Paula Ostizek junior mailako munduko txapelketa irabazi du Ruandan

Bortzkote batek aitzinera egin du helmugarako azken igoeran, eta, tropela gainean zutenean, nafarrak esprinta irabazi du. Hamasei urte iragan dira euskal ziklista batek azkenekoz ortzadar maillot bat irabazi zuenetik.

Paula Ostiz munduko txapeldunaren ortzadar maillotarekin, gaur, Kigaliko podiumean. KIM LUDBROOK / EFE
Paula Ostiz munduko txapeldunaren ortzadar maillotarekin, gaur, Kigaliko podiumean. KIM LUDBROOK / EFE
Mikel Rodriguez - Ainara Arratibel Gascon
2025eko irailaren 27a
13:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ruandako munduko txapelketarako helburua zein zuen argi azaldu zuen Paula Ostizek: «Irabaztea daukat buruan, eta garbi daukat: urrezko dominak bakarrik nahi ditut». Joan den asteartean lehiatu zen lehenbizikoz, junior mailako erlojupeko proban, eta zilarrarekin konformatu behar izan zuen, Megan Arens herbeheretarra 35 segundo bizkorragoa izan baitzen. Gaur, ordea, bai: Ostizek urrea irabazi du iraupen luzeko proban. Hamasei urte iragan dira Euskal Herriko ziklista batek azkenekoz ortzadar maillota irabazi zuenetik: Romain Sicard lapurtarra izan zen hura, 2009an, gizonezkoen 23 urtez azpiko iraupen luzeko proban. 

74 kilometro zituen Kigali Ruandako hiriburuan jokatu duten probak. Ostiz bera zen faborito nagusia, eta ez du hutsik egin. Bortz itzuli eman behar zizkioten zirkuituari, eta Kimihurarako igoeran zuen parte erabakigarria: 1,3 kilometro luze da, %6,3 batez bertzeko maldarekin. Azken igoerara elkartuta ailegatu da tropela, eta harbideetan goiti hasi bezain pronto taldea sakabanatzen hasi da. Bortz bertzerik ez da gelditu buruan, eta, berriz ere talde handiago bat elkartzear zela zirudienean, Ostizek esprinta abiatu du, eta indar handiz garaitu ditu iheskideak. Zilarra Chantal Pegolo italiarrarentzat izan da, eta brontzea, berriz, Anja Grossmann suitzarrarentzat.

Nafarrak zilarrezko bi domina irabaziak zituen orain arte, iaz ere bigarren izan baitzen junior mailako iraupen luzeko proban. Orain, iazko arantza kendu du, proba nagusian metalik preziatuena irabazita. Gazte mailako ibilbidea modurik onenean bururatu du horrela, hemendik aitzinera ibilbide profesionalean arituko baita buru-belarri, Movistar taldearekin debuta egina baitu.

Ostiz pozarren zegoen amaieran: «Oso zoriontsu naiz. Desio dudan bakarra zera da: familiarekin eta egunerokoan gertu ditudan pertsonekin disfrutatzea». Lasterketa honela aztertu du: «Banekien esprintean ondo aritzeko amaiera arte gorde behar nituela indarrak, karranpa txiki bat nuelako».

Ez dira anitz munduko txapeldunaren ortzadar maillota janztea lortu duten euskal txirrindulariak. Eliteko mailan, Miguel Indurain izan zen lehenbizikoa, 1995ean gizonezkoen erlojupeko proba irabazita, Duitaman (Kolonbia). Egun batzuk geroago, Abraham Olanok iraupen luzekoa irabazi zuen. Olanok berak erlojupeko proban ere urrea lortu zuen 1998an, Valkenburgen (Herbehereak), eta handik bortz urtera, Igor Astarloak iraupen luzekoa irabazi zuen Hamiltonen (Kanada). Duitaman bezala, euskal ziklistek bi urre irabazi zituzten Hamiltonen, Joane Somarriba emakumezkoen erlojupeko proban gailendu baitzen. 

Gazte mailetan, berriz, urriagoak izan dira garaipenak. Miguel Morras nafarra izan zen ortzadar maillota lortu zuen lehenbiziko euskal ziklista, 1994an, Ekuadorren jokatu zen gizonezkoen junior mailako iraupen luzeko proban. 2009an, berriz, Sicard hazpandarrak irabazi zuen Mendrision (Italia), eta, orain, Ostiz sartu da zerrendan.

Ezustea maila nagusian

Elite kategoriako emakumezkoen iraupen luzeko proba ere gaur jokatu dute. Tropelak 164 kilometroko ibilbidea osatu behar izan du, 3.350 metroko desnibela zuela. Ez da irteeran izan azken bi urteetako irabazlea, Lotte Kopecky;  bai, ordea, bi euskal txirrindulari:  Ane Santesteban eta Usoa Ostolaza.  

Pauline Ferrand-Prevot (Frantzia) eta Demi Vollering (Herbehereak) ziren faborito. Baina juniorren proban ez bezala, elitekoan ezustea izan da. Magdeleine Vallieres (Kanada) gailendu da. Bigarren helmugaratu da Niamh Fisher-Black (Zeelanda berria), 23 segundora; podiumaren hirugarren koskara igo da, berriz, Mavi Garcia (Espainia), garailearengandik 27 segundora iritsi baita. 

Lasterketa bueltaz buelta joan da gogortzen, eta azken txanpara hamar txirrindulariz osatutako multzo bat ailegatu da. Ondoren, multzo hori bostera murriztu da. Hain zuzen ere, bost horiek aurretik heldu diete azken bi igoerei. Bi kilometro falta zirenean eraso erabakigarria jo du Vallieresek. Tarte txikia zabaldu du, baina atzekoek ezin izan dute harrapatu. «Oraindik ezin dut sinetsi. Selekzioko beste kideek konfiantza handia izan dute nigan, eta neure buruan asko sinetsita garaipena lortu dut». Haren ustez, esprintean iritsiz gero, Fisher-Blackek irabaziko zuen: «Ni baino indartsuagoa da, eta, bi kilometro falta zirenean, erasoa jo dut, zertxobait makalduta ikusi baitut. Apustua bikain atera zait».

Bihar jokatuko dute gizonezkoen proba. Lasterketak 268 kilometro izango ditu, eta 5.475 metroko desnibela. Inoizko Munduko Txapelketa aldapatsuenetakoa izango da. Tadej Pogacarren (Eslovenia) eta Remco Evenepoelen (Belgika) arteko buruz burukoa espero da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.