Lyongo Olympique Emakumezkoen Txapeldunen Ligako final batera itzuliko da berriz, aurreko denboraldian finalerdietan kanpoan geratu ostean. Egungo txapelduna kanpoan utzita arituko da, gainera: Arsenal. Ohikoa izan da Frantziako taldea finalean egotea. 2009an hartu zuen txapelketak Txapeldunen Liga izena, eta ordutik jokatu diren 17 finaletatik—denboraldi honetakoa kontuan hartuta—12 jokatu dituzte frantziarrek. Bartzelona izango du kontrario. Pere Romeuk zuzentzen duen taldeak seigarren finala jokatuko du jarraian. Bayern Munich utzi du kanpoan finalerdietan. Alemaniako taldeak etorkizun handia du, baina ezin izan du finalerako urratsa egin. Finala maiatzaren 23an jokatuko dute, Oslon. Â
Konponbideak aurkitu
Arsenalen eta Lyonen arteko finalerdia oso taktikoa izan zen. Jonathan Giraldez eta Renee Slegers entrenatzaileek zera utzi zuten argi: jokatzeko sistema egokitzeko eta aurkariaren ahuleziak aurkitzeko duten gaitasuna. Bi arlo horiek lantzen trebeak dira. Joaneko partidan Arsenal baloiaren jabe izan zen. Lyonek, berriz, 1-4-4-1 marrazkia erabili zuen, eta bloke ertainean kokatu zen. Roussoz gain, Slegersek Smith kokatu zuen zelai erdiaren eta aurrealdearen artean. Baina Mariona eta Littel ez ziren gai izan Arsenalen eraso posizionala kudeatu eta Russo eta Smith lerro artean aurkitzeko. Beraz, Arsenalek zelai erdian zuen abantaila numerikoa eta posizionala desabantaila bihurtu zen Jule Brand Foxen bizkarrean agertzen hasi zenean. Hori baliatuta sartu zuen lehen gola Lyonek.
Frantziako taldeak ondo kudeatu zuen partida baloia zuenean. Arsenalek 1-4-4-2 marrazkia erabili zuen, eta Russorekin ondo zaindu zuen Heapsen jarduna euskarrian. Hori ikusita, Giraldezek beste jokalari behar zuen jokoa kudeatzeko eta antolatzeko, eta Ingrid Engeni eman zion horren ardura. Norvegiako jokalariak sufritu egin zuen defentsako lanean, baina erasoan gai izan zen bere taldea arerioaren zelaian finkatzeko. Nola? Dianiri pase luze gurutzatuak emanez.Â
Joko zuzenaren ahalmena
Giraldezek aldatu egin zuen taldearen marrazkia itzulerako partidan;Â bai, behintzat, bere taldeak baloia ez zuenean. Lehen neurketan bezala, Arsenalek Russo aurkitu behar zuen lerro artean, erasoan min egin nahi bazuen. Hura jokoan sartzen bada, Arsenalek aukera gehiago ditu gola sartzeko. Hori lortzeko, joaneko partidan Blackstenius bilatu zuten pase luzeen bidez, eta Russo bigarren jokaldietan sartu zen. Itzulerakoan Slegersek Mariona kendu zuen, eta Pelova sartu zuen. Helburua zera zen: Russorekin batera Lyonen euskarri bikoitzaren bizkarrera min egitea. Giraldezek 1-4-4-2 sistema erabili zuen hori ez gertatzeko. Azkenerako Russo aktibatzea ez zen nahikoa izan, taktikoki hobeto aritu baitzen Lyon.Â
Ona Batleren ekarpenaÂ
Manchester Uniteden kontra egin bezala, Bayernek 1-4-5-1 sistema erabili zuen Bartzelonaren aurka baloia ez zuenean, eta bloke ertain-baxu batean kokatu zen. Horri aurre egiteko asmoz, Pere Romeuk oso irekita kokatu zituen Brugts eta Hansen. Horrekin Bayerneko erdiko atzelarien eta hegalekoen artean zeuden tarteak handitu nahi zituen. Tarte horietan Ona Batle azaldu zen, eta min handia egin zuen joaneko partidako lehen zatian.
Baina horrek ere izan zuen alde txarrik Bartzelonarentzat. Izan ere, Bayernek zuloa topatu zuen haren bizkarrera, eta horri esker sartu zuen lehen gola. Bayernek ateko sakea egin zuenean, Buhl bizkarrez ahalegindu zen baloia jasotzen. Ondorioz, Ona Batlek gora egin behar izan zuen presioa egiteko. Horrek aukera eman zien Ktteri eta Amaniri zuloak topatu eta Bartzelonaren defentsaren egitura kolokan jartzeko.Â
Salma, erabakigarri
Itzulerako partidan, Pere Romeuk zuzentzen duen taldeak ondorengo helburua izan zuen: kanpoko erreietatik sakon jokatzea. Hala, Salmaren jarduna erabakigarria izan zen. Ona Batle gutxiago igo zen gora, Harden eta Buhl hobeto kontrolatzeko. Serrajordi eta Brugts, berriz, barruan kokatu zituen, Alemaniako taldearen atzealdeko hegalekoek gora ez egiteko. Egoera horretan, Salmak eta Hansenek buruko jokaldiak baliatu zituzten arriskua sortzeko. Bigarren zutoinean ere maiz azaldu ziren. Horri esker, Bartzelona finalean da.Â