Futbola

Realak erregulartasuna lortzea du helburu

Talde txuri-urdinak denboraldiaurrea hasi du. Oraingoan, Pellegrino Matarazzok aukera izango du sasoia hasieratik prestatzeko. Klubak ez du inor fitxatu, baina Erik Bretosek esan du baten bat fitxatuko dutela.

Realeko jokalariak, gaur, Zubietan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Realeko jokalariak, gaur, Zubietan. ANDONI CANELLADA / FOKU
2026ko uztailaren 5a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bukatu zaizkie oporrak Realeko jokalariei. Talde txuri-urdinak gaur hasi du denboraldiaurrea, Zubietan. Aurreko denboraldi gorabeheratsua hobetu nahi du, eta, horretarako, Pellegrino Matarazzo entrenatzaileak aukera izango du taldea hasieratik moldatzeko. Sasoi honetan lau txapelketatan arituko da taldea: urteroko bi txapelketa nagusiez gain —Espainiako Liga eta Kopa—, Europa liga eta Espainiako Superkopa ere jokatuko ditu. Sei urteren ondoren, Europan lehiatu gabe geratu zen aurreko denboraldian Gipuzkoako taldea, eta aurten itxura ona emateko gogoa du. Europa ligako zozketa abuztuaren 28an izango da, eta Superkopan, Real Madril izango du aurkari finalerdietan, otsailaren 2an.

Matarazzok aukera izango du taldea nahieran antolatzeko. Aurreko denboraldian ez bezala, lehen egunetik egongo da Zubietan, eta taldeak nabaritu beharko luke. Jada erabaki batzuk hartu ditu, Aritz Elustondoren eta Brais Mendezen irteerak, adibidez. Beasaindarrak Grezian jarraituko du bere ibilbidea, PAOK taldean, hain zuzen ere; eta Mosekoak (Galizia) Columbus Crew AEBetako taldean egingo ditu hurrengo urteak. Irteteko zorian diren beste izen batzuez ere hitz egin du Erik Bretos Realeko kirol zuzendariak: Alex Remiro, Jon Karrikaburu eta Arsen Zakharian. Atezaina taldean «pozik» dagoela dio Bretosek; baliteke, ordea, beste biek taldea uztea, haren arabera. Gainera, Duje Caleta-Carrek eta Wesley Gassovak ez dute taldean jarraituko, eta beren taldeetara itzuli dira. Beste talde batzuetan utzita aritu eta gero, bueltan dira Jon Pacheco, Mikel Goti, Javi Lopez eta Carlos Fernandez. Lehenengo biak taldean jarraitzeko aukera dute; beste bi jokalariek, berriz, zaila izango dute Zubietan jarraitzea.

Fitxaketen inguruan ere hitz egin zuen Bretosek, duela bi aste egindako agerraldian: «Fitxaketak egingo ditugu, baina oraingo multzoan dugun konfiantza oinarri hartuta». Ez du hutsune handirik ikusten taldean, baina norbait fitxatzea beharrezkoa izango dela adierazi du. Erdiko atzelariaren postua da hobetu beharretako bat. Gaur egun, lau erdiko atzelari ditu Realak: Jon Martin, Igor Zubeldia, Pacheco eta Luken Beitia. Jokalari horiengan «konfiantza handia» duela adierazi du Bretosek, eta haiekin «lasai» dagoela.

Entrenatzaile estatubatuarrak ezin izan ditu jokalari guztiak han izan lehen egunean: Mikel Oiartzabal, Take Kubo, Gonçalo Guedes eta Luka Sucic Munduko Kopan aritu dira, edo horretan dabiltza oraindik ere; Jon Martin, Sergio Gomez eta Beñat Turrientes Espainiako selekzioari laguntzen aritu ziren, txapelketa prestatzen; Jon Mikel Aramburu, Yangel Herrera eta Orri Oskarsson beren selekzioekin egon dira; eta Alvaro Odriozola eta Jon Balda min hartuta daude. Ander Barrenetxeak eta Pachecok min hartuta bukatu zuten denboraldia, baina beste guztiekin batera hasi dituzte entrenamenduak. Jon Martin, Sergio Gomez eta Turrientes astelehenean hasiko dira; Aramburu, Yangel Herrera eta Oskarsson, berriz, ostegunean.

Bigarren taldeko jokalarien presentzia beharrezkoa eta garrantzitsua izango da denboraldi gogor honetan. Lau txapelketatan aritzeak talde zabalagoa edukitzea eskatzen du, eta hori betetzeko daude harrobiko jokalariak. Hauek dira denboraldiaurrea lehen taldearekin egingo dutenak: Aitor Fraga, Kazunari Kita, Beitia, Balda, Alex Lebarbier, Ibai Agirre, Mikel Rodrigez, Tomy Carbonell, Dani Diaz, Job Ochieng, Alex Marchal eta Gorka Karrera.

Denboraldiaurreko partidak

Sei norgehiagoka jokatuko ditu talde txuri-urdinak denboraldiaurrean. Zubietan bakarra jokatuko du, lehena, eta beste guztietan bidaiatzea tokatuko zaio. Zubietan uztailaren 18an arituko da Racing talde mailaz igo berriaren aurka. Ondoren, Ingalaterrara egingo du bidaia, eta han bi partida jokatuko ditu. Bost egun emango ditu han, uztailaren 24tik 29ra. Norgehiagokak Walsall hiriko The Pallet-Track Bescot estadioan izango dira: Aston Villaren aurka uztailaren 25ean, Euskal Herriko 18:00etan, eta Wolverhamptonen aurka uztailaren 28an, Euskal Herriko 20:45ean. Bueltan Okzitanian geratu beharko du Realak; izan ere, Frantziako Ligako Tolosaren aurka jokatuko du, uztailaren 31n, 19:00etan, Tarbe hiriko Maurice Trelut zelaian.

Zubietara itzuli eta astebetera, Alemaniara joango da taldea, Kolonia taldearen aurka bi lagunarteko jokatzera. Lehena, abuztuaren 7an izango da, 18:00etan, Kolonia taldearen entrenamendu zelaian, Franz-Kremer estadioan. Bigarrena hurrengo eguneko 15:30ean izango da, Koloniaren estadio nagusian, Rhein Energie izenekoan. Hala ere, denboraldiaurreko partidak jokatzen hasi baino lehen, uztailaren 11n entrenamendu saio bat egingo du Realak Paue Okzitaniako taldearekin, Zubietan.

Realak Real Madrilen aurka jokatuko du ligako lehen partida, Bernabeun. Abuztuaren 15-16ko asteburuan jokatzekoa da partida, baina bi taldeetako hainbat jokalari oraindik ere Munduko Kopan lehian ari direnez, atzeratu egingo da lehen jardunaldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA