Euskal Herriko sokatiralariak harro egoteko moduan dira, uzta oparoa jaso berri baitute Goma Gaineko Munduko Txapelketan, Taiwanen. Urrezko dominarik ez dute eskuratu, baina guztira zortzi domina jantzi dituzte: zilarrezkoak bost eta brontzezkoak hiru. Zortzi domina horietatik hiru kluben arteko txapelketan lortu dituzte, eta gainerako guztiak nazioartekoan. Hortaz, euskal selekzioa oso goian utzi dute tiralariek, eta balorazio positiboa egin du Galder Gobantes Euskadiko Herri Kirol Federazioko ordezkariak (Zeberio, Bizkaia, 1987). «Oso lan duina egin dugu, eta balorazioa bikaina da. Egia da arantzatxo bat badugula barruan urrezko dominarik irabazi ez dugulako, baina txapelketan ikusi dugun maila aintzat hartuta, meritu handikoa da zortzi domina irabazi izana. Izugarri pozik gaude».
Lau egun iraun duen txapelketan, lehen bi egunetan kluben arteko tiraldiak izan dira, eta zilarrezko domina Abadiñoko gizonezkoen taldeak lortu du, 560 kilokoan. Abadiño bera hirugarren geratu da gizonezkoen 600 kilokoan, eta Ibarrako emakumeek ere brontzearekin konformatu behar izan dute 540 kilokoan. Hiru aldiz podiumera igotzea sari handia izan dela onartu du Gobantesek. «Ibarrak bikain ekin zion lanari emakumeetan, baina ezin izan zuen urrea lortu. Ezta Abadiñok ere gizonezkoetan. Asiako kluben nagusitasuna handia izan da. Japoniarrek eta taiwandarrek harrituta utzi gaituzte nola tiratzen duten ikusita, eta ez dugu urreagatik borrokatzeko aukerarik ere izan».
Oparoagoa izan da euskal ordezkariek nazioarteko txapelketan jasotako uzta. Besteak beste, euskal selekzioak zilarra lortu du gizonezkoen 560 kilokoan, emakumeen 540 eta 500 kilokoetan, eta mistoko 580 kilokoan. Brontzea, berriz, gizonezkoen 600 kilokoan iritsi da. «Euskal selekzioak bost domina janztea oso gauza handia izan da. Lau zilarrezkoak izan dira, gainera. Nazioarteko lehia azken bi egunetan jokatu zen, eta gure tiralari batzuk nekatu samar iritsi ziren egun horietara, kluben artekoen lehian lan handia egiteagatik. Halere, oso duin borrokatu ginen, eta lantalde osoa oso pozik dago emaitzarekin».
Gobantesen esanetan, Taiwan izan da herrialderik indartsuena, eta ezer gutxi egiteko aukera izan dute gainerakoek. «Urrezko domina guztiak eskuratzea zen haien helburua, eta proba batean izan ezik, beste guztietan lehenengo postuan sailkatu dira. Sekulakoa da tiralariek daukaten diziplina eta nortasuna. Orain dela hamabost urte Euskal Herrian izan ziren gurekin sokatirari buruzko sekretuak ezagutzen, eta begira zer-nolako maila hartu duten». Taiwanen sokatira unibertsitatean lantzen dute. «Herrialde osoak modu berezian bizitzen du sokatira. Tiraldi guztietan giro berezia sumatu dugu, harmailetan jende pila bat bildu da, eta zoragarria izan da txapelketa honetan parte hartzea. Profesionalak sentitu gara».
Aurrera begira
Bidaia aprobetxatuz, euskal tiralari gehienak Taiwanen geratu dira beste egun batzuez, herrialdea ezagutzeko eta talde giroa sustatzeko. «Gure artean eduki dugun giroa bikaina izan da. Elkar animatuz ibili gara egunero, eta tiralari gehienak podiumera igo dira. Horrek asebete egiten gaitu». Hain zuzen, elkarren artean giro ona sustatzea gakoa da etorkizuneko erronkei begiratzeko, Gobantesen esanetan. Euskal ordezkariek bi erronka dauzkate begiz jota: aurten Hegoafrikan jokatuko den Lur Gaineko Munduko Txapelketa, eta datorren urtean Italian izango den goma gainekoa. «Egun batzuez atseden hartu ondoren, bi konpromiso horiek prestatzen hasiko gara».