Derbian hartutako kolpeaz ahaztu nahi du Realak, eta horretarako Europa Liga baliatu nahi du. Ligaxkako fase erabakigarrian sartzear da talde txuri-urdina —zortzi partida dira, eta gaur laugarrena jokatuko du—, eta, lehen zortzien artean sailkatzeko helburua bete nahi badu, aurreneko eginkizuna bihar jokatuko duen norgehiagokan hiru puntuak lortzea izango da. Aurkaria Olympique Lyon izango da, Anoetan (18:45, Movistar Plus). Frantziako taldeak oroitzapen ederrak sortzen dizkie zale txuri-urdinei. Bestalde, neurketa «arrisku handikoa» izendatu dute, Lyongo zale ultrak liskarrak sortutakoak baitira aurretik. Hori kontuan hartuta, Donostiako Udalak jakinarazi du «segurtasun operazio berezia» prestatu dutela, eta, ondorioz, Anoeta inguruko trafikoa moztu egingo dute 16:45etik 19:00etara. Oinezkoentzat ere hainbat bide moztuko dituzte, eta Anoetara joateko Errondo pasealekua soilik erabili ahalko da.
Pellegrino Matarazzok zuzentzen duen taldea atzo arratsaldean hasi zen Europako neurketa prestatzen, eta Zakharian eta Luken Beitia berriz ere taldearekin aritu ziren Zubietan. Baina prestatzaileak ez ditu deialdian sartu. Hautatuen artean dago, berriz, bigarren taldeko Marchal.
Nahiz eta ligako azken neurketa galdu, oraindik ere sailkapeneko bosgarren postuan dago Reala. Europan, berriz, jokoan izan diren bederatzi puntuetatik lau lortu ditu, eta, azken neurketan Lillestromen aurka 0-6 irabazi ostean, lehen zortzien artean sailkatzeko aukera du oraindik. Sasoi onean dago taldea, eta ikusi beharko da Matarazzok jarraipena ematen dion orain arte Ligan egindakoari edo, Europako beste partidetan bezala, planteamendua aldatzen duen. Jokalari asko gustura dabiltza Matarazzo eskatzen ari denarekin, baina badirudi Sucic dela ondoen moldatzen ari dena. Hura ari da nabarmentzen. Denboraldiko lehen hamahiru partidetan sei gol sartu ditu jada, aurreko denboraldi osoan baino lau gehiago: lau ligan eta bi Europan.
Realak eta Olympique Lyonek azkenekoz elkarren aurka jokatu zutenean, talde txuri-urdinak lortu zuen garaipena. 2013ko abuztuan izan zen, eta Txapeldunen Ligako atarikoa jokatu zuten. Realak lehen neurketan bideratu zuen kanporaketa: 0-2 irabazi zuen, Antoine Griezmannen eta Haris Seferovicen bi gol ikusgarrirekin. Itzuliko neurketan emaitza bera lortu zuen talde gipuzkoarrak: 2-0, Carlos Velaren bi golei esker. Guztira 4-0 irabazi zuen kanporaketan Realak, eta Txapeldunen Liga jokatzeko aukera izan zuen. Nahiz eta ligaxkan puntu bakarra lortu, zale txuri-urdinek ez dute inoiz ahaztuko Lyonen aurkako kanporaketa.
Fonsecaren agurra
Aspaldiko partez denboraldi lasaia edukitzen ari zen Frantziako taldea, arazo ekonomikoak eta instituzionalak atzean utzi berri baititu. Hala ere, ezusteko bat izan du azken egunetan: Paulo Fonseca entrenatzailea Sporting Portugalera joan da. Iazko urte hasieratik zebilen taldea zuzentzen, eta egonkortasuna ematea lortua zuen. Asteburuan jokatutako neurketan hunkituta esan zien agur zaleei. Jorge Marcielek zuzenduko du taldea, Realaren aurka orain arte haren laguntzaile lanetan aritu denak, ordezkoa bilatzeko denborarik ez baitute eduki.
Aurreko denboraldian, Fonseca hasieratik aritu zen lehenengoan, laugarren postuan sailkatu zen Lyon, eta horrek Txapeldunen Ligako atariko kanporaketa jokatzeko modua eman zion. Kanporaketa horretan Turkiako Fenerbacheren aurka galdu zuen, 2-3. Denboraldi hasiera ona egiten ari da taldea. Frantziako Ligan hirugarren postuan dago, lehen postutik hiru puntura. Europa ligan irabazi egin zuen lehen bi jardunaldietan, baina azkenekoan 3-0 galdu zuen Alemaniako Hoffenheimen aurka. Lehen bi jardunaldietan Anderlecht eta Crystal Palace hartu zituen mendean, 1-2 eta 3-2, hurrenez hurren. Talde txuri-urdinaren helburu berbera du Frantziako taldeak: ligaxkan lehen zortzi postuetan amaitzea.
Hegaletako jokalariak dira arriskutsuenak, taldeak jokatzeko duen estiloarengatik. Aipatu beharreko izenak ondorengo hauek dira: Ernest Nuamah, Keito Nakamura, Corentin Tolisso eta Zachary Athekame, besteak beste. Ordea, erdiko aurrelariaren postuan jokatzen ari ziren bi jokalariak min hartuta daude: Luis Openda eta Pavel Sulc. Tyler Morton eta Mohamed Ouedraogo ere min hartuta daude.