Mikel Landa txirrindulariak ihesaldi ederra egin du Gangurenen (Bizkaia), nahiz eta, ordu erdi geroago, tropelak harrapatu eta amore eman behar izan duen. Israel Premier Tech taldeko txirrindularientzat, berriz, ez da ihesaldirik izan: ibilbide osoan nabaritu dute Palestinaren aldeko elkartasuna, baita Israel Gazan egiten ari den sarraskiaren kontrako arbuioa ere, Espainiako Vueltako Bizkaiko etapan. Bide osoan izan dira elkartasun keinuak, baina protesta giroak goia jo du helmugan, Bilboko Kale Nagusian: azkenean, antolatzaileek erabaki dute lasterketa hiru kilometro lehenago amaitzea, txirrindulariak Bilboko erdigunera ez sartzea eta irabazlerik ez egotea.
Lasterraldia abiatu eta berehala hasi dira protesta ekitaldiak. Txirrindulariak 13:35ean atera dira San Mames futbol zelaiaren aurreko zabalgunetik, eta, hamar bat minutu geroago, Enekuri mendatera igotzen ari zirenean, gelditu egin behar izan dute, lagun talde batek errepidea moztu baitu, Palestinako ikurrak eta Destroy Israel (Israel suntsitu) esaldia idatzita zuen pankarta bat zeramala. Poliziek eta antolakuntza taldekoek han bildutakoak egotzi dituzte, eta, minutu batzuk geroago, txirrindulariek berriro ekin diote lasterraldiari. Handik hiru ordutara, manifestariek berriro moztu dute bidea: Gangurenen egin dute, pankarta bat aterata, baina txirrindulariak pasatu dira, eta lasterraldia ez da eten.

Protestariak, ibilbidean

Israel Premier Tech
Protestari bat Palestinako bandera eskuan duela, Israel Premier Tech txirrindulari taldeko autoen aurrean. ARITZ LOIOLA / BILBO

Ertzaintza, Vueltan
Ertzain ugarik zaindu dute etapa amaiera Bilbon, baina, hala ere, ezin izan dituzte protestak eragotzi. ARITZ LOIOLA / EFE

Ertzaintza, oldartzen
Ertzaintza protestariei oldartu zaie, eta zenbait unetan horien kontra kargatu ere egin du. MIGUEL TOÑA / EFE

Protestarien garaipena
Israelgo talde baten parte hartzearen aurka protesta egin dutenek ospatu egin dute etapa garaipena bertan behera utzi izana. MIGUEL TOÑA / EFE

Afixak eta pankartak
Afixak eta pankartak ez dira falta izan Bilboko helmugan. MIGUEL TOÑA / EFE
Gernika-Palestina plataformak, BDS sareak eta beste elkarte batzuek 16:00etarako egina zuten deialdia, Bilboko Kale Nagusiaren eta Gregorio de la Revilla zumarkalearen bidegurutzean, baina ordu erdi lehenagotik ere jende andana batu da han, ikurrinekin eta Palestinako ikurrekin. Haietako askok Palestinako kirol selekzioetako elastikoak eta Palestinako zapiak zeramatzaten soinean. «Israel boikotatu, Palestina askatu» oihuka hasi dira, eta 16:00etarako burrunba ikaragarria zen; esatariak bozgorailuetatik egiten ari ziren iruzkinak erabat ostenduta geratu dira.
Manifestariek oso argi zituzten protestan parte hartzeko arrazoiak. «Israelgo Estatuak diru asko jartzen du txirrindulari taldea hemen egon dadin», azaldu du Kontxi Gomezek. «Haren parte hartzea genozidioa zuritzeko modu bat da». Iñaki —ez du abizenik eman nahi izan— lehenengo lerroan zegoen, argazkiak egiten: «Gerran dauden beste herrialde batzuek galarazita daukate zenbait kirol lehiaketatan parte hartzea; agerian gelditzen da Mendebaldearen moral bikoitza».
Hiru atxilotu
Apurka-apurka, tentsioak gora egin du, eta Salazar Zubia lorategiaren parean istilu bat izan da manifestarien eta Vueltaren antolatzaileen artean. Antolakuntza taldeko bereizgarriak zeramatzaten batzuk oso gogor oldartu dira manifestarien kontra, eta ertzainek ere esku hartu dute. Kaleko jantzitako ertzain batzuek gizon bat atxilotu dute: Palestinako bandera bat zeraman, eta ahoa odoletan zeukan. Eskuburdinak jarri dizkiote. Beste manifestari batzuk, hiru gutxienez, bazter batera eraman dituzte identifikatzeko, eta litekeena da haietakoren bat atxilotu izana. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak jakinarazi duenez, hiru lagun atxilotu dituzte, eta bost identifikatu. Gainera, lau ertzain zauritu dituzte. Zupiriak arbuiatu egin ditu «segurtasunaren eta elkarbizitzaren aurkako jarrerak».
Tropela igaro denean, areagotu egin dira Palestinaren aldeko eta Israelen kontrako oihuak. Geroago, udaltzain eta ertzain gehiago iritsi dira, eta Kale Nagusi osoa hartu dute. Lehia amaitzeko hamar bat kilometro falta zirenean, zurrumurru bat hedatu da manifestarien artean: «Bertan behera utzi omen dute etapa». Geroago iritsi da baieztapena: giroa ikusita, antolatzaileek erabaki dute lasterketa amaitutzat ematea hiru kilometro falta zirenean, eta txirrindulariak zuzenean joan dira autobusetara, helmugara iritsi barik.
Etaparen «irabazlea», Palestina
Gernika-Palestina plataformak ontzat jo ditu Espainiako Vuelta Euskal Herrian zehar ibili den honetan Israel taldearen parte hartzearen aurka egin diren protestak. «Helburua bakarra zen, eta hala da oraindik ere: Israel Premier Tech taldea Vueltatik kanpo uztea eta, oro har, apartheidaren eta genozidioaren enbaxadoreak diren Israelgo talde guztiak kirol lehiaketa guztietatik at uztea». Plataformaren esanetan, «txirrindulariek, etapa aurreko bilerekin; zaleek, nonahi, euren sinboloekin; ordezkari instituzionalek, euren adierazpenekin... badakite Israel taldea ez dela ongi etorria, eta gaurko etapan gertatutakoak argi eta garbi erakusten du kirolaren bidezko zuriketa ez dela bidea». Beraz, uste dute Palestinak «irabazi» duela gaurko etapa, baina ohartarazi dute «genozidioaren aurkako konpromisoak biderkatu» behar direla. Bihar egingo duten agerraldian emango dute horretarako asmoen berri.