Eusko Label Ligaren goiko sailkapenean estu ari dira lehiakideak; asteburua izan da norgehiagoka horren isla. Larunbatean Aresen (Galizia) Hondarribiak irabazi eta sailkapenaren buruan jarri bazen ere, atzo Santurtzi gailendu zen Boiron (Galizian), eta bizkaitarrak berriro jarri dira buru.
Igandean Boiroko banderan ere emozioa pil-pilean izan zen. Santurtzi eta Zierbena batera iritsi ziren, eta azkenean epaileek helmugako argazkiaren beharra izan zuten lehenik nor ailegatu zen ikusteko. Hirugarren hondarribiarrak izan ziren, eta orain santurtziarrengandik bi puntura daude. Larunbatean bezala, Lekittarra ez zen lehiatu, zenbait arraunlarik positibo eman zutelako koronabirusaren proban.
Bi jardunaldi geratzen dira Eusko Label Liga amaitzeko, baina eten bat egingo du hurrengo bi asteetan Kontxako Bandera jokatu dadin. Sailkapenaren beheko partean argitu dira kontuak. Kaiku jaitsi egingo da denboraldi honetan, eta Zarautzek postuari eusteko estropada jokatu beharko du irailaren 19an eta 20an Bermeon eta Portugaleten. Gipuzkoarrek estropada erabakigarria jokatu zuten atzo Aresekin, postuari eusteko lehian, baina Ares nagusitu zen lehen, txanda irabazita. Zarauztarrak hirugarren izan ziren, horien eta Ondarroaren atzetik.
1 SANTURTZI 154
2 HONDARRIBIA 152
3 ORIO 138
4 BERMEO URDAIBAI 137
5 ZIERBENA 135
6 DONOSTIARRA 131
7 CABO 95
8 LEKITTARRA 74
9 ONDARROA 71
10 ARES 65
11 ZARAUTZ 63
12 KAIKU 40