Txirrindularitza

Palestinaren aldeko aldarriek Vueltako etapa amaiera bertan behera uztea ekarri dute

Israel taldearen aurkako mobilizazioak helmugan kalapita sor zezakeen beldurrez hartu dute erabakia antolatzaileek. Hala, hiru kilometroren faltan hartu dituzte denborak. Piken gora, Pidcock nabarmendu da.

Vueltako txirrindulariak helmuga zegoen lekuan, aurreko pasaldi batean, eta antolatzaileek protestariei ezin eutsi. MIGUEL TOÑA / EFE
Vueltako txirrindulariak helmuga zegoen lekuan, aurreko pasaldi batean, eta antolatzaileek protestariei ezin eutsi. MIGUEL TOÑA / EFE
enaut agirrebengoa
2025eko irailaren 3a
17:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilbon ez da etapa irabazlerik izan. Txirrindulariak azken txanpan sartuak ziren, eta erabaki drastikoa hartu dute Vueltako antolatzaileek: Bilboko Kale Nagusian Palestinaren alde eta Israel taldearen kontra egiteko bildu den jendetza ikusita, eta etaparen amaieran ziklisten segurtasuna kolokan egon zitekeen beldurrez, helmuga hiru kilometro aurreratu eta sailkapen nagusiko denborak puntu horretan hartzea erabaki dute. Hori jakinik iritsi dira txirrindulariak Pikeko igoera pikora, eta, hala ere, jokoan garaipena balego bezala aritu da Tom Pidcock (Q36.5). Bizi abiatu da; hainbeste, ezen gurpiletik atera baitu Jonas Vingegaard (Visma), lasterketako liderra.

Danimarkarrak harrapatu egin du jaitsieran, eta elkarrekin iritsi dira etaparen amaiera inprobisatura. Deustuko tunelaren sarreran geldiarazi dituzte. Apur bat atzerago amaitu du saioa Joao Almeidak (UAE), beste zenbait hautagairekin batera. Pidcockek ez du garaipenik lortu, baina hura izan da eguneko irabazlea. Valdezcarayn maila aparta eman zuen, eta beste erakustaldi bat egin du gaur. Almeida ez ezik, Pidcock ere gertutik zaindu beharko du Vingegaardek maillot gorriaren defentsan: hirugarren da, 56 segundora. Tartean Almeida dago, 52 segundora. Mendiko etapa gogorrenetan ziurrenik sufritu egingo du Ingalaterrako txirrindulariak, baina gutxienez podiumean sartzeko hautagaia da oraingoz. Pike gainean sei segundoko gainsaria hartu du hark, eta laukoa Vingegaardek.

Protestek ez ezik, abiadurak eta faboritoen ekinak ere tentsioa eragin du tropelean. Zazpi mendateko ibilbide gorabeheratsuan lehiatu dira txirrindulariak, eta hainbat gidoi aldaketa izan da Bilbotik abiatu direnetik. Lehenik, hiru ziklista nabarmendu dira San Pelaio igaro ostean: Mads Pedersen (Lidl), Orluis Aular eta Marc Soler (UAE). Kate motzean lotu ditu Visma taldeak; izan ere, ez zitzaien komeni Solerrek alde handia lortzerik, Almeidaren taldekidea izanik.

Morgan bakarrik abiatu da Soler, baina tropelak Gangurenera iritsi aurretik harrapatu du Almeidaren ezkutaria, 60 kilometro geratzen zirela. Birritan igo behar zuten Ganguren, eta, zain egon gabe, lehen igoeran eraso egin du Mikel Landak (Soudal). Tontorretik igarota Santiago Buitrago (Bahrain) batu zaio, baina arabarrak amore eman du Bilboko tarteko helmugatik igaro ondoren, bizkarreko minez. Giroan ornoetako haustura izan zuen, eta oraindik ez da guztiz osatu. Buitragoren abentura, berriz, Gangureneko bigarren igoeran amaitu da, Almeida oldartzearekin batera.

Piken, berriz, Pidcockek leherrarazi egin du onenen multzoa. 8,4 kilometrora oldartu da aurrenekoz, eta metro batzuk atera dizkio Vingegaardi. Irudi bera izan da ingelesak bigarren saiakera egin duenean. Liderrak atzera begiratu du, eta behin igoera igarota itzali du sua.

Etaparen ostean azaldu duenez, ez du benetako arriskurik sentitu protesten eraginez, eta irabazlerik izango ez zela jakiteak indar betean jarduteko gogoa kendu omen dio. Bestalde, hainbat taldek Israel Vueltatik kanpo uztea eskatu dute, eta ildo beretik mintzatu da Kiko Garcia, Vueltako zuzendari teknikoa: «Irtenbide bakarra dago: Israel taldea jabetzea hemen egonda ez duela segurtasuna errazten». Haatik, araudiak ez omen die antolatzaileei esku hartzeko baimenik ematen.

Bihar bi mendateko etapa jokatuko dute Laredo eta Los Corrales de Buelna artean, eta baliteke faboritoak mokoka aritzea berriz ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.