Futbola

Realak eta Athleticek Espainiako Kopako finalerako sailkapena izango dute jokoan gaur, Anoetan

Txuri-urdinak 0-1 nagusitu ziren joaneko partidan, eta gertuago dute finala. Dena den, duela hiru aste baino hobeto dira orain zuri-gorriak. Sekulako giroa espero da harmailetan.

Athleticeko Unai Gomez eta Realeko Jon Martin lehia betean, joaneko partidan, San Mamesen. LUIS TEJIDO / EFE
Athleticeko Unai Gomez eta Realeko Jon Martin lehia betean, joaneko partidan, San Mamesen. LUIS TEJIDO / EFE
jon eskudero
2026ko martxoaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Onerako edo txarrerako, gaurko data iltzatuta geratuko da Realaren eta Athleticen historian, bataren poza bestearen malko bihurtuko baita. Denboraldi osoaren parte handi bat partida bakar batean jokatuko dute bi taldeek, Espainiako Kopako finalerako sailkapena izango baitute jokoan, Anoetan. Errenta polita dute txuri-urdinek, 0-1 nagusitu zirelako duela hiru aste jokaturiko joaneko partidan, San Mamesen, Beñat Turrientesek sarturiko gol bati esker. Gaur-gaurkoz, beraz, Sevilla gertuago dago Donostiatik Bilbotik baino. Dena den, azken asteotan konfiantza eta autoestimua irabazi ditu Athleticek, eta jokalariek oraindik ez dute esan azken hitza. Gol baten aldea gutxienekoa da, eta irekita dago finalerdia. Bi taldeak sasoi onean direla lehiatuko dira, eta ikusi beharko da nork egingo duen gaua magiko. Sarrera guztiak salduta daude, eta harmailetan sekulako giroa espero da.

Matematikak garbi daude: Realari aski zaio berdinketa bat, eta Athleticek derrigorrean irabazi beharra dauka. Aurrekariak ikusita, lan nekeza izango du Ernesto Valverderen taldeak, Anoetara egindako azken hamalau bisitetan soilik behin lortu baitu irabaztea. 2017an 0-2 nagusitu ziren zuri-gorriak, ligako partida batean. Gainontzean, nahi eta ezin ibili dira azken urte luzeetan zuri-gorriak Donostian. Gainera, Realak sekulako bermea eskaintzen du Pellegrino Matarazzok taldea zuzentzeko ardura hartu zuenetik. Entrenatzaile aldaketa egin zuenetik, Realak hamabi partida jokatu ditu guztira, eta bakarra galdu du: Real Madrilen kontra izan zen, Santiago Bernabeun (4-1). Anoetan talde indartsua bihurtu da, eta emaitzak dira horren adierazle.

Bi taldeek dute bolada ona jokoan. Duela hiru aste joaneko partida jokatu zutenetik, dezente aldatu da testuingurua. Batez ere, Athletici dagokionez. Orduko hartan fisikoki eta mentalki lur jota zegoen taldea, eta Jon Uriarte presidenteak berak aitortu zuen ligan mailari eustea zela helburu nagusia. Bada, azken asteetan behetik gora egin dute zuri-gorriek. Ligan jokoan izandako azken hamabost puntuetatik 11 eskuratu dituzte, eta Europara begira jarri dira. Sasoi honetan estreinakoz hiru aste garbi izan dituzte jarraian, eta horrek jokalari garrantzitsuak berreskuratzeko balio izan dio Valverderi. Joaneko lehian ez bezala, gaur jokatzeko moduan egongo dira Dani Vivian, Yuri Berchiche, Oihan Sancet eta Alex Berenguer. Zalantzan zegoen Iñigo Ruiz de Galarreta deialdian egongo zen, min hartu baitzuen azken partidan, Rayoren aurka, baina Valverdek zerrendan sartu du. Nico Williams ez dago, min hartuta dagoelako.

Emaitzak lagun izan arren, Athleticen jokoak inor gutxi konbentzitu du. Otsailaren 11n Realaren kontra Kopan 0-1 galdu zuenetik ez du beste porrotik jaso. Irabazi egin die Oviedori (1-2) eta Elxi (2-1), eta pasa den asteburuan berdindu egin zuen Rayo Vallecanoren zelaian (1-1). Hori bai, jokoak zalantza ugari sortu du. Bada datu esanguratsu bat: Athletici izugarri kostatzen ari zaio atea hutsean mantentzea. Esaterako, 2026an jokatu dituen hamalau partidetan behin ere ez du lortu golik ez jasotzea. Bada, Kopako finalerako sailkatzeko lehen baldintza golik ez jasotzea luke Valverderen taldeak.

Historia, txuri-urdinen alde

Historia bere alde du Realak. Edozein lehiaketa aintzat hartuta, joan-etorriko kanporaketa batean hamazazpi aldiz aurrea hartu izan diote txuri-urdinek aurkariari joaneko partidan, eta soilik behin kanporatu dituzte itzulerako lehia galduta. Salbuespen hori 2026-2017ko denboraldian gertatu zen, Kopan, Lleidaren kontra. Donostiarrek 0-1 irabazi zuten Kataluniako lurretan, baina itzulerakoan sekulako irristada izan zuten, 2-3 galdu eta Kopatik kanpo geratu baitziren. Kolpe gogorra izan zen, Lleida Bigarren Mailako B taldea zelako. Dena den, gainerako hamasei aldietan hurrengo fasera igarotzea lortu izan du Realak.

Jokoz ez ezik, animoz ere laineza hartuta daude txuri-urdinak, eta bat egiten dute Matarazzoren joko proposamenarekin. Harmonia ona zelaian islatzen ari da, eta jokalari guztiek sentitu nahi dute olatuaren parte direla. Hain zuzen, gaur jokatzeko garaiz osatu da Orri Oskarsson. Baita Luka Sucic eta Ander Barrenetxea ere. Dena den, hiru horiek zail izango dute hasieratik jokatzea. Unai Marrero atezaina, berriz, hasierako hamaikakoan izango da, halaxe baieztatu baitzuen atzo prentsaurrekoan Matarazzok.

Alde nabarmena izan arren, nahiago du zuhur jokatu entrenatzaileak. «Oso partida garrantzitsua dugu aurrean, eta ilusioz beteta gaude, baina futbolean zentratu behar dugu. Nola jokatu eta nola irabazi pentsatu behar dugu, ez besterik». Reala irabaztera aterako da. «Ez dakigu beste ezertara jokatzen. Erasokorrak izango gara hasieratik, eta disputetan gogor egon beharko dugu. Tentsioa alde batera utziko dugu, eta kontzentratuta egotea izango da gure lehentasuna».

Valverdek, bere aldetik, zail ikusten du kanporaketari buelta ematea, baina ez ezinezko: «Ondo gaude, eta gure asmoa emaitza iraultzea izango da, nahiz eta jakin ez dela erraza izango. Abantaila dute, baina ez dago ezer erabakita. Gure jokoa egiten saiatuko gara, eta aurkariari gauzak zail jartzen. Dena emango dugu».

Reala-Athletic

Reala. Remiro; Aranburu, Jon Martin, Caleta-Car, Sergio Gomez: Gorrotxategi, Turrientes, Yangel Herrera; Carlos Soler, Guedes eta Oiartzabal.

Athletic. Padilla; Gorosabel, Vivian, Laporte, Yuri; Rego, Jauregizar; Iñaki Williams, Sancet, Berenguer; eta Guruzeta.

Epailea. Cesar Soto Grado. 

Lekua. Anoeta (40.000 ikusle).

Ordua. 21:00 (ETB1 eta Movistar+).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.