Arrauna

Urdaibaik itsaso zakarrean eskuratu du ligako bigarren bandera

Bermeoko ontziak nagusitasunez irabazi du Castro-Urdialesen: Getaria eta Hondarribia sailkatu dira haren atzetik, eta biei hamabi segundo atera dizkie. Orio laugarren postuan sailkatu da, 22 segundora.

Asier Zurinaga. AITOR ARRIZABALAGA
Asier Zurinaga, Urdaibaiko patroia, garaipena ospatzen. AITOR ARRIZABALAGA
2026ko uztailaren 11
20:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Bospasei traineru ariko gara irabazteko lehian». Hala esan zion Asier Zurinaga Urdaibaiko patroiak BERRIAri aste honetan egindako elkarrizketan. Esan, eta gertatu ere bai, Urdaibaik irabazi baitu gaur Castro-Urdialesen (Espainia) jokatu den Eusko Label ligako bosgarren bandera. Bigarren itzulian da estropadaren buruan, eta indartsu eutsi diote aldeari, baita handitu ere. Bou Bizkaia ontziak, horrenbestez, denboraldiko bigarren bandera irabazi du. Bigarren eta hirugarren Getaria eta Hondarribia izan dira, hurrenez hurren: irabazleak baino hamabi segundo gehiago behar izan dituzte helmugan sartzeko. Orio, berriz, laugarren izan da, 22 segundora.

Hasiera zaila izan du Urdaibaik; izan ere, Mikel Ojedari arrauna hautsi zaio, eta Zurinagak zuzenean «Ojeda gabe goaz» oihukatu du. Metro batzuk igaro ondoren, baina, Urdaibaiko istriborrekoak arrauna berreskuratu du, eta ez du gainontzeko taldekideen erritmoari jarraitzeko oztoporik izan.

Lehen luzean, Orio eta Getaria nor baino nor gehiago aritu dira. Hala ere, Bou Bizkaia-k bigarren luze hasieratik lortu du haien pare jartzea, eta Orio pixkanaka atzean geratzen hasi da. Zierbenarentzat estropada osorako okertu da arratsaldea, Carlos Palazuelos aurrekalariari arrauna hautsi baitzaio, eta ezin izan baitu jarraitu. Ikustekoa izan da aurreko txopatik ezer egin ezin zuenean nola bultzatu dituen taldekideak. Bat gutxiagorekin, baina, ez du gehiago egiterik izan Galipo-en ontziak, eta seigarren postuan sailkatu da. Urdaibain, ordea, pozarren zeuden. «Hasieran estutuz joan gara, baina ongi amaitu dugu», esan du Mikel Calleja Urdaibaiko arraunlariak.

Azken zatian elkarri mokoka aritu dira Urdaibai eta Getaria. Bermeoko (Bizkaia) ontziak azken metroetan aldea hartua zuela zirudienean, Esperantza ontziak olatua hartu, eta berriro ere Bizkaiko traineruaren pare jarri da. Bi ontzi horiek, baina, gainean zuten Hondarribiak lehen txandan egin duen denbora. Sanferminetako entzierroan adarra bizkarretik gertu dagoen zezena zen Hondarribia, eta Urdaibai eta Getaria, aurretik animaliaren arnasa hurbil sentitzen zuten lasterkariak. Azken 400 metroetan olatua hartu du Urdaibaik, eta hori izan da azken unean ateratako aldearen gako nagusia. Estropada irabazita, Urdaibai Oriorengandik puntu batera jarri da Eusko Label ligako sailkapenean.

Donostiarra, oker

Bigarren txandak ere eman du zeresana. Donostiarra zuzen eta egoki joan da lehenengo bi luzeetan. Bigarren horretan, baina, baliza jo, eta 36 segundo galdu ditu. Hondarribiak nabarmen ihes egin badio ere, San Juan eta Ondarroa aurkariengandik ere urrun kokatu da. Hau izan da gaurko itsaso gaiztoaren beste adibide bat, baina, oztopoa izanik ere, egoerari nolabait buelta ematea lortu du Igor Makazagak zuzendutako taldeak.

Azkenerako, olatu baten bultzadaz, Ondarroa baino lehenago sartu da, eta zazpigarren postua bereganatu du. Lehenengo txandan, Isuntza izan da garaile. Lekeitioko ontziak goitik behera gobernatu du txanda, eta beste behin estropada ona osatu du Markel Akarregiren taldeak. Biharko estropada Orion (Gipuzkoa) jokatuko da (12:15, ETB1).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA