BDZk Arabako Foru Aldundiari eskatu dio «ateak ixteko» Buesa Arenan Israelgo taldeek jokatzeari

Neurri eraginkorrak eskatu dizkio Gonzalezi, Buesa Arena aldundiaren esku dagoela gogorarazita. Palestinarekiko elkartasun taldeek aurten ere mobilizazioak egingo dituztela iragarri dute.

Baskoniak Maccabiren aurka jokatu zueneko protesta, aurtengo otsailean. RAUL BOGAJO / FOKU
Baskoniak Maccabiren aurka jokatu zueneko protesta, aurtengo otsailean. RAUL BOGAJO / FOKU
unai etxenausia
2025eko irailaren 15a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako BDZ plataformak eskaria helarazi dio Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezi: bere eskumenen barruan dauden neurriak har ditzala Israelgo taldeek Gasteizko Buesa Arenan joka ez dezaten. Plataformak gogorarazi du pabiloia aldundiaren jabetzakoa dela, eta, beraz, azken erabakia Gonzalezen esku dagoela.

Eskaera hori Espainiako Vueltaren azken etapan gertatutakoen ondoren iritsi da. Izan ere, Israel Premier Tech taldearen parte hartzearen aurkako protestek antolatzaileak behartu zituzten etapa bertan behera uztera. Testuinguru horretan, BDZk ohar bidez azpimarratu du «intentzio adierazpen hutsak» ez direla «aski», eta «neurrri praktiko eta eraginkorrak» exijitu dizkio Gonzalezi.

Ahaldun nagusiak joan den astean adierazi zuen «betebehar etikoa dela Gazako genozidioaren aurrean ahotsa altxatzea», eta Israelgo taldeak Euroligatik kanpo uztearen alde agertu zen. Hala ere, plataformak ohartarazi du orain koherentzia behar dela: «Ez da nahikoa esatea kanporatu behar dituztela; zure esku dago kanporatzea».

Arabako Batzar Nagusietan aurretik ere izan dira eztabaidak gaiaren inguruan. Martxoan, Elkarrekin Arabak mozio bat aurkeztu zuen Gazako genozidioa salatzeko eta Baskoniari Maccabiren partida bertan behera uzteko eskatzeko. Azkenean, EAJk eta PSEk aurkeztutako testu alternatiboa onartu zen, non Hamasen eta Israelgo armadaren erasoak batera gaitzesten ziren, baina genozidio hitza erabiltzea baztertuta.

Jarrera aldatuz gero, plataformaren esanetan, Gonzalezek orain erabaki historikoa hartzeko aukera du: «Bere esku dago Buesa Arenako ateak ixtea, eta horrek erakutsiko luke hitzak ez direla soilik adierazpen hutsak».

Baskoniak zer?

Baskoniak ere bere jarrera argitu zuen joan den astean. Felix Fernandez kirol zuzendariak adierazi zuen taldearen jarrera bat datorrela Euroligaren erabakiekin: «Euroligak ez badu bestelako jarraibiderik ezartzen, Maccabi eta Hapoel taldeek lehiatzen jarraituko dute». Fernandezek gaineratu zuen, hala ere, egoera «ez dela erraza inorentzat» eta klubak «edozein indarkeria mota» gaitzesten duela.

Baskoniaren jarraitzaile batzuek eta Gasteizko hainbat eragile sozialek urteak daramatzate Israelgo saskibaloi taldeek armadarekin duten harremana salatzen. Palestinarekin Elkartasuna plataformak ere adierazi zuen «zuriketaren» aurka protestan jarraituko zutela. Haien ustez, Maccabi, Hapoel eta antzeko taldeak «Israelgo erregimen arrazista eta koloniala zuritzeko tresna» dira. Horregatik, talde israeldarren bisitetan aurten ere mobilizazioak antolatzeko deia egin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.