Lau eta Erdiko Txapelketan pilotari bat nabarmendu bada, Ander Murua nabarmendu da. Arrasateko (Gipuzkoa) aurrelaria ezustean sailkatu da finalerdietarako. Ezustean, bai, Aspek azken orduan deitu baitzion A serieko lau eta erdikoan aritzeko, Dario Gomezek min hartu eta gero.
Muruak ezustean jokatuko du finalerdietan, baina ondo merezia ere bai, bikain aritu baita orain arte. Lehenbizi, Beñat Senar kanporatu zuen final-zortzirenetan, eta final-laurdenetako ligaxkarako sailkatu. Horretan, berriz, Aitor Elordiri eta Joseba Ezkurdiari irabazi die, eta finalerdietara igaro.
Dariok min hartzeak ate bat ireki zion, eta barruraino sartu da Murua. Maila nagusiko txapelketa batean aritu den lehen aldian egin du hori. Javier Zabala izan zen A seriean aurreneko aldiz aritu eta finalerdietara iritsi zen azkena. 2024an egin zuen, buruz burukoan. Hark egindakoa berdindu du Muruak. Hain zuzen, Zabalaren aurka jokatuko du arrasatearrak finalerdia, igandean, Gasteizko Ogeta frontoian (17:15, ETB1). Irabazten badio, hark egindakoa hobetuko du.
Muruarengatik ez balitz, lehengo lepotik izango luke burua lau eta erdiko azken txanpak; izan ere, ligaxkako azken partidan Muruak Joseba Ezkurdiaren aurka galdu izan balu, iazko lau pilotari berberak ariko lirateke finalerdietan: Zabala, Jokin Altuna, Peio Etxeberria eta Ezkurdia. Are gehiago, iazko finalerdi berberak jokatuko lirateke: Etxeberria Altuna III.aren aurka, eta Zabala Ezkurdiaren kontra. Baina Muruak eragin du aldaketa.
Murua berria da. Zabala, berriz, luzarorako etorri da, itxuraz. Iaz finala jokatu zuen, eta aurten finalerdietan dago jada. Azkar egin zituen etxeko lanak, ligaxkako lehen bi partidetan Altuna III.ari eta Jon Ander Peñari irabazi eta gero finalerdietarako sailkatu baitzen. Galdu egin zuen azken neurketa, Unai Lasoren aurka, baina ezer gutxi zegoen jokoan. Ustez, hura da faborito Muruaren aurka, baina honezkero jakingo du ezin dela fidatu. Ez dute inoiz jokatu elkarren aurka.
Ohiko partida finalerdietan
Altuna III.ak eta Etxeberriak jokatuko dute beste finalerdia, larunbatean, Donostiako Atano III.a pilotalekuan, 17:15ean hasita (ETB1). Biak ala biak ohikoak dira lau eta erdikoaren azken txanpan: Amezketakoa (Gipuzkoa) 11. aldiz jarraian ariko da finalaurrekoan, eta Zenozkoa (Nafarroa), bosgarrenez jarraian.
Jada ohiko partida da euren artekoa, lau eta erdian bakarrik zortzi aldiz jokatu baitute elkarren aurka: bost aldiz txapelketa nagusian eta hiru aldiz sanferminetakoan. Berdinduta daude: bakoitzak lau bider irabazi du. Udan aritu ziren azken aldiz elkarren aurka modalitate horretan, sanferminetako lau eta erdikoaren final-laurdenetan, Mungian (Bizkaia), eta Altuna III.ak nagusitasunez irabazi zuen: 22-10. Baina Etxeberriak gauza bera egin zuen txapelketa nagusian parez pare aritu ziren azken aldian: 22-9 irabazi zion iaz, finalerdietan, Atano III.ean. Gero, txapeldun izan zen.
Bigarren urtez jarraian, Aspe enpresakoak dira A serieko finalerdietan ariko diren pilotari guztiak. B seriean, berriz, Baiko da nagusi. Hiru dira enpresa horretakoak: Unai Amiano, Iraitz Zubizarreta eta Beñat Zubizarreta. Aspekoa, berriz, bakarra dago: Xabi Rekalde. Ostiralean jokatuko dituzte finalerdiak, Idiazabalen (Gipuzkoa), 21:00etan hasita (ETB1). Lehenik, Amiano eta Rekalde ariko dira elkarren aurka, eta, ondoren, Zubizarreta anaiek neurtuko dituzte indarrak.