Castroko arantza kendu du Oriok gaur etxeko estropadan. Gorka Aranberriren aginduetara, oriotarrek XIV. Orioko Kanpina Bandera irabazi dute, eta Urdaibairekiko aldea bi puntu handitu dute. «Gaur gozatu egin dugu, atzoko partez ere bai. Taldea min hartuta zegoen atzokoaren ondoren, eta erreakzionatzen jakin du», adierazi du, pozarren, estropada amaitu ostean.
Laugarren izan zen atzo Orio, baina gaur lehen ziabogan jada sei segundoren aldea zuen, eta gozatuz aritu dira arraunean. Aldea handitu dute bigarren luzean, eta hamarrekoa zen bigarren ziabogan. Estropadaren bigarren zatian, haizea aldatu egin da, bigarren txandan aritu direnen mesedetan. Aranberrik azaldu du erreferentziarik ez zuela, baina ikusten zuela txandako aurkariak non zeuden eta konfiantzaz jardun direla.
Haizetsu eta olatu artean esnatu da gaur itsasoa Orion (Gipuzkoa). Gizonezkoen txandak iritsi direnerako, baina, olatuek indarra galdua zuten, eta ez dute emakumezkoen estropadan bezain beste eragin. Are gutxiago ohorezko txandan. Oriorekin batera, Urdaibai, Hondarribia eta Getaria lehiatu dira, eta ordena horretan amaitu dute txanda. Estropadako sailkapenean, Donostiarra bigarren sailkatu da, eta Zierbena, laugarren.
XIV. Orioko Kanpina Bandera:
1.- Orio 20:16,66.
2.- Donostiarra +8.76.
3.- Urdaibai +14.70.
4.- Zierbena +17.12.
5.- Hondarribia +21.26.
6.- Getaria +21.90.
7.- Ondarroa +33.28.
8.- Lekittarra +37.80.
9.- Ares +42.58.
10 San Juan +45.86.
11.- Santurtzi +51.40.
12.- Chapela +1:00.74.
Sailkapen nagusia:
1.- Orio 56 puntu.
2.- Urdaibai 53 p.
3.- Zierbena 45 p.
4.- Getaria 45 p.
5.- Donostiarra 40 p.
6.- Hondarribia 40 p.
7.- San Juan 27 p.
8.- Ondarroa 25 p.
9.- Lekittarra 19 p.
10.- Santurtzi 17 p.
11.- Chapela 13 p.
12.- Ares 10 p.