Hirugarrenean bai. Azken bi urteetako finalak galdu ondoren, Peio Etxeberriak gaur bururatu du hainbeste desiratutako lau t’erdiko txapela, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Ondo merezita, gainera. Finalaren hasierak estu hartu badu ere, nafarrak behetik gora egin du nabarmen, eta nabarmen garaitu du Javier Zabala: 22-11. Erritmo itogarrian jokatu dute bi finalistek hasieran, eta tanto ikusgarriak egin dituzte. Zabala aurretik izan da pare bat unetan: 2-4, besteak beste. Ordea, erritmo bizi hori mantendu du Peio Etxeberriak, eta segurantzia hartuz joan da pixkanaka. Aldea handituz joan ahala, gero eta askeago jokatu du erasoan, eta, gozaraziz ez ezik, gozatuz aritu da kantxan. Txanponaren beste aldean egon da Zabala, nekeak eraginda-edo ez baitu berea ematerik izan. Hala, lau t’erdikoak badu txapeldun berria: Peio Etxeberria.
Pilotak zor zion halako txapel bat nafarrari. Bada denbora pilotaririk onenetako bat dela lau eta erdikoan, baina txapelik bururatu gabe zegoen oraindik. Jokin Altunak irabazi zion duela bi urte, aise. Lan handiagoak eman zizkion iaz Unai Lasori, baina ez zuen 22ra iristerik izan. Gaur bai. Gaur ongi merezita igo da podiumaren gorenera Zenozko pilotaria. Jokoz ikusgarri aritu da, sasoi aldetik ez du parekorik izan, eta aurrerapausoa eman du bere kirol ibilbidean.
Pozarren mintzatu da final amaieran. «Emozio asko sentitzen ditut, eta harro nago. Aitonari, familiakoei eta aita hil zitzaidanean ondoan izandako guztiei eskaintzen diet txapela». Finalari dagokionez, gogortasuna da gehien aipatu duen hitza. «Hasiera ikaragarri gogorra izan da, baina uste dut hobeto atera naizela une gogor horietatik. Ez naiz aske jokatzen hasi, baina goraka egin dut, eta hori da pozten nauten gauzetako bat, egoerak ez didala gain hartu. Zoriontsu izateko moduan nago, eta eskarmentuak lagundu dit. Lan handia dago txapel honen atzean, eta orain gozatu egin nahi dut. Banakako txapel bat irabazteak zerbait berezia sortzen du».

Ez du edonolako hasiera izan finalak. Lehen tantoak berak 28 pilotakada izan ditu, eta Zabalak eskuratu du. Baita bigarrena ere. Zezen baten moduan kantxaratu da errioxarra, eta alde polita izan du hastapenean: 2-4. Taktikoki egoki aritu da Zabala, erabat eskuinez jokarazi baitio kontrarioari. Ezker hormaz lagundurik, egoki bideratu ditu pilotakadak kontrakantxa aldera. Handik komeriak izan ditu nafarrak. Zabalak musika jo, eta Etxeberria dantzan ibili da, ezker-eskuin. Ezin izan da erasora pasatu momentu bakar batean ere. Sufritu egin du, eta Andoni Gaskue haren aholku emaileak atsedena eskatu du orduan. Mugarria izan da erabakia. Atseden horretatik bueltan, beste jarrera batekin kantxaratu da txapelduna. Bi pauso aurrera eman, eta erasora jokatu du itsu-itsuan. Kasta atera du, eta kastak arrakasta ekarri dio.
Gora egin du Etxeberriak, eta behera Zabalak. Kantxaren erdiko aldea eskuratu du nafarrak, eta ez du parekorik izan. Ezker esku pribilegiatua duela garbi geratu da, batez ere lau t’erdiko jokorako. Gozatzen hasi da, nabarmen; aurpegian ere halaxe sumatu zaio. Hasteko, sakeari atera dio etekina: partida osoan sei tanto lortu ditu sakearen bidez. Eta sake errematean ere fin ibili da. 2-4kotik 10-4kora igaro da zuzen-zuzenean, sei tanto jarraian eginda. Ezker airea baliatu du gehien. Txokoan luze jota edo bihurrituta, airean ibili du aurkaria. Zabalak tantoren bat lortu du tarte horretan, baina ezinean ibili da. Krisialdi dezentekoa izan du, eta lehen atsedenaldi luzera 12-5 atzetik iritsi da. Presioa sentitu duela aitortu du. «Nabaritu dut ez zela egun bat gehiago. Giroak gaina hartu dit, zuloan sentitu naiz batez ere momentu horretan, eta ez dut ateratzeko gaitasunik izan. Bera askoz gehiago izan da. Hori bai, eskertzeko hitzak besterik ez daukat. Hurrengorako ikasteko balioko dit gaurkoak, eta Etxeberriak berak ere halaxe esan dit, porrota ikasgai moduan hartzeko».

Lehen atsedenalditik bueltan, finalaren gidoia ez da batere aldatu. Fisikoki indartsuago sentitu da Etxeberria, eta erasoan distira ikaragarria erakutsi du. 12-5ekotik 18-9kora bitartean erakustaldi izugarria egin du, ia tanto gehienak ezker airez lortuak izan baitira. Ohi bezala, pazientzia izan du lagun, eta tanto bakoitzean hortzak estutu ditu. Gaskue aholku emaileak ere lagundu dio. Izan ere, Zabalak pare bat tanto jarraian egin dituenean, 16-7 jarri da emaitza. Jarraitzaile errioxarrak berehala hasi dira oihuka, posible zela esanez. Orduan atsedena ongi eskatu dute txapeldunak eta Gaskuek, eta 31 eskutik zutela sentitu dute. Etxeberriak ez du inoiz ere arriskuan izan txapela.
Zabala ahalegindu da alde guztietatik egoera iraultzen, eta saskitik laugarren pilota aterata ate txiki bat ireki dio itxaropenari. Bizpahiru tanto eginda, 21-11 jarri da, baina alferrik. Hutsune txiki bat bera ere ez du erakutsi Etxeberriak. Indartsu jokatzen jarraitu du, eta azken txanpan biribildu du finala. 18tik 22rako bidea dotore egin du: bi tanto egin ditu sakez, bestea horma bikoz, eta bestea ezker airez. Aspaldian ihesi joan zitzaion txapela merezita irabazi du txapeldunak, eta binakako iazko txapelari beste bat erantsi dio orain: lau t’erdikoa. Ezbairik gabe, pilotari handien zerrendan sartu da Zenozkoa.
Atseden hartzeko betarik gabe, pilotariek Binakako Txapelketari begira jarri beharko dute, etzi aurkeztuko baitute. Datorren ostiralean hasiko da txapelketa, eta gaurko bi finalistak bertan izango dira.