Sevillako (Espainia) Cartujan 30.000 zale txuri-urdin izan ziren bere taldea animatzen, eta beste milaka batzuk ere elkartu ziren han, sarrerarik gabe. Bestalde, jende askok telebistaz eta Internet bidez ikusi zuen Realak nola irabazi zuen Espainiako Kopa, eta ikusle datuak ez dira nolanahikoak.
Telebista konbentzionaleko emanaldiei erreparatuz gero, partidaren lehen 90 minutuek %38,4ko ikusle kuota izan zuten La1 katean EAEn (259.000 ikus-entzule), eta %15,1ekoa ETB1en (103.000 ikus-entzule); luzapeneko 30 minutuetan datuak gorantz egin zuen: La1ko emanaldiak %39ko ikusle kuota izan zuen (293.000 ikus-entzule), eta ETB1ekoak, %18,3koa (140.000 ikus-entzule). Datuek penaltietan jo zuten goia: La1 katean %44,3ko ikusle kuota bereganatu zuten (320.000 ikus-entzule), eta ETB1en %19,6koa (141.000 ikus-entzule). Bi kateak batuz gero, beraz, %63,9ko kuota izan zuten penaltiek, 461.000 ikus-entzule bildu zituzten, alegia.
Datu horiei gehitu behar zaizkie Movistar Plus ordainpeko plataformaren bidez finala ikusi zituzten ikusleenak. Interneten ere milaka herritarrek ikusi zuten finala; ETB On plataforman, kasurako, 20.000 erreprodukzio baino gehiago izan zituen.
ETB1 kateak saio bereziak eman zituen finalaren aurretik eta ondoren, eta horiek ere ikus-entzule ugari erakarri zituzten. Realak finala irabazi osteko emankizunak, adibidez, %17,3ko ikusle kuota izan zuen; gauerditik aurrerako saioak, berriz, %11,5ekoa. Esanguratsua da ETB1 kateak larunbatean egun osoan %9ko ikusle kuota lortu izana. 200.000 lagunek baino gehiagok bat egin zuten momenturen batean finalaren euskarazko emankizunarekin. Eta, gainera, aintzat hartu behar da datu horiek etxeetako audimetroetakoak direla. Donostian eta Gipuzkoako hainbat herritan pantaila erraldoietan eman zuten finala, eta horien inguruan ere milaka lagun elkartu ziren.
Ospakizunen saio bereziak, gaur Â
Espainiako Kopa irabazi ostean, ospakizun eguna du gaur Realak. ETB1 eta ETB2 kateetan saio bereziak egingo dituzte gaur arratsaldean, ospakizunak zuzen-zuzenean emateko. ETB1eko Biba zuek! berezia 15:30ean hasiko da. Konexioak egingo dituzte hiriko hainbat gunerekin; Realaren autobusa Anoetatik abiatuko da, hiriko kaleetan egiten duen bideari jarraituko diote kamerek, eta 17:30ean hasiko da omenaldia, Alderdi Ederren, Donostiako udaletxean. Kiroletako taldeak gidatuko du saio berezia 17:30etik aurrera: Jon Balentziaga eta Ana Ramos ariko dira aurkezle lanetan. Emankizuna egiteko, EITBk helikoptero bat, bi drone, segway-a eta beste 11 kamera erabiliko ditu. ETB2 katean, Euskadi Quédate saio berezia emango dute, 17:45etik 21:00etara.
Euskadi Irratiak ere Hiru Erregeen Mahaia berezia egingo du, 17:45etik 22:00etara. EITBren hedabide digitaletan eta sare sozialetan ere ospakizunen berri emango dute.
BERRIAn ere zuzenean ikusi ahal izango da Realeko jokalarien harrera, berria.eus webgunean.
Athleticen penaltien marka
Nahiz eta larunbateko finalean ikusle datuak oso-oso handiak izan ziren, ez dira duela bi urte Athleticek eta Mallorcak jokatu zuten finalekoen parekoak izan. Orduko hartan, Athletici garaipena eman zion finalak %83ko ikusle kuota lortu zuten EAEn —inoizko daturik onena da—. Penalti historiko haietan, La1ko gaztelaniazko emanaldiak %69,1eko ikusle kuota izan zuen, eta ETB1ekoak, %13,9koa. Partidaren lehen 90 minutuetan eta luzapenean ere datuak oso onak izan ziren: lehen 90 minutuetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %55,5ek La1n ikusi zuten partida, eta %12-13 inguruk ETB1en. Luzapeneko 30 minutuetan, bestalde, %61,9k ikusi zuten La1ko emanaldia, eta %12,9k ETB1ekoa.