Realak Europan eman nahi dio jarraipena ligan egindako lan onari

Talde txuri-urdinak Lillestrom taldearen aurka jokatuko du, Norvegian, Europa ligako ligaxkako hirugarren jardunaldian. Bi taldeek puntu bakarra lortu dute aurreneko bi neurketetan. Marchal eta Lebarbier deialdian sartu ditu Matarazzok.

Realeko jokalariak Union Saint-Gilloiseri sartutako gola ospatzen. OLIVIER MATTHYS / EFE
Realeko jokalariak Union Saint-Gilloiseri sartutako gola ospatzen. OLIVIER MATTHYS / EFE
2026ko urriaren 21a
15:33
Entzun 00:00:00 00:00:00

Europan pauso bat ematea tokatzen zaio Realari. Horretarako, Espainiako ligan egindako lan onari segida eman beharko dio bihar, Europa ligan jokatuko duen hirugarren jardunaldiko partidan. Izan ere, Europan ez du nahi bezala hasi ligaxka, lehen bi partidetan puntu bakarra eskuratu baitu. Biharko norgehiagoka Norvegiako Lillestrom taldearen aurka izango da, Arasen zelaian (21:00, Movistar+). Realaren 430 zale inguru joango dira taldea animatzera.

Joan eta etorriko partidetan ongi moldatzen dela erakutsi du talde txuri-urdinak ligan, eta horri jarraipena eman nahiko dio biharko neurketan. Norvegiara egingo duen bidaia garrantzitsua izango da Europan duen helburua bete ahal izateko. Taldea Donostiara hiru puntuekin itzultzen ez bada, oso zaila izango du lehen zortzi postuetan sailkatzea, ia ezinezkoa. Gainera, geratzen zaizkion partidetan maila altuagoko taldeen aurka aritu beharko du: Lyon, Crystal Palace, Juventus... Beraz, nahiz eta partida askoko asteak izan, hamaikakoan txandakatze gutxi egotea espero da. Deialditik kanpo geratu dira Aramburu, Yangel Herrera eta Odriozola; Norvegiara bidaiatu dute, berriz, Marchalek eta Lebarbierrek.

Ligan bosgarren postuan da Reala, eta azken 21 puntuetatik hamabost eskuratu ditu. Golak sartzen ari da taldea, eta azken norgehiagokan aurrelariek konfiantza hartzeko aukera izan zuten. Oiartzabalek eta Kubok denboraldiko lehen gola sartu zuten Malagaren aurka. Kapitainak ez du esperotako sasoi hasiera izan, bederatzigarren jardunaldian sartu baitu lehen gola. Kuboren kasua are aipagarriagoa da; izan ere, ia hamar hilabete zeramatzan aurkariaren atea zulatu gabe. Bere azken gola duela 302 egun sartu zuen, iazko abenduaren 20an, Levanteren aurka. Horiez gain, Oskarssonek eta Guedesek gola sartzea lortu zuten. Bestalde, Gorrotxategik eta Fortek denboraldiko partidarik onena osatu zuten. Baliteke Matarazzok jokalari horiei berriz jokatzeko aukera ematea eta Lillestromen aurka hamaikakoan izatea. 

Nahiz eta ligan bosgarren postuan egon, jada hamazazpi gol sartu dizkiote Realari. Hori da oraindik ere hobetu beharreko arlo garrantzitsuenetako bat. Denboraldi honetan orain arte ikusi den bezala, Ligan garaipenak lortzeko nahikoa da, baina Europan ez; izan ere, Europan aurkariek aukera gutxiago eginda sartzen diote gola, eta Realak ere gol aukera gutxiago izaten ditu. Beraz, garrantzitsua izango da defentsako lana.

Denboraldi honetan berriz ere Lehen Mailan jokatzen dabil Lillestrom; talde igo berria da. Liga amaitzeko sei jardunaldiren faltan seigarren postuan dago, 36 puntu bilduta, eta Europako postuetan bukatu nahi du. Norvegiako liga martxotik abendura jokatzen da. Europa ligan, Realak bezala, puntu bakarra eskuratu du orain arte, Sparta Pragaren aurka: 1-1. Gainera, oraindik ez du atea hutsean uztea lortu. Lehen jardunaldian, Portugalgo bigarren mailan jokatzen duen Torreenseren aurka 1-2 galdu zuen etxean. Beraz, ez du hasiera ona izan.

Aurpegi ezagun bat

Norvegiako taldeak bigarren mailan jokatzen zuen aurreko denboraldian, eta Kopari esker lortu zuen Europarako sailkatzea. Finalean 3-1 irabazi zion Sarpsborg taldeari. Europa ligako ligaxkan egoteko kanporaketa bat jokatu behar izan zuen, eta bertan Albaniako Egnatia taldea garaitu zuen.

Aurreko denboraldian, Bigarren Maila partidarik galdu gabe irabazi zuen. Aurretik, taldeak 45 denboraldi egin zituen jarraian gorenean, 1975etik 2019ra bitarte. Gainera, bost liga irabazi ditu bere historian, baina azkena 1989. urtean irabazi zuen. Zazpi aldiz lortu du Norvegiako Kopa altxatzea; azkena aurreko denboraldian. Horrez gain, 2017an eta 2007an lortu zituen Kopako azken tituluak.

Taldeko entrenatzailea Hans Erik Odegaard da, Martin Odegaard Realeko jokalari ohiaren aita. Lillestromek baditu kontuan hartu beharreko jokalari batzuk: Lars Langer, Gustav Nyheim, Felix Va eta Thomas Olsen, besteak beste.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA