Aurtengo denboraldia bikain hasi du Ampo Ordiziak, besteak beste Simone Ragusi (Milan, Italia, 1992) entrenatzaileari esker. Udan iritsi zen Ragusi Goierriko errugbi taldera, eta bi denboraldirako kontratua sinatu. Irlandan lau urte egin ostean, bestelako esperientzia bat nahi zuen Ragusik: «Italian banuen aukera bat, Irlandan lanean jarraitzeko modua ere bai, baina erronka polita iruditu zitzaidan Ordiziara etortzea», aitortu du.
Ordiziak fitxatu aurretik, ez zekien ezer klubari buruz, esan duenez, baina jada izan du aukera ikasteko: «Historia pixka bat ikasi dut, neurketa asko ikusi, eta kazetarien artikulu dezente irakurri». Uste du Ordiziak onenen aurka lehiatzeko anbizioa duela, eta horrek «ospea» emango diola. Horrez gain, euskal kultura ezagutzeko eta Euskal Herriko talde bat entrenatzeko aukerak erakargarriagoa egin zuen Ampo Ordiziaren eskaintza.
Espainiako Ohorezko Mailako lehen sei jardunaldiak jokatu eta gero,  Gipuzkoako taldea sailkapeneko bigarren postuan dago, lehen eta hirugarren sailkatuekin berdinduta. Lehen neurketa galdu egin zuen, Liceo Francesen zelaian, baina ondoren jokatu dituen bostak irabazi. Besteak beste, ligako azken txapeldunari irabazi dio: VRACi. Hala ere, entrenatzaile italiarrak Alcobendasi gailendu zitzaizkionekoa azpimarratu du: «Alcobendasen aurka irabazteak ezarri zuen aldea, puntu baten aldearekin irabazi baikenuen. Garaipen garrantzitsua izan zen».
Ragusik ez zuen horrela hasterik espero, baina ez du ezustekoan harrapatu ere. «Nire ustez, emaitzak lanaren, entrenamenduaren kalitatearen eta jokalari bakoitzaren maila psikologikoaren ondorio besterik ez dira», azaldu du. Jokatzen ez duten jokalariak ere aipatu ditu, eta beti prest daudela azpimarratu. Daniel Conor de Brunen adibidea jarri du. Azken neurketan jokatu zuen jokalari gazte horrek estreinakoz, Cisneros taldearen aurka —45-12 irabazi zuten—. 80 minutuz aritu zen, eta, Ragusiren ustetan, «taldeko jokalari onenetako bat» izan zen.
«Beste taldeek ez bezalako nortasuna dugu, gorde beharreko arma bat»
SIMONE RAGUSI Ampo Ordiziako entrenatzailea
«Euskal nortasuna» behin baino gehiagotan aipatu du Ragusik. Kontatu duenez, Euskal Herriko historia eta kultura ezagutzen ari da pixkanaka, uste baitu elementu garrantzitsuak direla proiektua mamitzeko. Azaldu duenez, taldean inguruko jokalariak izateak erraztu egiten du nortasun horri eustea, nahiz eta beste leku batzuetatik etorritako jokalariak ere badiren. «Beste taldeek ez bezalako nortasuna dugu, gorde beharreko arma bat», nabarmendu du.
Taldeak lortutako emaitzekin pozik dagoela azaldu du Ragusik, baina hala ere, hutsegiteak ikusten hasia dela. «Nire erronka da hasieran erakutsitako joko ona doitzea, orain zehaztasun pixka bat falta baitzaigu batzuetan». Ligako datorren neurketa abenduaren 13an jokatuko dute, Burgosen aurka, haren zelaian. Bada, hutsegiteak zuzentzeko hilabete dutela aipatu du entrenatzaile italiarrak, eta tartean Espainiako Kopako bi neurketa ere izango dituzte: Les Abelles eta Ciencias taldeen aurka. Esan du partida horietan aldaketak egingo dituela jokalarien artean.
Eguneroko lanaren fruitua
Helburu garbia jarri zuen Ragusik iritsi zenean: etxetik kanpo neurketa gehiago irabaztea. Izan ere, aurreko denboraldiko emaitzak aztertuta, ikusi zuen etxeko garaipenen ehunekoa etxetik kanpokoena baina askoz ere handiagoa zela. Beraz, hori jarri du denboraldi honetarako helburutzat. Oraingoz, etxetik kanpo jokatutako hiru partidetatik bi irabazi ditu Ordiziak, eta Altamiran jokatutako hirurak; «pozik» dago entrenatzailea lan horrekin.
Orain arte jokatutako partidetan, taldea puntu asko eskuratzen ari da erasoan, baina Ragusik defentsako lana ere nabarmendu du. Azken neurketan, aurkariak hamabi puntu soilik jaso zituen taldeak, eta, entrenatzailearen ustez, funtsezkoa da hori. «Jakina, gustatzen zait nire taldeak errugbian ondo jokatzea, baina, aldi berean, ohartzen naiz irabazteko biak behar dituzula: erasoa eta defentsa».
Helburu zehatzik ez du jarri nahi izan: «Askotan esaten dudan bezala, taldearen helburua egunerokoan lehiatzea da». Eguneroko lanean jarri nahi du ahalegin guztia, eta jokalariei horixe transmititu die: «Bizitzako azken entrenamendua bazenu bezala entrenatzea da helburua, ondo entrenatzea. Egunerokoan izaten dugu hori buruan, entrenamendu guztietan». Horren ondorioz, argi du denboraldi honetan edozeinen aurka lehiatzeko prest daudela.
Denboraldia ederki hasi du taldeak, eta halaxe amaitzea espero du Ragusik: «Espero dut beste behin zurekin hitz egin eta orain bezain pozik eta konfiantzaz egotea».