Palestinaren aldeko pilota jaialdi solidarioa egingo dute azaroaren 23an, Galarretan

Esku pilotako, zesta puntako eta erremonteko partidak jokatuko dituzte, eta bertsolariak ere izango dira. Irabazi guztiak Palestinari laguntzeko erabiliko dituzte. Antolatzaileen artean dago, besteak beste, Oriamendi 2010 enpresa.

Elaia Gogenola eta Maia Goikoetxea, Nazioen Ligan, euskal selekzioarekin. ARITZ LOIOLA / FOKU
Elaia Gogenola eta Maia Goikoetxea, Nazioen Ligan, euskal selekzioarekin. ARITZ LOIOLA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2025eko urriaren 23a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Palestinaren aldeko jaialdi solidarioa egingo dute azaroaren 23an, 17:00etan, Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Pilotariak eskuz, zestan eta erremontean arituko dira, eta bertsolariak ere izango dira. Asmoa «Palestinako herriari laguntza humanitarioa ematea» da, eta irabazi guztiak horretarako erabiliko dira, Gernika-Palestina plataformaren bitartez. Gaur iragarri dute egitasmoa, Galarretan bertan; antolatzaileen artean daude Orimendi 2010 enpresa, hainbat pilota klub eta kirolaren eta kulturaren arloko «pertsona ezagunak».

Hasteko, esku pilotako partida jokatuko dute: Mikel Goñiren eta Elizegiren aurka ariko dira Apaolaza eta Ibai Zabala. Gero, zesta puntan, Erika Mugartegi eta Arai Lejardi lehiatuko dira Elaia Gogenolaren eta Maia Goikoetxearen kontra. Eta, amaitzeko, erremonte partida izango da: Ansa II.ak eta Aiestaran VI.ak Goikoetxea V.aren eta Larrañagaren aurka jokatuko dute. Kantuan, berriz, Andoni Rekondo eta Eli Pagola bertsolariak arituko dira.

Antolatzaileek adierazi dutenez, helburua Palestinako herriarentzat «ahalik eta babes eta laguntza handiena» lortzea da: «Jaialdiak erakutsi nahi du euskal herritarrak batuta daudela justiziaren defentsan eta elkartasunean». Ekinaldira batzeko deia egin diete elkarteei, eragile sozialei, ikasle taldeei, musika taldeei eta norbanakoei. Antolatzaileek jaialdia «euskal kulturaren eta elkartasunaren adierazpena» izatea nahi dute: «Galarretako hormek berriro erakutsiko dute euskal kirolaren bihotza ere solidarioa dela».

Sarrerak dagoeneko salgai daude www.oriamendi.eus eta www.galarretajaialai.com webguneetan. Prezioa hamar eurokoa da —hamar urtetik beherakoek sarrera doan izango dute—. Egunean bertan donazioak egiteko aukera ere egongo da. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.