Jon Jaunarena. Aspeko pilotaria

«Oraindik 20 urte ditut, eta pixkanaka joan behar dut; iritsiko dira aukerak»

Biharko lau t'erdiko finala irabaziz gero, Bigarren Mailako hiru txapelak jantziko ditu urte berean; orain arte, inork ez du lortu balentria hori. Dena den, leitzarrak ez du horretan pentsatu nahi.

LANDER FDZ. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Lasa Etura.
Donostia
2012ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Profesionaletako bigarren urteari amaiera ezin hobea emateko zorian dago Jon Jaunarena (Leitza, Nafarroa, 1992). Buruz buruko eta binakako Bigarren Mailako txapelak jantzi ondoren, lau t'erdiko finala jokatuko du bihar, Untoriaren aurka.

Urduritzen hasi al zara biharkoari begira?

Aurreko egunetan beti izaten daurduritasun apur bat. Beti zaude larunbata ailegatzeko gogoarekin eta partidan pentsatzen. Buruan duzu hori dena; urduritasuna eta tentsioa.

Finala irabaziz gero, Bigarren Mailako hiru txapelak jantziko dituzu. Inork ez du halakorik lortu. Buruan al duzu hori?

Egia esan, pertsona asko ari zaizkit esaten hori lor dezakedala. Nik aurrena partida honetan pentsatu nahi dut. Gero, hori lortuko banu, ederra litzateke hiru txapelak irabaztea. Iruditzen zait etorkizunean gogoratzeko oso polita izan behar duela. Baina ez dut horri buruz pentsatu nahi. Finala dut soilik buruan.

Izan ere, aurretik Untoria garaitu behar duzu. Sorbaldako minarekin ibili da errioxarra. Zer moduz ikusi zenuen pilota aukeraketan?

Ez dut uste arazo fisikorik duenik jada. Hark ere esan du ongi entrenatu dela, sorbalda ongi daukala. Beraz, guztiz osatu dela uste dut, eta ez duela arazorik izango jokatzeko.

Haren ezker eskuaren bila aterako al zara?

Hori jokatu ahala ikusiko dut. Normal hasiko naiz, behintzat. Ezkerrez ez duela arazorik izango uste dut. Normal jokatu beharko dut; alde guztiak bilatuta, ezkerra eta zabala berdin-berdin.

Nolako finala espero duzu?

Ez dakit. Hori bai, partida gogorra izango da ziur, berak beti eginarazten dizu lan asko. Irabazteko, partida guztiak asko gogortzen ditu, tanto guztiak. Defentsa oso ona dauka; tantoa asko luzatzen du. Oso gogorra izango da.

Zer egin beharko duzu Untoria irabazteko?

Dena egin beharko dut. Teoria betikoa da: ahal bada, piloteoan nagusitu, eta gero, aukera dagoenean, tantoa bukatu. Hori egiten asmatzen badut, aukera izango dut.

Ligaxkan elkarren aurka jokatu zenuten, eta 22-15 irabazi zenuen.

Bai, baina desberdina zen. Hark hamabost tanto egitearekin aski zuen finalerako, eta nik hogeita bi behar nituen. Partida hasiera gogorra egin genuen biok. Nik abantaila hartu nuen, eta hura hamabostera iritsi zenean, lasaitu egin zen. Ez du zerikusirik izango oraingoak; hau beste egun bat da, biak beste egoera batean gaude.

Aurtengo bi finalak Labriten jokatu dituzu. Biharkoa ere Iruñean da. Aurrekari onak dira.

Ez dakit. Orain arte, zortea eman dit Labriten jokatzeak bi finalak, eta ea oraingoan ere hala den. Astean zehar askotan entrenatzen naiz han; txapelketahonetan ere jokatu dut Iruñean. Beti izan dut gustuko pilotaleku hori.

Herritarrak bihar joateko leku aproposa, gainera.

Leitzatik segituan iristen zara. 35-40 minutuan pilotalekuan zaude. Jendearentzat ona da, joateko errazago dute, eta animatzeko, hobe.

Barriola da zure botilleroa. Hura finalak jokatzera ohitua dago. Eman al dizu aholkurik finalaren atarian?

Betikoa: ahal den lasaien jokatzeko eta gozatzera ateratzeko. Egia da Abelek final gehiago jokatu dituela, eskarmentu gehiago duela, eta asko laguntzen dit. Askotan, ni larri samar nabilenean, badaki zer egin: noizean behin atseden eskatu, pilota aukeratu, zer joko egin aholkatu... Hark esperientzia gehiago dauka, nik baino gehiago daki, eta ongi moldatzen naiz harekin.

Beste leitzarra, Bengoetxea VI.a, Lehen Mailako finalera sailkatu da. Hitz egin al duzue bi finalen inguruan?

Kazetarientzat argazkiren bat edo beste egin dugu, eta elkar ikusi dugu herrian. Abelek esandako gauza bera esan dit: gozatzeko ahal dudan gehiena, eta ahalik eta hobekien jokatzeko.

Leitza pozik egongo da zuekin.

Polita da ni Bigarren Mailakoan eta Oinatz nagusian ikustea. Herrian horri buruz ari dira, eta jende pilotazaleak kaletik esaten dizu. Ikusten da pozik daudela.

Nola sortzen dira hainbeste goi mailako kirolari hain herri txikian?

Beti egiten duzuen galdera da, eta ez dakit inoiz zer erantzun. Kirola egiteko afizio handia dago, eta edozein kirol egiten dugu. Ez dakit zer gehiago esan horri buruz.

Oso ondo ari zara, eta zaleek asko hitz egiten dute zure etorkizunaren inguruan. Gertu ikusten al dituzu estelarrak?

Nik astero-astero entrenatzen jarraituko dut, eta hori pixkanaka etorriko da. Lehia ere oso handia da, aurrelari asko baikaude. Zaila da, baina ni saiatuko naiz nire lekua egiten.

Behin betiko jauzia emateko gogoz?

Tira, gogoarekin edo... Oraindik 20 urte ditut, eta pixkanaka joan behar dudala uste dut. Bigarren Mailako txapelketa hauek ongi joan zaizkit, eta etorri beharrekoa etorriko da gero. Partidak ongi jokatzen baditut, iritsiko dira aukerak.

Finala irabaziz gero, ospakizun berezirik al duzu buruan?

Buruz burukoan, sozidade batean afaria egin genuen, eta oraingoan ere berdin egingo dugu. Aurrekoan dezente luzatu zen, eta oraingoan ere luzatuko da, irabazi ala galdu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.