Aspeko pilotaria

Peio Etxeberria: «Oso txapel berezia da; aldi oro eman behar izan diot buelta zerbaiti»

Peio Etxeberriak bigarrenez jarraian irabazi du lau eta erdiko txapela. Zabalari nagusitu zaio berriz finalean. «Latza da egin dudana, eta merezi duen balioa eman behar zaio».

Peio Etxeberria. IDOIA ZABALETA / FOKU
Peio Etxeberria. IDOIA ZABALETA / FOKU
Julen Etxeberria.
2026ko azaroaren 23a
19:22
Entzun 00:00:00 00:00:00

Peio Etxeberriak (Zenotz, Nafarroa, 1998) ohiturari eutsi dio, eta Ultzamako (Nafarroa) Bentara deitu ditu komunikabideak, lau eta erdiko txapela irabazi ondorengo biharamunean. Txapelen bat irabazten duen aldiro egiten du hori. Haren bikotekidearen familiarena da Ultzamako Benta. Komunikabideek ezaguna dute bidea jada, eta horrek esan nahi du Etxeberriak txapel bat baino gehiago irabazi duela azkenaldian. Bi irabazi ditu urtebetean, biak lau eta erdian, eta biak Javier Zabalari finalean gailenduta.

Bigarren urtez jarraian irabazi duzu lau eta erdiko txapela. Zer moduz zaude?

Oso zoriontsu. Latza da egin dudana, eta, orain, merezi duen balioa eman behar zaio.

Lorik egin al duzu?

Asko ez, baina nahikoa. Momentu ederra da, eta, ahalik eta gehien gozatzen saiatzen ari naiz. Oso pozik ospatu dugu.

Finala irabazi berritan, familiarekin gogoratu zinen. Haiekin ospatu duzu txapela, ezta?

Bai. Ultzaman ospatu dugu, denok elkarrekin. Familiaren lagun batek jatetxe bat ireki du Ultzaman, eta bertan egon ginen. Familiaz gain, jende asko batu zen ospakizunera, eta oso gustura egon ginen.

Ikusi duzu finala telebistan?

Bai. Goizean etxera iritsi bezain pronto egin dudan lehen gauza izan da finala telebistan ikustea. Frontoian, kantxan, bete-betean gabiltzanean, ez gara gauza askoz konturatzen, eta finala ikusi nahi nuen, patxadaz.

Gozatu egin duzu finala telebistan ikusten?

Bai, asko, Javik eta biok sekulako partida egin baikenuen. Oso partida gogorra izan zen, eta une zail asko igaro nituen. Javik abiadura handia eman zion pilotari, eta partidaren zati askotan nagusi izan zen. Horregatik ere balio handia ematen diot txapela irabazi izanari.

«Gai izan ginen egoera kritiko hori ongi kudeatzeko [zaintiratua gerrialdean]. Horri esker, aurrera egin genuen»

Unerik zailenetako bat gerrialdean min hartu zenuenekoa izan zen, ezta? Nola bizi izan zenuen une hori?

Lehen atsedenaldi luzera iritsi berri ginen, eta nagusi nintzen: 12-7 aurretik nintzen. Baina atsedenalditik itzuli berritan, gerrialdean zaintiratu antzeko bat sentitu nuen. Une batez pentsatu nuen agian ezingo nuela finala jokatzen bukatu. Oso gogorra izan zen: horrenbeste lan egin eta gero, ezin nuen sinetsi agian finala jokatzeari utzi beharko niola. Zorionez, Txemarekin [Urrutia, Aspeko medikua] batera sartu nintzen aldagelara, eta berehala artatu ninduen. Oso lan ona egin zuen, jokatzen jarraitu ahal izan bainuen.

Jokatzen ari zinen bitartean mina zenuen gerrialdean?

Ez nuen minik gerrialdean, zaintiratu horrek gerrialdean eragindako blokeo bat baizik. Baina, pixkanaka, gerrialdea bizkortuz joan nintzen, eta egoerari buelta eman nion.

Gerrialdean gertatutakoak partidaren plana aldatu zuen?

Erabat, baina gai izan ginen egoera kritiko hori ongi kudeatzeko. Ondo egokitu ginen egoera berri hartara, eta, horri esker, aurrera egin genuen.

Hain zuzen, Jokin Etxaniz eta Jon Apezetxea Aspeko teknikariek zuri buruz esan dute buruz gora egin duzula eta hobeto jokatzen dituzula partida guztiak; hau da, ikasi egin duzula une bakoitzean nola aritu behar duzun. Besteak beste, horregatik irabazi zenuen finala?

Nire ustez, aurrerapauso txiki bat egin dut horretan. Sasoiz eta jokoz Javi ni baino gehiago izan zen, baina une horretan ni hura baino indartsuagoa izan nintzen buruz.

Finalean zaintiratua izan zenuen gerrialdean, eta finala jokatu aurretik lesioa ezker begian. Begikoak eragin al zizun jokatzeko orduan?

Ez, lesio hori osatuta zegoen. Zorionez, lesio hori aurreko igandean izan nuen. Egun batzuk geroago izan banu, ez nuen finala jokatuko.

Nola gogoratzen duzu azken tantoa?

Une bat bereziki gogoratzen badut, azken tantoa gogoratzen dut. Latza izan zen Javik emandako pilotakada txapatik behera joan zela ikustea. Izugarri sufritzen ari nintzen, eta, hori ikustean, sekulako lasaitua eta poza hartu nuen.

«Nire esku balego, esango nuke maila nagusiko binakakoan egon beharko nukeela. Baina ez dago nire esku»

Txapeldun izan zara, baina ez duzu izan arantzarik gabeko bidea.

Hala da, eta horregatik da oso berezia txapel hau, asko sufritu dudalako, eta partida guztietan eman behar izan diodalako buelta zerbaiti.

Bihar aurkeztuko dute binakakoa. Ikusten duzu zeure burua A serieko txapelketan?

Ez dakit, eta ez dut horretan asko pentsatu nahi. Sekulako lehia dago enpresa barruan, eta jartzen nauten tokian ahalik eta lanik onena egiten saiatuko naiz.

Txapel bat irabazteak izango du pisu pixka bat, ezta?

Niri esku balego, esango nuke maila nagusikoan egon beharko nukeela, baina ez dago nire esku. Enpresak erabakitzen duena onartu eta errespetatuko dut.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA