Israel Premier Tech taldearen kontrako eta Palestinaren aldeko aldarrikapenek eragina izan dute berriro Espainiako Vueltan. Ekitaldi honetan bigarren aldiz, Vueltako antolatzaileek bertan behera utzi dituzte etapako azkeneko kilometroak, protestak direla eta. Bilbon hasi eta bukatu zen 11. etapa, eta helmugarako hiru kilometroren faltan eten zuten lasterketa orduan. Gaur, berriz, Poion hasi eta Mosen (Galizia) bukatu behar zuen hamaseigarren etapak, baina azkeneko zortzi kilometroak ez jokatzea erabaki dute antolatzaileek. Protestak zeuden helmugarako bi kilometro eta erdi falta zirela, eta nahiago izan dute hara ez iristea.
Bilboko etapan, antolatzaileek erabaki zuten ez zela irabazlerik egongo. Gaur, aldiz, irabazlea izendatzea deliberatu dute. Egan Bernal (Ineos) izan da lehena helmugaratzen. Kolonbiarra eta Mikel Landa (Soudal) elkarrekin iritsi dira antolatzaileek zehaztutako etapa amaierara. Aldapan gora zegoen, eta maldan gora Bernal indartsuago izan da. Landak, beraz, bigarren postuarekin konformatu behar izan du.
Sailkapen nagusiko denborak etapa bertan behera geratu den tokian hartu dituzte, eta une horretan elkarrekin zeuden Vuelta irabazteko hautagai nagusiak. Beraz, ez dago aldaketarik lehen postuetan, eta Jonas Vingegaard (Visma) dago lehen postuan. 48 segundora du Joao Almeida portugaldarra (UAE), eta 2.38ra Tom Pidcock ingelesa (Q36.5).
Bizi jokatu da etapa, eta, hori dela eta, kosta egin da eguneko ihesaldia osatzea, ia 70 kilometro. Baina, azkenean, hamazazpi txirrindularik egin dute aurrera. Sona handiko ziklistak zeuden horien artean: Bernal, Landa, Bob Jungels (Ineos) eta Marc Soler, besteak beste.Â
Iheslariek elkarrekin igo dituzte Groba eguneko bigarren mendatearen lehen aldapak, baina, tontorrerako bi kilometro falta zirela, erasoa jo du Landak. Hain berezkoan duen estiloan egin du aurrera, eskulekua azpitik helduta. Indartsu nabari zaio, bizkarreko minak ahaztuta. Berehala hasi da aldea lortzen. Haren erasoak, gainera, iheslarien taldetxoa sakabanatu du. Minutu erdiko abantaila hartu du, eta, hori ikusita, Bernal haren bila joan da. Harrapatu egin du. Jarraian, beste hiru txirrindulari batu zaizkie: Clement Braz, Brieuc Rolland (Groupama) eta Nico Denz (Red Bull). Bost txirrindulari horiek ondo moldatu dira elkarrekin kilometro askoan, eta, horri esker, atzetik zetozenen ahalegina alferrikakoa izan da.
Prado igotzen, berriz, Denz eta Rolland atzean geratu dira. Landa, Bernal eta Braz bakarrik gelditu dira buruan, baina frantziarrari gurpila zulatu zaio, eta aukerarik gabe geratu da. Landa eta Bernal buruan geratu dira bakarrik. Haien artean erabakiko zen etapako irabazlea. Baina espero baino lehenago lehiatu dira, helmugarako hamalau kilometroren faltan, antolatzaileek jakinarazi baitute ez zirela jokatuko azken zortzi kilometroak. Azken esprintean, kolonbiarra murgiarra baino gehiago izan da, eta garaipenik gabe utzi du.
Jada bi etapa geratu dira bertan behera azken kilometroetan, baina Javier Guillen Vueltako zuzendariak gaur esan du ez dutela proba bertan behera uzteko asmorik. Bihar, mendate batean bukatuko da etapa: Morrederon —lehen mailako mendatea da—. Igoera gogorra da: 8,8 kilometro luze da, eta ia %10eko batez besteko pendiza du. Aukera aproposa dirudi aldea ateratzeko.