Txirrindularitza

Israel kirol lehiaketetatik kanporatzeko eskatu du Sanchezek

Espainiako presidenteak esan du Israel bere irudia «zuritzen» ari dela. Txirrindulariei «errespetua» eta «miresmena» diela azaldu du, eta protestak modu «baketsuan» egin behar direla nabarmendu.

Vueltako azken etapako tentsio uneak, Madrilen. RODRIGO JIMENEZ/EFE
Vueltako azken etapako tentsio uneak, Madrilen. RODRIGO JIMENEZ/EFE
2025eko irailaren 15a
15:14
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Vueltako azken etapan gertatutakoak zirimola eragin du Madrilen, eta erreakzio andana izan dira. Hala, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak eskea egin du Israel kirol lehiaketetatik kanporatzeko: «Zergatik kanporatu zuten Errusia Ukrainako inbasioaren ostean, eta ez dute Israel kanporatu Gazakoaren ostean?», galdetu du. PSOEko diputatu, eurodiputatu eta senatariek Madrilgo kongresuan egin duten bilera batean egin ditu hitz horiek Sanchezek. Vueltan izandako gertakarien harira hitz egin du, eta, kirolariei «errespetua» eta «miresmena» adierazteaz gain, gizarteak izan duen jarrera goraipatu du: «Gizartearenganako miresmena eta errespetua sentitzen ditugu; bidegabekerien aurrean mobilizatu eta beren ideiak modu baketsuan adierazten baitituzte».

Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak, berriz, esan du berak «munduko bakearekin konprometituta dagoen gizarte baten irudia» ikusi zuela atzo. «Gehiengo handi batek manifestatzeko eskubidea gauzatu zuen, eta estatuko segurtasun indarrek bide eman behar zioten gehiengo baketsu horrek zuen manifestatzeko eskubideari».

Yolanda Diaz Sumar alderdiko buru eta Espainiako Gobernuko lehendakariordea ere protesten alde mintzatu da, eta eskatu du Israel kirol eta kultur ekitaldietatik kanporatzeko. «Ezin du halakoetan parte hartu genozidio bat egiten ari den bitartean», azpimarratu du.

Alberto Nuñez-Feijoo PPko buruak, ordea, kritika zorrotzak egin dizkio Sanchezi. «Patrioten arteko indarkeria hauspotzen duen presidente arduragabe bat ezin da egon gobernu baten buruan».

Guillenen gaitzespena

Javier Guillen Vueltako zuzendari nagusiak ere adierazpenak egin ditu hedabideen aurrean, eta esan du manifestarien eta kirolarien arteko bizikidetza «posible» zela. Horrez gain, gaitzetsi egin ditu atzo Madrilen gertatutakoak: «Atzo gertatutakoa deitoratu eta gaitzetsi nahi dut. Irudiak ikusi besterik ez dago ikusteko hortik ezin dela ezer positiborik atera». Vueltaren esanahia eta balioa ere azpimarratu ditu Guillenek: «Vuelta lasterketa bat da, kirola da. Ongi iruditzen zaigu jendeak ekitaldi hau aldarrikapenak egiteko erabiltzea, baina, guk errespetatzen dugun bezala, kirolarienganako errespetua ere exijitzen dugu». 

Euskal Herrian, Galizian eta Madrilen izan dira aldarrikapenak, eta Guillenek zer aurreikuspen zituzten aipatu du: «Turinen [Italia] ez genuen pentsatu ere egiten halakorik gertatuko zenik. Sekula bizi izan dudan Vueltarik gogorrena izan da. Vuelta mundu mailako ekitaldi bat da, eta hori izan da gertatu den guztiaren arrazoietako bat. Bestalde, Israel Premier Tech taldeari lasterketa uzteko gonbidapena egin zion Vueltako antolakuntzak, eta zuzendariak Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) hartutako jarrera azaldu du: «Zer gertatzen ari zen azaldu genien, eta euren jarrera komunikatu baten bidez azaldu zuten, Israelgo taldeak lasterketan segituko zuela esanez. Guk ezin genuen ezer egin, eta haien baimenik gabe jarduteak gero ondorio legalak ekar zitzakeen». Horren inguruan ere Vueltak jarrera «neutrala» hartu duela adierazi du.

Lasterketa igaroko zen guneetan ibilbidea trabatzeko abisuak behin eta berriro eman ziren, baina Guillenek euren asmoa azaldu du: «Behin ere ez genuen pentsatu Madrilgo azken etapa bertan behera uztea. Ezarritako segurtasun neurriak nahikoa zirela pentsatu genuen». Hala ere, pozik agertu da lasterketa Madrilera iritsi delako: «Lasterketa boikotatzeko deialdia egiten denean, kalteak sortzen dira. Gu ez gara gatazka bila ibili, eta ez dugu nahi garaipen gisa hartzerik hara iritsi izana, baina lasterketa osatzea lortu dugu». 

Gertakari hauek ekarri dituzten ondorioen inguruan, Vueltak Espainian duen garrantzia azpimarratu du Guillenek: «Txirrindularitza zaurgarria da. Horrela ez izateko esperantza daukat. Lasterketa aurrera eramateko lanean jarraituko dugu; izan ere, dagoen ekitaldirik garrantzitsuenetako bat da. Guztiok egin behar dugu apustu Vueltaren alde». 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (3)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.