Urte berrian sartzearekin batera, zalantzak eta galderak izango dira nagusi erremontisten artean. Oriamendi 2010 enpresak jakinarazi zuenez, 2026a izango da erremontearen kudeaketaz arduratuko den azken urtea, eta aurreikuspenen artean dago etorkizun iluna izatea. Joxemari Barrenetxea enpresako arduradunak aitortu zuen «osasun arazo larriak» izan dituela aspaldian, eta erretiroa hartuko duela. Ondorioz, kezka da nagusi pilotarien artean. Ordea, egun batez gutxienez, bulegoko kontuei atea itxi eta kantxako lanean murgilduko dira protagonistak. Besteak beste, ostiral honetan jokatuko baitute Binakako Erremonte Txapelketako finala bi bikote onenek, Hernaniko Galarreta pilotalekuan (Gipuzkoa): Imanol Ansa-Aritz Zubirik eta Josetxo Ezkurra-Iban Larrañagak. Urtea txapela jantzita abiatu nahi dute lau pilotariek.
Txapelketa osoan distiratsu aritu dira bi aurrelariak, eta baliteke finaleko gakoa atzelarien jardunean egotea. Konfiantzaz eta ilusioz daude Zubiri (Goizueta, Nafarroa, 1987) eta Larrañaga (Azkoitia, Gipuzkoa, 1992). Txapelketa aurkeztu zutenetik finalean sartzea zuten helburu, eta pozik daude. Zubiri: «Nire bigarren parte hartzea da txapelketa honetan, eta sekulako ilusioa egiten dit finalean egoteak. Finala jokatu eta hiru egunera beteko ditut 39 urte, eta opari galanta egingo nioke neure buruari txapela jantziz gero». Ansak eta Zubirik zuzenean lortu zuten finalerako sailkapena. Ezkurra II.ak eta Larrañagak finalerdia irabazi zieten joan den larunbatean Kemen Aldaberi eta Xabier Azpirozi. «Uste baino errazago gailendu ginen, eta indartsu ailegatuko gara finalera. Konfiantza betean gaude», adierazi du Larrañagak.
«Finala jokatu eta hiru egunera beteko ditut 39 urte, eta opari galanta egingo nioke neure buruari txapela jantziz gero»
ARITZ ZUBIRI Erremontista
Ezbairik gabe, bi bikoteetan aurrelariak nabarmendu dira orain arte. Egungo izarra da Ansa, eta haren osagarri onena izaten saiatu da Zubiri. «Ansarekin jokatzea erraza da, eta ni saiatu naiz nire lana ongi egiten. Sakeari etekina ateratzea izan da nire lanetako bat, eta piloteoan duin aritzea. Ongi aritu naiz, sasoiko». Larrañagak ere lan bikaina egin du orain arte; sakean, bereziki. «Fresko sentitzen naiz. Gozatu egin dut azken partidetan, eta uste dut Ezkurra II.a eta biok sasoi oso onean gaudela». Bi atzelariek garbi dute zein izango den euren eginkizuna finalean: aurrelariei pilota kentzea. «Tentsioari eta urduritasunari eusten ere asmatu beharko dugu», gaineratu du Zubirik.
Hirugarrena, edo lehena
Horretan eskarmentu handiagoa du Larrañagak. Izan ere, dagoeneko baditu bi txapel binakakoan. Javi Urrizarekin irabazi zuen 2019an, eta Beñat Segurolarekin 2022an. «Balentria polita egingo nuke hirugarren aurrelariarekin txapela irabaziko banu». Lehenengo aldiz igo nahi du podiumaren gorenera Zubirik. «Sekula ez dut finala jokatu, eta probatu nahi dut zer sentitzen den txapeldun izanda». Aurrekariak Ansaren eta Zubiriren aldekoak dira. Esaterako, finalerdi kutsuko partida jokatu zuten bi bikoteek, eta azken jokoan 8-6 irabazita lortu zuten finalerako sailkapena urnietarrak eta goizuetarrak. Larrañagak gogoan du partida hura. «Aurretik joan ginen 5-0 azken joko horretan, eta galdu egin genuen. Une erabakigarrietan ez dugu asmatu orain arte, eta detaile horiek zaindu beharko ditugu finalean».
«Balentria polita egingo nuke hirugarren aurrelariarekin txapela irabaziko banu»
IBAN LARRAÑAGA Erremontista
Erremontearen etorkizunari begiratzerako garaian, betaurreko ezberdinak dituzte Zubirik eta Larrañagak. Bere ibilbidearen bukaera gertu ikusten du goizuetarrak. «Partiden ondorengo biharamunak gogorrak dira niretzat, fisikoki ez naizelako lehengoa. Gertu ikusten dut erretiroa, baina pena litzateke erretiratu behar izatea jarraitzeko aukerarik ez dudalako». Larrañaga baikor da. «Ilusioa badugu aurrera begira. Era batera edo bestera aterako da zerbait. Lanak ematen jarraituko dugu».