bazaitu eta nahi zaituela esaten badizu, oso zaila da ezetz esatea.

Azken urte hauek Espainiako Saskibaloi Federazioko Lehen Mailan egin dituzu, zer uste duzu aldatuko dela ACBn?

Nik uste gehienbat arlo fisikoan egongo dela saltorik handiena. Gero, Europan jokatu behar dugu, eta azken urte osoan soilik hiru aldiz eduki ditut astean bi partida. Horregatik, salto bat egongo da prestatzeko eran. Azkenean, esperientzia eta izen handiko taldeen aurka jokatuko dut; beraz, ikasteko urte on bat izango da, eta gogo handiz nago horretarako.

ACBn jokatzeko denbora izateko, zure ustez zertan hobetu behar duzu?

Lasai hartu beharreko zerbait da; ezin da maila gorenera iritsi, eta jokatzeko denbora eskatzen hasi. Badakit pixkanaka joan beharko dudala, eta inork baino gehiago egin beharko dudala lan. Nire ahulezietan zentratu beharko dut, eta, udan, horiek hobetzeko lanean ari naiz. Lasai eta pixkanaka hartuko dut.

Zertan lagundu diezaiokezu taldeari?

Intentsitate eta fisiko aldetik, maila handitzen. Azken urteetan horregatik nabarmendu naiz, defentsa lanetan jartzen nuen intentsitateagatik. Orain arte bezala jarraitu behar dut, gauza berdinak egiten ahalegindu, eta, taldeak edozer behar duela, hori egiten saiatu.

«Entrenatzaile batek ezagutzen bazaitu eta nahi zaituela esaten badizu, oso zaila da ezetz esatea»

Zein da orain zure helburua?

Gehienbat, taldean nire lekua egitea izango da. Zaila da horrelako talde batean hori lortzea. Aurreko urtean, adibidez, ACBko kanporaketak jokatu zituen, eta FIBAren Europako Kopa irabazi zuen. Badakit talde oso on batera natorrela, eta oso zaila izango dela bertan leku bat egitea edo hasieratik jokatzen hastea. Talde barruan pixkanaka nire lekua egitea eta jokatzeko denbora irabaztea, hori izango da lehen helburua. Gero, denbora hori lortu edo ez, ondo egin edo gaizki, beste helburu batzuk jarriz joango naiz.

Europan ere debuta egiteko aukera edukiko duzu. Gogotsu zaude?

Bai, bai. Astean bi partida izanda, gehiagotan jokatzeko aukera dago. Niretzat ona dela iruditzen zait, partida gehiago daudelako eta batean edo bestean jokatzeko aukera gehiago daukadalako. Ez dut askorik pentsatu nahi; entrenatzaileak jokatu egin behar dudala esaten badit, dena emango dut, eta, ez dudala jokatuko esaten badit, jokatzeko nire esku dagoen guztia egingo dut.

Multzo gogorra tokatu zaizue Europan: Alba Berlin, Slavia Praga eta Igokea, zer espero duzu?

Alba Berlin izango da indartsuena, orain arte telebistan ikusi dudan talde bat da. Ez dut uste ezer galtzeko daukagunik, gu ez gara beste taldeak baina gutxiago. Gehienbat gure lana ahalik eta ondoen egiten saiatzea izango da garrantzitsuena, eta horrek erakutsiko du zein mailatan gauden txapelketan.

Sei fitxaketa egin ditu jada taldeak, eta zu horietako bat zara. Zer esan nahi du horrek zuretzat? Zer itxura hartzen diozu taldeari?

Horrelako talde batek deitzen dizunean, zaila da ezetz esatea. Gainera, etxetik gertu dago; beraz, ezin dut gehiago eskatu. Alde horretatik oso gustura nago. Oso itxura ona hartzen diot taldeari. Ez dut inor ezagutzen, baina, esan didatenagatik, oso talde ona da. Gainera, izen eta esperientzia handiko jendea dago. Ikasteko aukera ona izango da niretzat. Talde gisa biribila iruditzen zait. Gero, azkenean, lanak jarriko gaitu gure lekuan, baina, multzoa ikusita behintzat, oso talde ona gara.

Taldekideak ezagutzeko gogotsu zaude?

Egia esan, bai. Aukera hau aprobetxatu nahi dut. Esperientzia berri bat da niretzat, liga berri bat. Hasieran, zaila izango da nire lekua egitea, baina badakit esperientzia askoko jendeak lagunduko didala, eta hori oso garrantzitsua da niretzat.

«Lasai hartu beharreko zerbait da; ezin da maila gorenera iritsi, eta jokatzeko denbora eskatzen hasi»

ACBko goi mailako jokalarien aurka eta pabiloi handietan jokatzeko aukera izango duzu. Bada ilusioa pizten dizun baten bat?

Betikoak: Madril, Bartzelona eta Baskonia. Beti telebistan ikusi izan ditut, eta, batzuetan, bertara joan izan naiz partidak ikustera. Orain bertan jokatzea zirraragarria izango da. Edozein partida jokatzea berezia izango da; Europan, adibidez, ez dut inoiz jokatu hainbeste bidaia eginda. Oraingoz denak oso itxura ona du, ea gero zer moduz joaten den. Gogo handia dut talde horien aurka jokatzeko. Jokalariei dagokienez, Espainiako selekzioan taldekide izan ditudan horiek pizten didate ilusiorik handiena. Lagunak ditut, eta haien aurka jokatu dut beheko mailetan, eta orain ACBn jokatzea oso berezia da.

Hiru denboraldi egin dituzu Gipuzkoa Basketen, gehienbat zer ikasi duzu?

Saskibaloi profesional mundu honek nola funtzionatzen duen ikasi dut. Azpeitian, Espainiako Saskibaloi Federazioko Lehen Mailan jokatzeko zortea eduki nuen, baina ez dut uste berdina zenik. Azpeitian entrenamenduak bukatu eta zuzenean lagunengana joaten nintzen, edo etxera. Donostian, ikasi dut entrenamendu aurretik nire lana egin behar nuela, eta ondoren gehiago entrenatzen geratu behar nuela. Gainera, oso jende ona ezagutu dut, egunero niri laguntzeko prest egon dena, eta, modu horretan, egunero zerbait ikasten nuen. Aurretik jokatua nuen igoerako kanporaketa bat, baina Gipuzkoa Basketekin hiru urtez jarraian lortu genuen. Neure burua pixka bat gehiago ezagutzeko balio izan dit, zertan hobetu behar nuen, eta zertan nintzen ona jakiteko. Hiru urte oso on izan dira, eta oso eskertuta nago Gipuzkoa Basketi.

Bilbao Basketek aspaldi ez zuela euskal jokalaririk fitxatzen, eta ACBn ere oso euskal jokalari gutxi daude. Zer dela eta?

Lehen Mailara iristea beti da zaila, euskalduna izan zein beste leku batekoa. Hala ere, garrantzitsua iruditzen zait euskal taldeek hemengo jokalarien alde apustu egitea, horrek askotan zaleekin lotura bat egiten laguntzen baitu. Gainera, bertako jendeak ere maila badaukala eta balio dutela demostratzeko aukera du.

Fitxaketa aurkezteko, zure etxekoekin egin zuten bideoa. Zer sentitu zenuen?

Oso polita, oso hunkigarria izan zen. Fitxaketa iragarri behar zutela esan zidaten, eta argazkiak ateratzera joan behar nuela Bilbora. Gela batean bideoa jarri zidaten. Egunero ondoan dudan jendeak nitaz horrela hitz egitea oso berezia da, pozik sentiarazten nau. Oso eskertuta nago Bilbo Basketekin eta bideoan agertzen diren denekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA