Aritz Lopez Garai. Nuadhibu taldeko entrenatzailea

«Munduko edozein tokitan entrenatzeko prest nagoela uste dut»

Otsailaz geroztik, Mauritaniako Ligako Nuadhibu taldeko entrenatzailea da basauriarra. Partida bakar bat ere galdu gabe irabazi du liga, eta beste denboraldi baterako berritu du. «Kirol arloan gauzak ondo doaz».

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Iñaki Berastegi.
2023ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Etxean aste batzuk igaro eta gero, hilaren 19an Afrikara bueltatuko da Aritz Lopez Garai (Basauri, Bizkaia, 1980). Mauritaniako talde indartsuena da Nuadhibu, eta abuztuan Afrikako Txapeldunen Ligako atariko kanporaketak jokatuko ditu Nuakxot hiriburuko taldeak. «Ikusi nahi dut talde hau noraino irits daitekeen». Espainiako ligetan entrenatzeko bi eskaintza izan ditu, baina uste du Mauritanian jarraitzea dela «onena» bere ibilbidearentzat.

Mauritanian beste denboraldi batez jarraitzea erabaki duzu. Zergatik?

Kirol arloan gauzak oso ondo joan direlako. Taldearen helburua da klubaren historian lehen aldiz Afrikako Txapeldunen Ligako multzoen faserako sailkatzea, eta ilusio horrekin ari gara lanean. Talde polita dugu, eta, etxetik urrun egon arren, profesionalki asko eman dit esperientzia honek.

Asko kostatu zaizu erabakia hartzea?

Bai. Azken finean, etxetik eta familiarengandik urrun egotea ez da erraza. Espainiako ligetan entrenatzeko bi aukera izan ditut, bata etxetik nahiko gertu gainera, baina klubarekin eta denekin hitz egin ostean, uste dut nire kirol ibilbidearentzat onena Mauritanian jarraitzea dela.

Otsailean, Mauritaniako talde baten eskaintza jaso zenuenean, zer pentsatu zenuen?

Lehenik eta behin, Mauritania Afrikan zehazki non zegoen begiratu nuen. Mapan kokatu, eta bertan futbola nolakoa zen ikusten hasi nintzen, ez baita lurralde oso ezaguna. Wyscout edo Instat plataformen gisakoei esker, gaur egun futbola ikustea oso erraza da, eta klubetik ere gauzak erraztu zizkidaten.

Hala ere, erabakia hartzea ez zen erraza izango.

Ez, zure ibilbidearen norabidea aldatzea delako. Jokalari gisa atzerrian jokatu dut, baina entrenatzaile gisa Espainiako Bigarren Mailako lau taldetan aritu naiz. Baina ikusi nuen merkatu horretan tokia aurkitzea ez zela erraza izango, ez zitzaizkidalako eskaintza interesgarriak ailegatzen.

Nuadhibu taldea nolakoa da?

Mauritaniako talderik garrantzitsuena da, liga gehien irabazi duena. Espainiako Ligarekin alderatuz gero, Real Madril izango litzateke. Han bizpahiru talde daude maila antzekoa dutenak, eta gainontzeko guztiak maila horretatik nahiko urrun daude. Presidentea hiriburuko pertsona garrantzitsua da, eta bere ametsa da Nuadhibuk Afrikako Txapeldunen Ligan zeresana ematea.

Zer nabarmenduko zenuke Mauritaniako futbolaren mailaz eta bertako selekzioaz?

Selekzioa pixkanaka aurrerapausoak ematen ari dela esango nuke. Irailean partida oso garrantzitsua dute Gabonen aurka, etxean: irabaziz gero, datorren urteko Afrika Koparako sailkatuko da, bere historian hirugarrenez. Kamerun, Boli Kosta, Maroko eta Nigeriaren mailatik urrun dago oraindik.

Afrikako futbola fisikoa eta taktikoki anarkikoa dela esan ohi da. Hala da?

Bai, halako zerbait. Fisikoki oso gaitasun handiko jokalariak daude, baina euren gabezia nagusia edo hobetzeko gehien dutena jokoaren ulermena da. Ez Mauritanian bakarrik, Afrika osoan baizik.

Beste futbol mota batekin joan zara zu hara. Asko kosta zaie zure ideia barneratzea?

Espainiako ligetan ariketa baten dinamika berehala ulertzen dute, eta han, aldiz, agian egun batzuk behar dituzte. Gakoa da ariketa horiekin jokalariari hobetu egingo duela ikusaraztea, eta hori denbora kontua da. Egunero gauza bera errepikatzeak ez nau nekatzen. Aurrerapauso handia eman dugu hilabete hauetan.

Ideiak helarazteko, hizkuntza gakoa da. Nola ulertzen duzue elkar?

Mauritanian gehienbat arabieraz eta frantsesez hitz egiten dute jokalariek. Azkenerako, klubak frantses itzultzaile bat jarri zigun, eta, itzultzaile lanak egiteaz gain, guri ere frantses apur bat irakatsi digu. Orain, frantsesez agindu batzuk emateko gai naiz.

Zer diote bertakoek zuri buruz?

Ez dela batere ohikoa europar bat han entrenatzen aritzea. Askotan, ez dute ulertzen zer egiten dudan nik han, Espainiako Bigarren Mailako lau talde entrenatu eta gero. Han aritu diren entrenatzaile gehienak senegaldarrak, mauritaniarrak eta frantsesen bat edo beste dira. Cristian Bustos izan da betidanik nire bigarren entrenatzailea, eta hemen ere batera gaude. Bizitza batera egiten dugu Cristianek, taldeko itzultzaileak eta Luis Fuertes Mauritaniako Futbol Federazioko kirol zuzendariak; haren bitartez ailegatu zitzaidan Nuadhibu entrenatzeko eskaintza.

Bizimoduari dagokionez, aldaketa handia izan da?

Bai, oso handia. Umeak kalean eskean ikustea da gehien erasaten nauena. Jatekorik ez duen jendea dago, gosea pairatzen dutenak... oso gogorra da hori ikustea. Egunero ikusten duzun zerbait da. Gainera, erlijioa ere ezberdina da, musulmana baita gehiengoa, eta hor ere aldaketa handia nabaritu dut, oso ohitura eta kultura ezberdinak ditugulako.

Familia zurekin hara eramateko asmoa zenuen, baina berehala baztertu zenuen aukera hori, ezta?

Bai, berehala. Joan naizen toki guztietara familiarekin joan naiz, baina hemen argi nuen ezinezkoa zela. Emaztea bakarrik izango balitz, bai, baina haur txiki bat ere badugu. Oporretan etorri ziren, eta haiek ere ikusi zuten zer-nolako kontrastea zegoen gure eguneroko bizitzarekin alderatuta.

Argi dago Mauritaniako abentura ez dela zure ibilbideko aro luze bat izango.

Bai, hala da. Hasieran, merkatuan jarraitzeko eta berriz ere entrenatzeko hartutako erabaki bat izan zen. Bost hilabeterako sinatu nuen, helburuak bete genituen, eta, orain, Gabonetan beste erabaki bat hartzeko garaia izango da. Denboraldi baterako sinatu dut, baina edozein momentutan taldea uzteko aukera daukat, klausula bati esker. Eurek ulertzen dute gure egoera ere zein den.

Luze gabe Espainiako Bigarren Mailan entrenatzen ikusten zara?

Egia esan, ez dakit. Mauritaniara joan aurretik, nire asmoa zen Bigarren Mailan entrenatzea, edo, bestela, Espainiako Federazioaren Lehen Mailan. Orain, hain merkatu eta herrialde ezberdin batera etorri naizen honetan, ez dakit nire etorkizuna non dagoen. Mauritanian gauzak ongi egin nahi ditut, eta, ondoren, ez dakit Afrikan jarraituko dudan, Asiara joango naizen, edo etxera bueltatzeko aukera izango dudan. Argi daukadana da futbolean gauzak egun batetik bestera aldatzen direla.

Agian Saudi Arabiara joan zintezke.

Bai, modan dago, baina han beste profil bateko entrenatzaileak bilatzen dituztela esango nuke [kar, kar, kar]. Beti esan izan dut futbol entrenatzaile bat mundu osoan dela entrenatzaile. Futbola asko gustatzen zait, eta munduko edozein txokotan entrenatzeko prest nagoela uste dut, egitasmoa interesgarria baldin bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.