Hankaz gora jarri du Euskal Herriko Itzulia 19 urteko Paul Seixas txirrindulariak (Decathlon). Bilbon hasi eta bukatu den erlojupeko motz bezain gogorrean, alde handia atera die Itzulia irabazteko beste bi hautagai nagusiei: Isaac del Torori (UAE) 50 segundo atera dizkio, eta Juan Ayusori (Lidl-Trek), berriz, 1.16 minutu. Profesionaletan urte eta erdi besterik ez daraman arren, Seixasek lehen garaipena eskuratu du gaur World Tour mailako proba batean, eta mahai gainean kolpea eman profesionaletako bere lehen itzulia irabazteko. Kevin Vauquelin (Ineos) geratu da bigarren, 23 segundora, eta Felix Grossschartner (UAE) hirugarren, 27 segundora. Primoz Roglic (Red Bull) geratu da podiumetik pauso batera. Itzuliaren historian erlojupeko gehien irabazitako txirrindularia den arren —bost irabaziak ditu guztira—, laugarren egin du, liderrarengandik 28 segundora.
Bederatzi urteren ondotik, beste izen bat agertu da Itzuliko erlojupekoa irabazi dutenen zerrendan. Izan ere, 2017tik jokatutako erlojupeko guztiak Roglicek eta Maximilian Schachmannek irabazi dituzte —lehena bost aldiz gailendu da, eta bigarrena, berriz, bi aldiz—, eta lehenago gailendu ziren guztiak erretiratuta daude. Gaur, beraz, Seixasek joera hori eten du, eta bere izena Itzuliaren historian sarrarazi. Uda beteko giroan, frantziarrak erlojupeko bikaina osatu du hasi eta buka, hark ezarri baititu denborarik onenak helmugara iritsi aurreko bi mugarrietan, hau da, indartsuena izan da. Dena den, baliteke erabakigarria izatea Decathlon taldeak hartu duen erabaki hau: Seixas Ayuso eta Del Toro baino lehenago atera da, aurreikuspenen arabera litekeena baitzen haizeak gogorrago jotzea arratsaldeak aurrera egin ahala. Mexikarrak eta kataluniarrak amaierara arte itxaron dute pedalei eragiten hasteko, eta haizeak kalte egin die. Hala ere, Seixas oso nagusi izan da.
2021eko Itzuliko erlojupeko bera osatu dute txirrindulariek. 13,8 kilometroko ibilbidean ez dute tarterik izan arnasa hartzeko. Hasi eta berehala, Egirletako igoera izan dute parean. Horren ondoren, jaitsiera azkar bat, eta helmugara iritsi aurreko azken malda Etxebarria parkean barrena. Erlojupekoa irabazteko hautagai nagusien artean, Roglic izan da irteten lehena. Esloveniarra izan zen garaile orain bost urteko erlojupekoan ere, baina gaur ez du denbora hura hobetzerik izan. Nolanahi ere, ordura arteko markarik onena ezarri du.
Poztasunak, baina, gutxi iraun dio Red Bull taldeko txirrindulariari, Seixasek berehala ondu baitu esloveniarraren denbora, eta, gero, ez da altxatu denbora onena egindako txirrindulariaren aulkitik. Amaierara arte itxaron behar izan du, baina. Azken orduan atera dira Del Toro eta Ayuso, eta, lehen mugarritik beretik, Seixasek hamalau segundoren aldea atera dio mexikarrari, eta 24rena kataluniarrari. Helmugan alde horiek handitu egin ditu, gainera.
Ineos eta Red Bull taldeek pozik egoteko moduan jardun dute, bakoitzak bi txirrindulari sartu baititu lehen hamar sailkatuen artean. Erresuma Batuko taldean, Vauquelinek bigarren egin du, eta Andrew Augustek zazpigarren. Alemaniakoan, berriz, Roglicek laugarren egin du, eta Florian Lipowitzek seigarren. Sailkapen nagusira begira, badirudi Red Bull taldeak bi karta dituela mahai gainean Seixasi maillot horia lapurtzen ahalegintzeko. Esloveniarrak eta alemaniarrak minutu erdira dute frantziar gaztea.
Euskal ziklistei dagokienez, berriz, bat bera ere ez da sartu hamar onenen artean. Pello Bilbaok (Bahrain) egin du denborarik onena: hamazazpigarren geratu da, Seixasengandik 53 segundora. Mikel Landak (Soudal) eman du ezustekorik handiena. Azkena izan da irteten, eta hemeretzigarren postuan amaitu du erlojupeko lana, Seixasengandik 55 segundora. Kontuan izanda orain arte Landaren gabezia handienetako bat erlojupekoa izan dela, lan bikaina osatu du. Txanponaren beste aldean, Ion Izagirre (Cofidis) atzerago sailkatu da, Seixasengandik 1.01era. Izagirrek lan ona egin nahi du bere azken Itzulian. 2019an txapela jantzi zuen, eta guztira sei aldiz izan da hiru onenen artean.
Bihar, Done Mikel Aralarkoa
Bihar, Iruñetik atera eta Mendukilloko kobetarantz abiatuko da tropela. 164 kilometroko saioa izango da, eta lau mendatek osatuko dute. Gogorrena, Done Mikel Aralarkoa izango da, lehen mailakoa baita: 9,5 kilometroko igoera da, eta %7,7ko pendiza du batez beste. Zementuzko zoru lakarrak areagotu egingo du igoera horren berezko zailtasuna. Helmugatik hogei kilometrora du tontorra, eta ikusteko dago faboritoen artean zenbateko aldeak sortzen dituen.