Futbola

Reala olatuaren gainean iritsiko da Bernabeura

Realak ez du norgehiagokarik galdu Pellegrino Matarazzo aulkian denetik. Gaur, baina, erronka zaila du, Real Madrilen zelaian jokatuko baitu. Entrenatzaile estatubatuarrak aldaketaren bat egingo du.

Reala. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Realeko jokalariak, Mikel Oiartzabalek Elxi sartutako gola ospatzen. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
2026ko otsailaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Asteazkenean San Mamesen Espainiako Kopako joaneko norgehiagoka irabazi ostean, konfiantzaz beterik iritsiko da Reala Santiago Bernabeura, olatuaren aparretan. Real Madrilen aurka jokatuko du gaur, Espainiako Ligako 24. jardunaldiko norgehiagokan (21:00, Movistar LaLiga). Pellegrino Matarazzoren iritsierak erabat irauli du taldearen joera, eta horren erakusgarri da Gipuzkoako taldeak norgehiagokarik galdu ez izana Ameriketako Estatu Batuetako entrenatzailea Donostiara iritsi zenetik: sei irabazi ditu, eta hiru berdindu. Gaur, baina, ez du lan erraza izango, bi arrazoirengatik: batetik, aurkari indartsu baten zelaian jokatuko du, Real Madril Ligako lider Bartzelonatik puntu bakarrera baitago, nahiz eta sasoi betean ez dabilen; bestetik, Matarazzok aldaketak egin beharko ditu, indarrak kudeatu beharra baitauka, asteazkenean Athleticen aurka Espainiako Kopan jokatu eta gero. Barrenetxea, Sucic, Zakharian eta Kubo min hartuta daude; Brais Mendez, berriz, zigortuta. Aldiz, Marrero osatu egin da, eta deialdian dago.

Matarazzoren arabera, «mentalki oso partida intentsoa» izango da, eta azpimarratu du «pixka bat» lasaitzen bazara, Real Madrilek «zigortu» egiten zaituela. «Oso partida zaila da. Haientzat oso garrantzitsua da neurketa. Badakigu zeintzuk diren haien indarguneak, eta gure esku dagoen guztia egingo dugu irabazteko». «Prest» daude hori egiteko. «Jokalariak nahiko ondo dituzte hankak. Gainera, jokalari batzuk osatu egin dira, eta aukera gehiago ditugu». 

Ezin hobeto hasi da Matarazzo Donostian. Emaitzak lagun edukitzeaz gain, hasiera-hasieratik erakutsi du egokitzeko nahia, eta horren adibide da hitz batzuk euskaraz esan dituela prentsaurrekoetan, eta norgehiagoken amaieran zaleak agurtzera joan dela jokalariekin batera. Erakusten ari den gertutasun horrek berekin ekarri du taldearen joera eta zenbakiak aldatzea, baita realzaleek irribarrea egitea ere berriro. Orain arte, zortzi norgehiagoka zuzendu ditu New Jerseyko teknikariak, eta, Ligan hamalau puntu biltzeaz gain, taldea Kopako finalerdietan sartzea lortu du. Sergio Franciskok, berriz, lehen zortzi jardunaldietan bost puntu baino ez zituen bereganatu, jokoan egon ziren 24 puntuetatik. Datu horrek erakusten du Matarazzo iritsi denetik taldeak nabarmen egin duela gora lehiakortasunari dagokionez.

Joan den denboraldian Imanol Alguacilekin, eta aurtengoaren hasieran Sergio Franciscorekin, bigun aritu zen Reala atzealdean;  Ameriketako Estatu Batuetako entrenatzailearekin, zerbait hobetu du, baina, asteazkeneko Kopako norgehiagokan salbu, beste guztietan gol bat sartu diote gutxienez. Sergio Franciscorekin, lehen zortzi jardunalditan zazpi gol sartu eta hamabi hartu zituen, baina sakonago begiratuta entrenatzaile irundarraren aginduei, taldeak ez zuen ia arriskurik sortzen, eta aurkariek, aldiz, aise sortzen zituzten aukerak. Matarazzoren esanetara, berriz, Ligan hamalau gol sartu ditu Realak, baina zortzi gol baino ez dizkiote sartu. Erasoan eraginkorrago eta defentsan zorrotzago dabil, beraz, Matarazzoren gidaritzapean. Dena dela, jokoan oraindik ere badu zer hobetua.

Gaur-gaurkoz, talde zuzenagoa eta erasokorragoa da Reala, eta eraginkorragoa baloia duenean. Imanolen azken denboraldian eta Sergio Franciscorenean, aurkarientzat aurreikusteko erraza zen jokaera bat zuen Realak, eta erritmorik gabeko taldea zirudien. Hegaletatik askotan jokatzen zuen, Kuboren eta Barrenetxearen abiadura eta izkin egiteko gaitasuna baliatu nahian, baina beste taldeetako atzelariek ongi aztertua zuten joera hori, eta eraginkortasuna galduz joan zen apurka-apurka. Realaren norgehiagokak ikusteko ohitura zuen edonork buruz zekien zein zen jokaldia: erasoko hegaleko jokalari batek baloia hartu, alboko marrara jo, eta erdiraketa egin. Horretarako, ordea, ezinbestekoa da area barruan ehiztari bat egotea, eta Realak ez du zorterik izan ezaugarri horiek dituzten aurrelariekin.

Jokalariak berreskuratu ditu

Aurreko bi entrenatzaileekin oso gutxi jokatzen zuten jokalari batzuk funtsezko bihurtu dira Matarazzorentzat. Adibiderik argiena Beñat Turrientes da. Joan den denboraldian, Imanolekin, gero eta gutxiago jokatu zuen, eta, gerora, Sergio Franciscorekin gehixeago jokatu bazuen ere, denbora gehiago pasatu zuen aulkian zelaian baino. Matarazzok, taldearen kargu egin bezain laster, konfiantza erakutsi zuen Turrientesengan, eta entrenatzailearen lehen partidan, Atletico Madrilen aurkakoan, hasieratik zelairatu zuen. Negreiraren aurkako Kopako kanporaketan gola sartu bazuen ere, erdilariaren buruan iltzatuta geratuko da Osasunaren aurka Anoetan final-laurdenetan sartutako gola. Ia-ia Kopatik kanpo zegoen Reala, baina Turrientesen gol horrek urrea balioko zuen gerora. Asko balio du joan den asteazkenean San Mamesen sartu zuen golak ere. Gola sartu bakarrik ez: bikain jokatu zuen.

ALAVESEK SEVILLARI EGINGO DIO BISITA GAUR

Alavesek kolpe gogorrak hartu ditu azken hamar egunetan: lehenbizi, Realak emaitza irauli eta kanporatu egin zuen Espainiako Kopatik; gero, Ligan, galdu egin zuen mailari eusteko aurkari zuzen baten aurka, Getaferen aurka. Mendizorrotzan hartu zituen bi kolpe gogor horiek. Horrek min askoz handiagoa egin dio.

Baina burua altxatu behar du, eta gaur du hori egiteko aukera, Sevillaren zelaian (18:30, Teledeporte). Itxaropentsu egoteko badu arrazoirik: batetik, Sevilla Alaves bezain gorabeheratsu dabil; eta, bestetik, azken urteetan arabarrak ondo aritu dira Sanchez Pizjuanen, han jokatu dituzten azken hiru partidetatik bi irabazi baitituzte, eta bat berdindu. Bolada on horri eutsi nahi diote.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.